Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aizkorri-Urbasa-Entzia Segura-Zerain-Zegama-Altsasu-Zudaire-Kontrasta-Agurain-Zalduondo

AIZKORRIPEAN Segura, abiapuntutzat aukeratu dugun herria, harresiz inguratua zegoen Erdi Aroan, Alfontso X.ak 1256an gotorleku izatea agindu zuenetik. Gaur, bertako kaleek antzinako trazadura horri eusten diote. Halaber, aipatzekoak dira Santiagoko nahiz Gaztela eta Frantzia arteko bideak bertatik pasatzeak ekarritako monumentuak.

Jasokundeko Andre Mari eliza gotikoan (XIV-XV) 42 estatuadun erretaula txurrigereskoa eta Bohemiako kristalezko lanpara bat ikus ditzakegu. Era berean azpimarratzekoak dira, beste jauretxe batzuen artetik, Arrue (Berpizkundeko arkuz osatua), Gebara eta Lardizabal (Udaletxe barrokoa) jauregiak.

Zegamarako bidean eskuin aldera, bertako bizilagunei esker herri-museo moduko bihurtu den Zeraingo herritxora ailegatuko gara berehala; herria bizirik eta osasuntsu mantentzeko proiektu benetan polita. Bertaratuz gero, herri mailako eta nekazaritza munduko bizimodua erakusten duen etnografia museoa, Jauregia izeneko dorretxea, Jasokundeko Andre Mari eliza eta, herritik hurbil, Larraondoko Zerrategia (XIX. m.) ikusteko parada izango dugu, besteak beste.

Gipuzkoa eta Gaztela arteko merkataritza San Adrian tuneletik barrena igarotzen zen garaian, Zegamak garrantzi ekonomiko nabarmena izan zuen. Horren adibide dira, Artza-Enea edo Aitamaren Zarra jauretxeak, edota Zumalakarregi jeneral karlistaren marmolezko hilobia gordetzen duen Tours-eko San Martin eliza (erretaula nagusia, XV.eko ate gotikoa eta XVIII.eko dorre barrokoa).

Herria zeharkatu eta Aizkorriko gailurreriaren azpitik igaro ondoren, bide polit, arbolatsu eta bihurgunetsuan zehar Otzaurte mendaterantz abiatuko gara. Mendatera 15,5 km.an ailegatzean, eskuineko etxearen atzealdeko bide harritsua hartu (Altzaniko Atsedenlekurantz), eta paraje atseginak igaroz, bi km-tan aipatu atsedenlekura iritsiko gara. Gatozen moduan, bidea utzi gabe eskuinalderantz joango gara, eta hortik aurrera, beti zuzen segituko dugu, beste atsedenleku bat eta paraje ederrak pasatuz. Lehen atsedenlekutik 3 km-tara urrunean gure helmuga ikusteko moduan izango dugu, eta km bat geroago, bidegurutze batean dagoen burdinazko langa berde baten aurrean aparkatu ahal izango dugu autoa, bertatik oso hurbil edukiko dugun San Adriango Tunel (eta galtzada) ikusgarri bezain historikora oinez igo nahi izanez gero.

Bide beretik Otzaurtera itzuli, eta bertan, eskuin aldera joz, bide benetan eder batek Nafarroan barneratuko gaitu. Berehala hartuko dugun errepide nagusiak berriz, zuzen-zuzen eramango gaitu Altsasuraino (37 km.). Oso hiri berria da (1907), izan ere, 1863. urtean trenbidea bertara iritsi zen arte, ez baitzen herri gisa garatzen hasi. Jasokundeko Eliza (XVI. m), eta plaza erdiko “totem” harrigarria ikustekoak dira.

URBASA MENDIA ETA BERE MIRARI NATURALAK

Gasteizerako norabidean laster Olazti (Olazagutia) ondotik pasatuko gara, eta berehala, ezkerreko aldetik Lizarrara (Estella) doan errepidea hartuko dugu. Errepide bihurgunetsu honetan gora, bistak gero eta ederragoak dira, eta 7. km-an jada Urbasako paisaia bete-betean izango dugu ikusgai, batasun benetan ederra sortzen duten arroka, zelai eta zuhaitzek osatua.

Beti zuzen goazela, edozein unetan paseo bat egin dezakegu, errepidea erreferentziatzat hartuz galtzea zaila delako, eta horretarako edozein leku egokia gertatzen delako, hain zoragarria da-eta inguru osoa.

Handik pixka batera, sekulako zelai handia zeharkatuko dugu, eta ibilbidearen 58,5 km-an Urbasako mendate lauan aurkituko gara.

Berehala aparkaleku bat ikusiko dugu ezkerretara, Urederraren Zirko izugarritik oinez minutu gutxi batzuetara dagoena. Aparkatzen baduzue ez zarete damutuko, ikuskizuna primerakoa baita. Beste kilometro batera begiratoki polita ikusiko duzue, aparkatzeko leku handirik ez duena, eta bi kilometro harantzago (ibilbide osoaren 61,5. km-an eta errepidearen 19,5. km-an gutxi gorabehera), eskuinetara egiten duen bihurgune handi batean ere aparkatzea gomendatzen dizuegu. Bihurguneko langaren ostean, Urederraren Iturburu zoragarriraino daraman bidezidorra abiatzen da. Bertatik abiatuz gero, azkenean agertuko zaizuen ur-jauzi paradisiakoak txundituta utziko zaituzte, ziur egon.

Ikuskizun honekin dagoeneko aseak geratu ez bazarete (hobe hala ez izatea, proposatu behar dizuegun txangoa aurrekoa baino are zoragarriagoa baita), errepidea zuzen segituz gero, Zudaire (XIII.-XVII. mende bitarteko San Andres eliza) zeharkatu, ondoren datorren Barindanoko herrixkan ezkerretara hartu, eta Bakedano herria ere gurutzatu ostean (horretarako “Nacedero-Aparcamiento” letreroak jarraituz), parkinean autoa utzi.

Bertatik, Urederra Euskal Herriko ibairik izugarri eta ederrenaren ur garbi eta berde-urdinxkek sortutako uharka eta ur-jauzi zoragarriekin gozatzera abiatu zaitezkete, inoiz ahaztuko ez duzuen paradisuan barneratuz.

ENTZIA MENDILERROA ETA AGURAIN ALDEA

Ikusteko aukera izan dugun miraria oraindik sinetsi ezinik gaudela, Zudaireraino itzuli, eta hurrengo bidegurutzean (etorreran jaramonik egin ez dioguna) ezkerretarantz joko dugu, Eulate-Kontrasta norabidean (76,5 km daramatzagu). Laster San Martin igaroko dugu, aurreko beste horiekin batera Ameskoabarren udalerria osatzen duten herrixketako bat.

Handik gutxira, Eulate herria pasatuko dugu, ezkerraldean batez ere laborantza-lurrak eta eskuinaldean Entzia Mendilerro ikusgarria agertzen zaizkigula. Kilometro gutxiren buruan, aldiz, Aranaratxe eta Larraona topatuko ditugu, aurrekoak bezala abeltzaintza eta basogintzaz arduratzen diren herrixka nekazariak. Azken honetatik berehala, Araban sartuko gara.

Araban bisitatuko dugun lehen herria, errepidean bi aldiz ezkerretara egin eta pare bat kilometro egin ondoren aurkituko dugun Kontrasta herria izango da (91. km), antzina Araba eta Nafarroa arteko bidegurutze garrantzitsua. Hori zela eta, harresiz inguratu zuten herria (gaur egun etxeek aprobetxatzen dituzte harresi-hormak), eta bere Jasokundeko Andre Mariaren eliza handiosak gotorleku itxura hartu zuen. Herriaren bazter batean Elizmendiko Ermita dago, hilarri erromatar interesgarria duela.

Errepidera itzuliz, Opakua-Agurain norabidean jarraituko dugu, paisaia arrokatsu eta menditsu horrek tarteka galdu izan duen ikusgarritasuna agertzen digularik berriz ere. Mendatera iritsi arte beti zuzen segituko dugu.

Azkenik, ibilbidearen 101. km-an, Opakua Mendatearen gainean gaudela, jaisten hasten den lekuan eskuinera bide bat abiatzen dela ikusiko dugu. Bide horrexek eramango gaitu Legaireraino, baina erne ibili, nahiz eta asfaltatua eta oso zabala izan, bidezulo ikaragarriak dituelako. Opakuatik bi kilometrotara lehenbiziko aparkalekua ikusiko dugu ezkerretara, baina zuzen segituz gero, lau kilometro geroago arbolez inguratutako paraje eder batera iritsiko gara.

Beste kilometro erdira Legaireko zelaietara daraman bidexka abiatzen da, gure ezkerretara (zuzen segituz gero bidea moztu egiten da). Landa hauen inguruan eta Mirutegiko balkoi natural izugarriraino, sekulako ibilera egin ahal izango duzue, edo besterik gabe, atseden ederra hartu, zelai zabal eta atsegin hauek horretarako aproposak dira-eta.

Opakua Gain arbolatsutik (1.025 m.) beherantz doan aldaparen erdian izen bereko herritxoa edo auzoa igaroko dugu, hau da, Opakua. Kilometro bat aurrerago aldiz, gure ezkerretara Arrizabalagako trikuharriraino eramango gaituen bidea hartuko dugu.

Aguraingo auzo edo herritxo honetara berriz, beste kilometro bat egin ostean (121 km. guztira) iritsiko gara. Arrizabalagan bertan eskuinetara jo (trikuharriaren iragarkiari jarraikiz) eta laborantza lurren erditik igarotzen hasiko gara. Handik gutxira bideak ezkerrerantz egiten du (zuzenean bidexka bat abiatzen da Aguraineraino) eta zuzen-zuzenean Sorginetxe trikuharri ezin ederragora eramango gaitu.

Trikuharrira iritsi aurretik dagoen eta hartu ez dugun lurrezko bidexka horri jarraituz, oso laster errepide nagusi zaharrera irtengo gara; hortik, eskuinetara joanez herrian sartuko gara, errepide nagusi modernoaren ondo-ondotik. Azkenik, kilometro erdira-edo, ezkerreko aldetik, herriko sarrera bistaratuko dugu, errotonda bat pasatu ondoren. Agurainen (Salvatierra) 125. kilometroan sartuko gara. Alde zahar monumentaleko herri interesgarri hau bisitatu ostean, Mezkia-Egilatz bidea hartuko dugu, azken herrixka honetako trikuharria ikusteko asmoz, baina erne ibili, zeren hemen inguruan errepide asko dago eta iristea nahaste-borraste handia bihurtu liteke.

Aizkomendiko Trikuharri eder-ikusgarria Egilatzetik oso gertu eta errepide nagusi zaharraren ondoan dago. Txarto seinalaturik dagoen errepide-multzo honetan burukominik izan nahi ez baduzue hurrengo helmugara iristeko, hain zuzen ere, Ilarduia ondoko Lezea haitzulora, gomendagarriena Agurainera itzuli eta bertan N-1 errepide nagusi berria hartzea da, Donostiarako norabidean.

N-1ean sartu eta 6-7 km-tara jada ezkerrean ikusgai dugu Lezea. Bertaratzeko urrats hauek segitu: N-1eko 389. irteeran atera (Egino-Andoin), ezkerrera Eginorantz jo, errepide zaharra zeharkatu, Egino-Ilarduia-Albeniz seinaleari segitu, zubi bat pasatu, Eginon ezkerretara jo (Ilarduiara), iritsi aurretik bigarren eskuineko bidea hartu (“La Leze” jartzen duena), eta haitzulo ikusgarriaren aurrean amaituko duzue.

Azkenik, Ilarduia eta Albeiz igaro ondoren, Zalduondon amaituko dugu ibilbidea. Santiago Bidean garrantzi handikoa den San Adrian Tunela igaro eta gero, gordetzen dituen eraikin zibil aberatsen artean Berpizkunde garaiko Lazarraga Jauregi-Museo aparta nabarmentzen da, bere aurreko armarri, alboetako estatuak eta zutabe jonikoekin. Ikusgarriak dira, halaber, ondoko Larrea eta Andoin-Luzuriaga jauretxeak.

Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403