Montserrat Auzmendi
Fitxa: Musika Hamabostaldia. West-Eastern Divan Orchestra. Zuzendaria: Daniel Barenboim. Egitaraua: Liszt, Wagner eta Berliozen obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 6an.
Gaur egungo musikari konpletoenetako bat dugu Daniel Barenboim argentinarra. Txiki-txikitatik (ume-prodigioa izan zen) denetatik egin du musika-munduan: piano jole ospetsua da, primerako orkestra zuzendaria, musika mota guztiak landu ditu... Eta, gainera, pertsona aktiboa, langilea, ausarta eta argia da 67 urteko artista handi hau.
Orain dela hamar urte, Edward Said filosofo palestinarrarekin batera West-Eastern Divan Orchestra sortu zuen Barenboim-ek, asmo konkretu batekin: palestinar, arabiar eta israeldar musikari gazteak elkartzea eta, horrela, musikaren bidez frogatzea elkar-ulertzea posible dela, arazoak konpontzeko aukera badagoela, nahi izanez gero, noski.
Egun Sevillan kokatzen den gazte-orkestra honek ondo frogatu zuen ostegunean kideen arteko komunikazioa ezin hobea dela eta, nahiz eta esperientzia handiko musikariak ez izan, kalitatea sobran duela taldeak. Teknika ona eta heldutasun interpretatiboa hasieratik bukaeraraino eskaini zituzten West-Eastern Divan-ekoek. Daniel Barenboim-ek, bere aldetik, bere dohainak erakutsi zituen: jario musikal naturala eta intentsitate berezia zuzentzerakoan.
Bertute hauen guztien erakustaldia egiteko, egitarau erromantiko zirraragarri horietako bat aukeratu zuten. Franz Liszt-en Preludioak izeneko obran nabaria izan zen orkestraren soinu-familien arteko oreka, eta zuzendariaren trebezia intentsitate-gradazio sutsuak lortzeko. Wagner-en Tristan eta Isolda operaren Preludio eta Isoldaren heriotza pasarte pasionatuan, azpimarragarria izan zen Barenboimek lortzen duen dinamika aberatsa eta bere fraseo eder eta zabala. Benetako gozamena.
Kontzertuaren bigarren zatian Hector Berlioz-en Sinfonia fantastikoa, op. 14 jo zuten, sendotasunez, zentzu onean eta, agian, txarrean ere, fantasia pittin bat falta baitzitzaion interpretazioari une batzuetan. Hala ere, Dantzaldia izeneko bigarren zatian luzitu zuten adierazkortasun natural-naturala, hirugarren zatian entzun genuen oboe ikaragarria eta Martxa supliziorantz pasartean lortutako kemena arrazoi nahikoa izan ziren fuerte txalotzeko.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.eus