Montserrat Auzmendi
Fitxa: Judith Jáuregui (pianoa), Kirmen Uribe (irakurlea). Pianoko egitaraua: Aita Donostia, Albéniz, Bartok eta Granados-en obrak. Irakurketak: Lizardi, Orixe, Unamuno, Baroja, Tsivietaieva, Hughes eta Auden idazleen lanak. Lekua: Chillida-Leku Museoa. Data: abuztuaren 23an.
Izugarrizko beroa egiten zuen atzo Chillida-Leku Museoan –Euskal Herri osoan bezala-. Kiskalita geunden hor sartuta. Beraz, ez zen giro onena piano errezitaldi bat emateko, esfortzu fisiko handia exijitzen baitu holako saio batek. Baina Judith Jáureguik ez zuen inoiz aldartea galdu. Talentuzko artista izateaz gain, oso profesionala dela erakutsi zuen. Giro deserosoa izan arren, izerdituta egon arren, bere onena eman zuen eta kontzertu bikaina disfrutatu genuen.
Gainera, proposamen erakargarria egin zuen Musika Hamabostaldiak atzoko kontzerturako: pianoko piezak eta testuen irakurketak tartekatu ziren. Kirmen Uribek Lizardi, Orixe, Unamuno, Tsivietaieva eta Auden bezalako idazleen poesia iradokitzaileak irakurri zituen, tonu gozoan. Baina gu, noski, musikan zentratuko gara.
Aita Donostiaren hiru preludio jo zituen Judith Jáureguik hasteko: Bat-batian, Oñazez eta Artzai gaztearen oiuak, hain zuzen ere. Interpretazio soilak egin zituen, klasikoak, Aita Donostiaren piezek eskatzen duten bezala. Oso ezagunak ez diren Albéniz-en piezak ere eskaini zizkigun pianista gazteak. Bai Plegaria, bai Polonesa piezak behar den izaeraz interpretatu zituen.
Baina 24 urte besterik ez dituen musikari honek bere heldutasun musikala Bartok eta Granados konpositoreen obrekin azaldu zuen, dudarik gabe. Bartok-en 6 dantza errumaniar primeran jo zituen. Dena puntu-puntuan egon zen: rubato orekatua, nabarmenkeriarik gabe, erritmo markatua, estilo naïf pittin bat... Hain ederra den Suite op. 14 obran, aldiz, indar gehixeago (batez ere Allegro molto-an) faltan bota genuen, baina dudarik gabe beroa izan zen erruduna.
Granados-en Quejas o La Maja y El Ruiseñor piezaren irakurketa lirikoa eta plano samarra egin zuen. El pelele, berriz, argitasunez beterik atera zen. Teknikoki perfektua eta musikalki xarmangarria.
Bisean, elkarrekin aritu ziren Jáuregui eta Uribe. Pianistak Albéniz-en Mazurka bat jotzen zuen bitartean, Uribek bere semeari dedikatutako poema bat irakurri zuen. Polita.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus