Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 70. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Albéniz klaseduna

Montserrat Auzmendi

Marta Zabaleta

Fitxa: Marta Zabaleta (pianoa). Egitaraua: Isaac Albéniz-en Iberia suitea. Lekua: Villa Arnaga (Kanbo). Data: abuztuaren 16an.

Isaac Albéniz konpositore gironarra da Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioaren protagonista garrantzitsuenetako bat, orain dela ehun urte hil baitzen Kanbo-n. Guztira, hogeita lau ekitaldi antolatu dira egile honen inguruan, eta hauen artean, Albéniz-en pianorako Iberia lan famatuaren bertsio desberdinak entzuteko aukera benetan interesgarria dugu.

Suite hau hamabi piezaz osatzen da, lau koadernotan banatuta, eta pianorako espainiar giroko obra inportanteenetako bat kontsideratzen da, musikaren edertasunarengatik, eta batez ere garai horretan idazkera musikal aurreratua duelako, Liszt-en eta Chopin-en eragina duena baina haratago doana. Berezitasun harmoniko ederrak ditu Iberia-k eta folkloretik ateratako melodien tratamendua benetan dotore eta sakona da.

Igande honetako hitzordua berezia zen benetan, arrazoi askorengatik: kontzertua Kanbon ospatzen zelako (Edmond Rostand idazlearena izandako Villa Arnaga etxe ederrean), piano jolea Marta Zabaleta legazpiarra zelako, eta baita ere suite osoa jo behar zuelako (ohikoa da suite-aren pieza batzuk beste lan batzuekin tartekatzea).

Marta Zabaletak berea egin du obra izugarri hau, dudarik gabe. Kontzentrazio osoz eta sendo jo zuen. Zailtasunak gainditzeko garaia pasa da berarentzat eta musika transmititzea da bere kezka. Hala ere, esan behar dugu askoz hobeto aritu zela kontzertuaren bigarren zatian, lehenengoan baino. Suite-aren lehenengo koadernoa jo ondoren, hirugarrenarekin hasi zen. El Albaicín piezan hainbat bertute sumatu genituen: doitasun osoz markatutako erritmoa, dinamika ederra eta fraseo garbia eta estiloduna. Baina bai El Polo bai Lavapiés izeneko piezetan maila jaitsi zen. Mistizismo gehitxo ipintzeagatik El Polo-ren bertsioa nahiko biguina eta gatzik gabea atera zen eta Lavapiés-i barneko uztardura falta zitzaion.

Bigarren zatian, esan bezala, Marta Zabaletaren dotorezia eta goi maila atera ziren. Rondeña eta Almería ondo ‘arnastu’ zituen, diskurtso musikal naturala eginez. Benetako gozamena izan zen Triana, estilizatua, flamenkoaren ukituekin. Zabaletaren bertsioak ez dauka zerikusirik, adibidez, aurreko egunean Luis Fernando Pérez-ek egin zuenarekin, sutsua, basatia –eta zoragarria-. Legazpiarraren ikuspuntua ez da hain indartsua baina bai eleganteagoa. Jarraian, Málaga, nire ustez, errezitaldiaren onena izan zen. Zinez konplikatua da pieza hau, baina erraza izango balitz bezala jo zuen piano joleak eta mila ñabardura eta kontraste atera zizkion. Jerez aristokratiko bat jo ondoren, primeran amaitu zuen kontzertua Eritaña pieza konplexuarekin. Taxuz jo zuen, bere teknika garbiari esker.

Bis bezala, Aita Donostiaren Oinazez delikatua eskaini zuen.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan