Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Boteretsu eta iradokitzailea

Montserrat Auzmendi

Bilboko Koru Elkartea

Fitxa: Gernika, Francisco Escudero-rena. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: José Ramón Encinar. Bilboko Koru Elkartea. Zuzendaria: Iñaki Moreno. Bakarlariak: Ana Mª Sánchez, Federico Gallar, Gustavo Peña, Alfonso Echeverría, Enrique Baquerizo, Fernando Cobo. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 26an.

Entzuteko gustagarria da Francisco Escudero-ren Gernika opera. Elementu garrantzitsuak ditu obra honek adituen artean maisu-lanaren kontsiderazioa izateko, eta, aldi berean, kontzertuaz disfrutatzera doan publikoaren gustukoa izateko. Hauexek dira elementu horiek: ondo landutako melodiak eta giro melodiatsua orokorrean –batez ere bi lehenengo ekitaldietan-, tinbre-efektu deigarri eta batere arruntak ez direnak –hirugarren ekitaldian, adibidez, bonbardaketa irudikatzerakoan, teknika konposatzaile distiratsua erabiltzen du-, harmonia ederra, ausardia puntu bat duena, baina ulergarria eskema klasikoetara eginak dauden belarrientzako, eta argumentu sinple bat, gure historian oinarritzen dena.

Bilboko Koru Elkarteak eskatuta, Escuderok konposatu zuen Gernika 1987an eta urte berean estreinatu zen Bilboko Arriaga Antzokian, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Handik aurrera ez da gehiegi programatu opera baliotsu hau, eta sekula ez da antzeztu. Baina antzeztu gabe ere, kontzertu moduan, bere osotasunean disfrutatu daiteke dudarik gabe, atzo Kursaal Auditorioan egiaztatu genuen bezala.

Aldi honetan, gainera, interpreteen kalitateak lagundu zuen saioa zinez arrakastatsua izateko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, José Ramón Encinar-en zuzendaritzapean, trinbre-aberastasun lezioa eman zuen. Horrez gain, Encinar-ek jakin zuen soinu bolumen orekatua lortzen, ahots bakarlariak beti nabarmenduak izateko. Tutti guztiak sendotasunez eta irmotasunez sumatu genituen eta partiturak exijitzen duen giro misteriotsuaren puntua lortu zen.

Bilboko Koru Elkarteak ondo ezagutzen du obra. Aipatu dugun bezala, Escuderori Gernika egiteko agindu zutenak izateaz gain, haiek interpretatu zuten estreinaldian. Esan daiteke berea dela opera hau, eta halaxe frogatu zuten, une ederrak oparituz, lehenengo ekitaldi amaierako Euskal Herri gurea pasarte gozo eta espirituala bezalakoak.

Bakarlari guztiak eraginkortasunez aritu ziren, baina azpimarratu beharrekoak dira protagonistak. Ana Mª Sánchez soprano ezagunak, Gernika xarmanta eta gozoa egin zuen, ñabarduraz beteriko ahotsari esker. Gustavo Peña tenor kanariarra, Gogor izeneko pertsonaian, sorpresa atsegina izan zen. Tinbre politeko ahotsa du, boteretsua eta proiekzio zabalekoa. Deigarria izan zen, bestalde, zein ondo ahoskatzen zuten biek euskarazko testua. Meritua du, bai noski.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan