Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aizkorri-Urbasa-Entzia Segura-Zerain-Zegama-Altsasu-Zudaire-Kontrasta-Agurain-Zalduondo

AIZKORRI MENDILERROA

Aizkorriko Parke Naturalak Gipuzkoako hego-ekialdea eta Arabako ipar-mendebaldea lotzen ditu 18.000 hektareatan zehar, Nafarroa oso hurbil duela. 1.000 eta 1.551m. arteko mendiz osatutako talaia natural honetatik, eguraldi ona eginez gero, Urduñatik hasi eta Pirinioetako mendietaraino doan ikuspegi zabala bistaratuko dugu.

Parkeak, berez, beste atal batzuetan jorratuko ditugun lekuak ere hartzen ditu bere barnean (Oñati, Arantzazu, Zalduondo...). Horregatik, hemen parke osoaren azalpena egin beharrean, berezienetakoak diren bi leku aipatuko ditugu. Informazio praktikoei dagokienez berriz, ikus Zegama atala.

SANDRATIKO KOBAZULOA

Zegama eta Altsasu lotzen dituen bigarren mailako errepidetik abiatu, Otzaurteko gainean eskuinera hartu, bi atsedenleku atzean utzi eta ezkerrerako bihurgune baten alboko langa berde baten ondoan aparkatu ostean (ikus ibilbidea), oinezko ibilbideari ekingo diogu.

Burdinazko langa horren atzean bidetxo bat abiatzen da, tuneletik oso gertu. 50 metrora bidegurutze bat dugu, eta gorantz egiten duen ezkerreko bidezidorra hartuz, 15-20 minututan zuzenean San Adriandik igarotzen den galtzadara iritsiko gara, ikusgai dugun sarreratik 50 metrora (1.030 m.).

Sandratiko Kobazulo edo San Adrian Tunel hau Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen pasabide naturala da, eta bertatik, Flandes eta Gaztela lotzen zituen galtzada zaharra igarotzen da, batzuentzat erromatar garaikoa, besteentzat Erdi Arokoa.

Era guztietako bidaiariak pasatu ohi dira bertatik: errege-erreginak, erromesak gudarosteak... euskal geografiaren pasabide ospetsu eta mitikoa bihurtuz. Bestalde, parajea ezin ederragoa da bi aldeetan. Tamalez, barruan duen ermitaren hondakinak besterik ez dira geratzen

AIZKORRI GAINA

Tunelaren beste aldean, galtzadaren eskuin alderantz, bidezidor bat abiatzen da, lizardi baten ondotik doana. Gero, itzelezko pagadi baten erditik “Kalbarioko aldapa” igoko dugu, eta azkenik, zabalgune batera iritsi eta maldan gora eginez, tontorrera iritsiko gara (1.528 m.). Tontorreko baselizatik sekulako panoramika zabalaz goza dezakegu.

URBASA-ENTZIA MENDIZERRA

Zunbeltz izeneko failak banatzen dituen bi mendilerro hauek 1.000 metro inguruko altuera duen karezko goi-lautada bat osatzen dute, batetik erdialdeko Nafarroa menditsua bitan banatzen duten Urbasa eta Andia mendilerroak, eta bestetik Araban barneratzen den Entzia, 200 km2-tan zehar barreiatzen diren baso, zelai eta erreka zoragarrien paradisua osatuz.

Historiaurreaz geroztik artzain-kultura ezagutu duen inguru basati honetako “biztanle”ei dagokienez (“Urbasa” izen egokia da oso), batez ere lasai asko bizi diren ardi latxak eta pottokak ikusiko ditugu, eta horiez gain, sai zuriek, basurdeek, basakatuek, katagorriek eta abar luzeak ere bertan dute beren etxea, izugarrizko etxea hain zuzen ere.

PILATOSEN BALKOIA

Naturaren mirari ikaragarri hau behatzeko egin beharreko gauza bakarra zera da, Urbasako goi-lautadaren erdian dauden aparkalekuetan autoa utzi (ikus ibilbidea), eta errepidea atzean utziz, bost minutuz ibiltzea.

Denbora horretan, Urederra ibaia jaiotzen den anfiteatro moduko zirko ikaragarriaren erlaitz edo hegalera iritsiko gara. Hortik aurrera, nahi dugun arte luza dezakegu berau inguratzen duen paregabeko ibilbidea, ez baikara inolaz ere aspertuko.

UREDERRA URBASA MENDITIK

Urederra ibaiak (izena jada nahikoa adierazgarria da), batez ere bere iturburuak eta lehenbiziko kilometroak, Euskal Herriko txokorik maitagarrienetako bat osatzen dute.

Izan ere, bere zirkoaren harresietatik irteten den erreka, jaio eta berehala, sortzen hasten den ur-jauzi ikusgarri eta uharka ugariek (zein baino zein miragarriagoa) beste inon gozatuko ez duzuen (eta ahaztuko ez duzuen) ikuskizun bakarra eskainiko dizuete.

Urbasatik jaisten ari garen bihurgune handiaren hesiaren atzean (ikus ibilbidea) abiatzen den bidezidorra hartu eta zuzenean iturburura eramango gaitu. Egin beharreko bakarra paretaren kontrako bide errazari jarraitzea da. Bidea ez da Bakedanotik bezain ikusgarria, baina parean agertuko zaigun ur-jauziak txundituta utziko gaitu, ziur egon. Argazki-kamara eraman.

UREDERRA BAKEDANOTIK

Aurrekoa baino ibilera apur bat gogorragoa da, baina ordea, ikusiko dituzuen mirariak ikusita, neke apur hori berehala ahaztuko zaizue. Herritxoaren atzealdeko aparkalekutik (ikus ibilbidea) bidexka batetik jaisten hasiko gara, sigi-saga, errekaren ezkerralderaino iritsi arte.

Hortik aurrera, egin beharreko gauza bakarra uraren sorlekurantz abiatzea da, batzuetan uraren albotik eta beste batzuetan metro batzuk urrundu ostean berriro ere itzuliz, lurraldeak leku bakoitzean eskaintzen dituen bideak (eta begiratokiak) aprobetxatuz. Bitartean, aurrean duzuen ur urdin-berdexka ezin garbiago hori benetakoa ote den pentsatuko duzue, bata bestearen atzean igaroko dituzuen uharka miragarriak aluzinazioak ote diren, edota ur-jauzi eta ur-lasterrak ametsetako kontuak ote diren.

Pagadi misto honetan zehar aho-zabalik aurrera egiten duzuen bitartean, azkenean beste guztien gainetik nabarmentzen den ur-jauzi are ikusgarriago bateraino iritsiko zarete (ezinezkoa dela pentsatzen baduzue ere), aurreko besteak baino altuagoa eta bertikalagoa baita.

Haren gainetik ibaiaren beste aldera pasatu, eta eskailera batzuetatik barrena Urederraren Iturbururaino eramango gaituen bidezidor eta zubitxoraino hurbilduko gara.

LEGAIREKO ZELAIAK

Urbasaren Arabako jarraipen gisa, zelai hauek herrialde honetako eremu oso atsegina osatzen dute. Opakuatik gertu dagoen aparkalekutik (ikus ibilbidea), landa eder hauek iparrerantz zeharkatuz Legaire izeneko errekatxora iritsiko gara, pagadi, trikuharri eta bordak barreiatzen diren inguru lasai eta zoragarrian barrena.

Hemen, sartaldeko malkarrerantz joz gero (bista politak), Atau mendatea topatuko dugu, eta hemendik, hegaletik gertu jarraituz, gurutze altu batek seinalatuko digun Mirutegi Gaineraino, amildegiaren gainean bertan. Balkoi pribilegiatu honetatik dugun ikuspegia izugarritzat joko dugu, besterik gabe. Ibilera nahikoa laua da, eta presarik gabe arratsalde batean egiten da.

AGURAIN

Arabako lautadaren bihotzean dagoen Agurain aldeak historiaurretik jada populazio nabaria izan du, monumentu megalitiko ugariek erakusten duten moduan. Hiriko alde zaharrak erdi aroko trazadura du, eta antzina inguratzen zuten harresiek hortxe diraute, jauretxe askorekin batera.

IKUSTEKOAK

Santa Maria Eliza gotikoa (XV.-XVI. mendeak) harresiaren ipar-muturrean aurkitzen da, eta beraz, hiriaren defentsa sisteman integratua zegoenez, gotorleku funtzioa ere betetzen zuen. Barruan hiru barneluzego edo nabe ditu, eta erretaula nagusia (urreztatua eta polikromatua), Berpizkundeko kaperak eta zilargin-koruak nabarmentzen dira. Kanpoaldean bere ataria, suzko-gotikoa, gailentzen zaigu.

San Joan Parrokiak berriz, eliz atari barrokoa erakusten digu, dorre erdi gotiko (behealdea) erdi barroko (goialdea) bat duela. Barruan XVII.go erretaula nagusia nabarmentzen da, flandestar kutsuko margo interesgarriak dituela.

Bi eliza hauen artean (bakoitza alde zaharraren mutur batean) Zapatari, Harategi eta Kale Nagusian zehar, jauretxe eta jauregi bilduma zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Etxe hauetako askok armarri ederrak dituzte. Iparreko “Bentaberri” Gurutzea, hiriak gordetzen duen muga-gurutzerik handiosena, lorategi pribatu batean dago, San Lazaro Ospitaletik oso gertu. Gurutzearen besoak ederki landuak ditu.

SORGINETXE TRIKUHARRIA

Arrizabalaga auzoan kokatutako trikuharri hau Euskal Herriko politenetakoa da eta oso ondo zaindua dago. Trikuharria zazpi kare-harrik osatzen dute (batzuk 2,5 metro baino altuagoak). 1831n aurkitu zen (zientziarako), eta 1890an, horietako harri bat mugitu zutenean, hiru hilotzen aztarnak azaldu ziren.

Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Araba
25 km
600 m.
3.867
%15
38 km2
102 bizt./km2
San Juan (ekainak 24)
Errosarioko Andre Mari (urriak 2)

 

 

 

 

AIZKOMENDI TRIKUHARRIA

San Millan herriko Egilatz auzoan dagoen 11 harriko monumentu megalitiko hau ere 1830-31an aurkitu zuten, eta aurkikuntza honek Arrizabalagakoarekin batera, euskal historiaurreari buruzko ikerkuntzaren hasiera ekarri zuen.

LEZEA

N1etik ikusten den (Iruñerantz ezkerretara) haitzulo hau Asparrengo Ilarduia auzoan dago, eta espeleologiazaleek askotan bisitatzen dute, bere pasabideek mendigune osoa zeharkatzen dute-eta. Besteontzat ere, merezi du bertaratzea, belarri moduko sarrera ikusgarria gertutik behatu, bertatik isurtzen den errekatxoan busti eta kanpoaldeko atsedenlekuan patxada ederrean egoteko bada ere.

Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403