Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aizkorri-Urbasa-Entzia Segura-Zerain-Zegama-Altsasu-Zudaire-Kontrasta-Agurain-Zalduondo
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi OLAZTI-ZUDAIRE-BAKEDANO-LEGAIRE

URBASA MENDIA ETA BERE MIRARI NATURALAK

Gasteizerako norabidean laster Olazti (Olazagutia) ondotik pasatuko gara, eta berehala, ezkerreko aldetik Lizarrara (Estella) doan errepidea hartuko dugu. Errepide bihurgunetsu honetan gora, bistak gero eta ederragoak dira, eta 7. km-an jada Urbasako paisaia bete-betean izango dugu ikusgai, batasun benetan ederra sortzen duten arroka, zelai eta zuhaitzek osatua.

Beti zuzen goazela, edozein unetan paseo bat egin dezakegu, errepidea erreferentziatzat hartuz galtzea zaila delako, eta horretarako edozein leku egokia gertatzen delako, hain zoragarria da-eta inguru osoa.

Handik pixka batera, sekulako zelai handia zeharkatuko dugu, eta ibilbidearen 58,5 km-an Urbasako mendate lauan aurkituko gara.

Berehala aparkaleku bat ikusiko dugu ezkerretara, Urederraren Zirko izugarritik oinez minutu gutxi batzuetara dagoena. Aparkatzen baduzue ez zarete damutuko, ikuskizuna primerakoa baita. Beste kilometro batera begiratoki polita ikusiko duzue, aparkatzeko leku handirik ez duena, eta bi kilometro harantzago (ibilbide osoaren 61,5. km-an eta errepidearen 19,5. km-an gutxi gorabehera), eskuinetara egiten duen bihurgune handi batean ere aparkatzea gomendatzen dizuegu. Bihurguneko langaren ostean, Urederraren Iturburu zoragarriraino daraman bidezidorra abiatzen da. Bertatik abiatuz gero, azkenean agertuko zaizuen ur-jauzi paradisiakoak txundituta utziko zaituzte, ziur egon.

Ikuskizun honekin dagoeneko aseak geratu ez bazarete (hobe hala ez izatea, proposatu behar dizuegun txangoa aurrekoa baino are zoragarriagoa baita), errepidea zuzen segituz gero, Zudaire (XIII.-XVII. mende bitarteko San Andres eliza) zeharkatu, ondoren datorren Barindanoko herrixkan ezkerretara hartu, eta Bakedano herria ere gurutzatu ostean (horretarako “Nacedero-Aparcamiento” letreroak jarraituz), parkinean autoa utzi.

Bertatik, Urederra Euskal Herriko ibairik izugarri eta ederrenaren ur garbi eta berde-urdinxkek sortutako uharka eta ur-jauzi zoragarriekin gozatzera abiatu zaitezkete, inoiz ahaztuko ez duzuen paradisuan barneratuz.

ENTZIA MENDILERROA

Ikusteko aukera izan dugun miraria oraindik sinetsi ezinik gaudela, Zudaireraino itzuli, eta hurrengo bidegurutzean (etorreran jaramonik egin ez dioguna) ezkerretarantz joko dugu, Eulate-Kontrasta norabidean (76,5 km daramatzagu). Laster San Martin igaroko dugu, aurreko beste horiekin batera Ameskoabarren udalerria osatzen duten herrixketako bat.

Handik gutxira, Eulate herria pasatuko dugu, ezkerraldean batez ere laborantza-lurrak eta eskuinaldean Entzia Mendilerro ikusgarria agertzen zaizkigula. Kilometro gutxiren buruan, aldiz, Aranaratxe eta Larraona topatuko ditugu, aurrekoak bezala abeltzaintza eta basogintzaz arduratzen diren herrixka nekazariak. Azken honetatik berehala, Araban sartuko gara.

Araban bisitatuko dugun lehen herria, errepidean bi aldiz ezkerretara egin eta pare bat kilometro egin ondoren aurkituko dugun Kontrasta herria izango da (91. km), antzina Araba eta Nafarroa arteko bidegurutze garrantzitsua. Hori zela eta, harresiz inguratu zuten herria (gaur egun etxeek aprobetxatzen dituzte harresi-hormak), eta bere Jasokundeko Andre Mariaren eliza handiosak gotorleku itxura hartu zuen. Herriaren bazter batean Elizmendiko Ermita dago, hilarri erromatar interesgarria duela.

Errepidera itzuliz, Opakua-Agurain norabidean jarraituko dugu, paisaia arrokatsu eta menditsu horrek tarteka galdu izan duen ikusgarritasuna agertzen digularik berriz ere. Mendatera iritsi arte beti zuzen segituko dugu.

Azkenik, ibilbidearen 101. km-an, Opakua Mendatearen gainean gaudela, jaisten hasten den lekuan eskuinera bide bat abiatzen dela ikusiko dugu. Bide horrexek eramango gaitu Legaireraino, baina erne ibili, nahiz eta asfaltatua eta oso zabala izan, bidezulo ikaragarriak dituelako. Opakuatik bi kilometrotara lehenbiziko aparkalekua ikusiko dugu ezkerretara, baina zuzen segituz gero, lau kilometro geroago arbolez inguratutako paraje eder batera iritsiko gara.

Beste kilometro erdira Legaireko zelaietara daraman bidexka abiatzen da, gure ezkerretara (zuzen segituz gero bidea moztu egiten da). Landa hauen inguruan eta Mirutegiko balkoi natural izugarriraino, sekulako ibilera egin ahal izango duzue, edo besterik gabe, atseden ederra hartu, zelai zabal eta atsegin hauek horretarako aproposak dira-eta.

Zer ikusi

URBASA-ENTZIA MENDIZERRA

Zunbeltz izeneko failak banatzen dituen bi mendilerro hauek 1.000 metro inguruko altuera duen karezko goi-lautada bat osatzen dute, batetik erdialdeko Nafarroa menditsua bitan banatzen duten Urbasa eta Andia mendilerroak, eta bestetik Araban barneratzen den Entzia, 200 km2-tan zehar barreiatzen diren baso, zelai eta erreka zoragarrien paradisua osatuz.

Historiaurreaz geroztik artzain-kultura ezagutu duen inguru basati honetako “biztanle”ei dagokienez (“Urbasa” izen egokia da oso), batez ere lasai asko bizi diren ardi latxak eta pottokak ikusiko ditugu, eta horiez gain, sai zuriek, basurdeek, basakatuek, katagorriek eta abar luzeak ere bertan dute beren etxea, izugarrizko etxea hain zuzen ere.

PILATOSEN BALKOIA

Naturaren mirari ikaragarri hau behatzeko egin beharreko gauza bakarra zera da, Urbasako goi-lautadaren erdian dauden aparkalekuetan autoa utzi (ikus ibilbidea), eta errepidea atzean utziz, bost minutuz ibiltzea.

Denbora horretan, Urederra ibaia jaiotzen den anfiteatro moduko zirko ikaragarriaren erlaitz edo hegalera iritsiko gara. Hortik aurrera, nahi dugun arte luza dezakegu berau inguratzen duen paregabeko ibilbidea, ez baikara inolaz ere aspertuko.

UREDERRA URBASA MENDITIK

Urederra ibaiak (izena jada nahikoa adierazgarria da), batez ere bere iturburuak eta lehenbiziko kilometroak, Euskal Herriko txokorik maitagarrienetako bat osatzen dute.

Izan ere, bere zirkoaren harresietatik irteten den erreka, jaio eta berehala, sortzen hasten den ur-jauzi ikusgarri eta uharka ugariek (zein baino zein miragarriagoa) beste inon gozatuko ez duzuen (eta ahaztuko ez duzuen) ikuskizun bakarra eskainiko dizuete.

Urbasatik jaisten ari garen bihurgune handiaren hesiaren atzean (ikus ibilbidea) abiatzen den bidezidorra hartu eta zuzenean iturburura eramango gaitu. Egin beharreko bakarra paretaren kontrako bide errazari jarraitzea da. Bidea ez da Bakedanotik bezain ikusgarria, baina parean agertuko zaigun ur-jauziak txundituta utziko gaitu, ziur egon. Argazki-kamara eraman.

UREDERRA BAKEDANOTIK

Aurrekoa baino ibilera apur bat gogorragoa da, baina ordea, ikusiko dituzuen mirariak ikusita, neke apur hori berehala ahaztuko zaizue. Herritxoaren atzealdeko aparkalekutik (ikus ibilbidea) bidexka batetik jaisten hasiko gara, sigi-saga, errekaren ezkerralderaino iritsi arte.

Hortik aurrera, egin beharreko gauza bakarra uraren sorlekurantz abiatzea da, batzuetan uraren albotik eta beste batzuetan metro batzuk urrundu ostean berriro ere itzuliz, lurraldeak leku bakoitzean eskaintzen dituen bideak (eta begiratokiak) aprobetxatuz. Bitartean, aurrean duzuen ur urdin-berdexka ezin garbiago hori benetakoa ote den pentsatuko duzue, bata bestearen atzean igaroko dituzuen uharka miragarriak aluzinazioak ote diren, edota ur-jauzi eta ur-lasterrak ametsetako kontuak ote diren.

Pagadi misto honetan zehar aho-zabalik aurrera egiten duzuen bitartean, azkenean beste guztien gainetik nabarmentzen den ur-jauzi are ikusgarriago bateraino iritsiko zarete (ezinezkoa dela pentsatzen baduzue ere), aurreko besteak baino altuagoa eta bertikalagoa baita.

Haren gainetik ibaiaren beste aldera pasatu, eta eskailera batzuetatik barrena Urederraren Iturbururaino eramango gaituen bidezidor eta zubitxoraino hurbilduko gara.

LEGAIREKO ZELAIAK

Urbasaren Arabako jarraipen gisa, zelai hauek herrialde honetako eremu oso atsegina osatzen dute. Opakuatik gertu dagoen aparkalekutik (ikus ibilbidea), landa eder hauek iparrerantz zeharkatuz Legaire izeneko errekatxora iritsiko gara, pagadi, trikuharri eta bordak barreiatzen diren inguru lasai eta zoragarrian barrena.

Hemen, sartaldeko malkarrerantz joz gero (bista politak), Atau mendatea topatuko dugu, eta hemendik, hegaletik gertu jarraituz, gurutze altu batek seinalatuko digun Mirutegi Gaineraino, amildegiaren gainean bertan. Balkoi pribilegiatu honetatik dugun ikuspegia izugarritzat joko dugu, besterik gabe. Ibilera nahikoa laua da, eta presarik gabe arratsalde batean egiten da.

Argazkiak

Urederra

Urederra


Entziako paisaia

Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403