Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Ke artean hasitako bidea

Ke artean hasitako bidea

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Apirilaren 10ean suertatu zen Ostiral Santua orain hamar urte. Dudarik gabe ez zen erraza izan alde guztietako kideak mahai beraren inguruan bildu, gauerdiko azken epea gainditu eta 18 ordu beranduago kez betetako gela adostutako testuarekin uztea. Batzuk irribarretsu, besteak serio. Denak begi-zulo nabarmenekin eta nekeak hartuta. Blokeatua zirudien herri baten historian, aurrera egiteko nahiak bultzatutako akordioa. Ostiral Santuko Akordioa. Edo Belfasteko Akordioa. Edo Stormonteko Akordioa. Azken finean, herri honetara bakea ekarri duen akordioa.

Apirilaren 10ean suertatu zen Ostiral Santua orain hamar urte. Dudarik gabe ez zen erraza izan alde guztietako kideak mahai beraren inguruan bildu, gauerdiko azken epea gainditu eta 18 ordu beranduago kez betetako gela adostutako testuarekin uztea. Batzuk irribarretsu, besteak serio. Denak begi-zulo nabarmenekin eta nekeak hartuta. Blokeatua zirudien herri baten historian, aurrera egiteko nahiak bultzatutako akordioa. Ostiral Santuko Akordioa. Edo Belfasteko Akordioa. Edo Stormonteko Akordioa. Azken finean, herri honetara bakea ekarri duen akordioa.

 

Urte batzuk lehenago, izan ziren antzeko prozesu bati hasiera eman nahi izan zioten ekimenak, baina egoeraren zailtasunek ezinezko egin zuten behin eta berriz haren gauzatzea. Hala ere, 1997. urteko uztail aldera, IRAk su-etena iragarri zuen berriz ere. Major-en Gobernua joana zen eta Blair zen Downing Streeteko buru, Irlandar Errepublikako lehen ministro berriz, Ahern zen; eta bat-batean, bake prozesuak berriz ere indarra har zezakeela zirudien. Behingoagatik, loialista, errepublikar, abertzale eta unionistak –Paislyren DUP izan ezik– negoziazioetan sartu eta Ostiral Santuko Akordiorantz bideratu ziren. 1998ko apirilaren 10ean sinatu zen akordioa eta Ipar Irlandako Exekutibaren sorrera ekarri zuen horrek.

 

Era askotako gatazkak bizi dituzten herrietatik inbidia puntuz erreparatu ohi diegu Irlandako biztanleak, era horretako inflexio puntu batera iristea lortu dutelako. Hala ere, dena ez da arrosa arteko bidea izan, eta zailtasunak izan direnean, hauei aurre egiteko borondatea erakutsi dute bertako alderdi eta erakundeek. Hori izan liteke beren arrakastaren arrazoi nagusia: Gatazka zahar horri amaiera jartzeko borondatea. Izan dira gora beherak prozesuan ere, eta honek aurrera egin zezan, alde guztiek egin behar izan dituzte beren ekarpenak, bai IRAk bere desarmea iragarriz, bai Sinn Féinek Ipar Irlandako polizia aitortuz, baita Irlandako Errepublikako Gobernuak ere bere konstituziotik 2. eta 3. puntuak kenduz (Ipar Irlandako lurrei erreferentzia egiten zietenak), baita unionistek ere irla osorako batzordeen sorrera onartuz... Ziur, hauetako pausu bakoitzak alderdien barnean desadostasunak sortu dituela, baina batzuek traidoretzat hartu arren, aurrera egiteko ausardia erakutsi dute.

 

Hala, hamar urte ez dira alperrik joan eta ez dira gutxi izan Irlanda iparraldeko biztanleek sumatu dituzten aldaketak. Nagusienak ekonomiaren alorretik etorri badira ere (langabeziaren beherakada nabarmena, inbertsio eta turismoaren gorakada...), gatazka armatuaren amaiera nabarmentzekoa da. Bi urteren buruan presoen kaleratzeak ere ongi finkatu du bake prozesua, baita armada britainiarraren desmilitarizazioak ere.

 

Shankill auzo protestantean barrena nindoala, hogeita bost bat urte izango zituen mutil batekin hasi nintzen bertako egoeraz hizketan. Ez zidan bere izenik esan nahi izan. Buru makur zegoen, “etsaiak” beraiek baino hobeto negoziatu zuela eta pixkana-pixkana, Ingalaterrako politikariek ere, beren alde bizitza emateko prest izan diren “Ulster”-go unionistak ahaztu egin dituztela. Alderdi unionistek Ostiral Santuko Akordioa Erresuma Batuarekin duten lotura berrezartzeko izan dela gogoratu nahi izan dute halaber. Errepublikarrek berriz, Irlanda baturako lehen pauso gisa erretratatu dute akordioa, behin-behineko egoera baten aitorpena.

 

Ezin aipatu gabe utzi ordea, testuak biltzen duen puntu izarra. Irlanda iparraldearen etorkizuna bertako biztanleen gehiengoak erabakiko duela aitortzea izan da bi alde kontrajarriren jarrerak testu bakarrean biltzeko gai izan dena.

 

Urte batzuen buruan, ikusi egin behar zer den Irlanda iparraldeko gehiengoaren nahia. Erresuma Batuko parte izaten jarraitzea, ala Hego Irlandarekin duten muga kostaldera mugitzea.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan