Montserrat Auzmendi
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Carl Orff-en Carmina Burana. La Fura dels Baus. Eszena zuzendaria: Carles Padrissa. Iruñeko Orfeoia. Zuzendaria: Igor Ijurra Fernandez. Gaztela eta Leongo Orkestra. Zuzendaria: Alejandro Posada. Bakarlariak: Amparo Navarro (sopranoa), Xavier Sabata (kontratenorra), Thomas Bauer (baritonoa). Lekua: Kursaal Auditorioa. Eguna: abuztuaren 4an.
Obra klasiko baten “autorezko” muntaketa berezi baten aurrean jartzen garenean, nolabait aukera bat egin behar dugu: edo saiatzen gara obraren betiko edertasunak bilatzen bertsio berrian, edo ahazten dugu betidanik obra horretatik liluratu gaituena, estetika-mundu berri batean murgiltzeko. Eta, egia esan, gehienetan bi lerro hauen nahasketa egin behar da berritasunaz disfrutatzeko, edo berritasuna gorrotatzeko.
Hauxe izan da, bada, Hamabostaldiko lehenengo egunean topatu duguna. Carl Orff-en Carmina Burana XX. mendeko klasiko garrantzitsua izan da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 70. edizioa inauguratzeko aukeratutako obra. Liluragarria eta aski ezaguna den lan honentzat La Fura dels Baus-ek egindako bertsio bitxia eskaini da aldi honetan. Izan ere, muntaketa honen erabateko estreinaldia izan da Hamabostaldian antzeztutakoa.
Espektakulua ikusi eta entzun ondoren, benetan zaila da emaitzari buruz hitz egitea, gustatu zaigun ala ez esatea. Baina, zerbait garbia ateratzeko, goazen disekzio txiki bat egitera.
Alde musikala ondo salbatuta geratu zen, nahiz eta diskretua izan. Iruñeko Orfeoia, Igor Ijurra Fernandezen zuzendaritzapean, ongi aritu zen. Hala ere, deskonpentsazio batzuk sumatu genituen emakumeen ahotsetan, eta konpaktazio eza nabaria izan zen une dexentetan. Bestela, segurtasunez abestu zuten, dudarik gabe.
Gaztela eta Leongo Orkestrak, bere aldetik, primerako aktuazioa egin zuen. Haizezko sekzio sendoa luzitu zuten, eta Alejandro Posadak, taldearen zuzendari titularrak, kemena eta doitasuna eman zizkion interpretazioari.
Bakarlariak, orokorrean, sendo aritu ziren. Xavier Sabata kontratenorrak, adibidez, bere onena eman zuen Olim lacus colueram pasartean, nahiz eta posizio deserosoa izan –garabi batetik zintzilik–, eta bai Thomas Bauer baritonoak, bai Amparo Navarro sopranoak ahots ederrak erakutsi zituzten.
Eszena zuzendaritza eta eszenografiarekin, aldiz, zalantza gehiago dugu. Inpaktantea izan zen muntaia, bai, eta ikusleen atentzioa deitu zuen. Baina, egia esan, nahiko erraza da deigarria gertatzea taula gainean neska bat arroparik gabe urez beteriko kristalezko kupel batean ipintzen bada, abeslariak gora eta behera garabian dantzan baldin badaude, eta, azken batean, inongo baliorik eransten ez duten mila efektu deigarri gehitzen badira.
Batzuek esango dute “Fura”-ren estiloa zuela espektakuluak, sado-maso detaileak eta abar. Baina, benetan, beharrezkoa zen sopranoak kortse kutre hori janztea, eta titiak erakustea? Gidoiak exijitzen al zuen?
Hala ere, balekoa.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus