Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Berezia eta basatia

Montserrat Auzmendi

Fitxa: Luis Fernando Pérez (pianoa). Egitaraua: Granados, Falla, Turina eta Albéniz-en obrak. Lekua: Kubo-kutxa Aretoa. Data: abuztuaren 13an.

Aurten, Isaac Albéniz-en heriotzaren mendeurrena betetzen denez, Musika Hamabostaldiak arreta berezia eskaintzen dio konpositore garrantzitsu honi. Katia eta Marielle Labèque ahizpek jo zituzten Albéniz-en obrak Victoria Eugenia Antzokian emandako kontzertuan eta, honetaz aparte, beste hainbat saiotan aukera izango dugu egile gironarraren nortasun markatuko espainiar giroko musikaz disfrutatzeko

Ostegun honetan, eta Kubo-Kutxa Aretoan antolatzen den zikloari (“1900-1936: Abangoardia aroa” ardatzaren inguruan) hasiera emateko, Luis Fernando Pérez piano jole madrildar gazteak errepaso bat eman zien Albéniz-en obra esanguratsu batzuei eta, aldi berean, konpositore honen garaikideak izan ziren beste egile batzuen obrei ere bai.

Hasiera-hasieratik nabaritu genuen Pérez ez dabilela ‘hitzerdika’, nolabait esateagatik. Soiltasuna ez da bere bertute nagusia, ezta pentsatu ere. Handitasunez eta argitasunez jotzen du. Berak obra bakoitzaren izaera identifikatzen du eta modu gordinez azaltzen dio publikoari. Baina sekula ez da arrunkerian erortzen. Salaren akustikak ez zuen bere alde jokatu, erreberberazio gehitxo baitzegoen, baina musikariak jakin zuen hori ere menderatzen pedalaren erabilera neurritsu batez.

Enrique Granados-en Hiru dantza espainiar jo zituen errezitaldia hasteko. Soinu miresgarria lortu zuen Oriental izeneko piezan, eta, azkenekoa, Andaluza, kementsua eta ñabarduraz josia atera zen. Autore beraren Goyescas poliptikotik El amor y la muerte izeneko pieza interpretatu zuen ondoren. Agian harmonia melodia baino gehiago nabarmendu zuen eta, ondorioz, interpretazio nahasi samarra egin zuen. Ez zen bere momentu onena izan.

Manuel de Falla-ren El sombrero de tres picos izeneko ballet-etik ateratako hiru pieza jo zituen jarraian. Pieza hauek barruan duten indarra eta sua jakin zuen nabarmentzen Luis Fernando Pérez-ek, irmotasunez.

Onena, gure ustez, bukaerarako utzi zuen piano joleak. Albéniz-en Iberia suite-a mila aldiz entzun dugu, mila bertsiotan, beraz, baina esango genuke Pérez-en bertsioa berezienetako bat dela, dudarik gabe. Saio honetan jotako suite-aren bi lehenengo koadernoetan detaile berriak eta pentagramen barruan ezkutatzen diren soinu-efektu bereziak dastatu genituen. Gehiegikeriak ere egon ziren, baina ttanttaka, jasangarriak. Lehenengo koadernotik Evocación azpimarratuko genuke, lortutako soinu etereoagatik, eta El puerto izeneko pieza, bortitza eta gordina.

Bigarren koadernotik, bikain bat mereziko luke Triana-ren interpretazioak. Piezaren lirismo zirraragarria azpimarratzen du, baina faltsukeria estilizatuak ahaztu egiten ditu eta lanaren alderdirik ijitoena eta basatiena nabarmendu. Eta hori guztia teknika akatsik gabea azalduz. Primeran.

Bi propina oparitu zituen: Albéniz-en Asturias, nahiko axalekoa gure gusturako, eta Mallorca, sakontasunez jo zuena. Chapeau.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan