TOLOSA
Gehienbat Oria ibaiaren ezkerraldean kokaturik, inauteri
oso famatuak ospatzen dituen hiri hau XIX. mendearen erdialdean
Gipuzkoako hiriburu izatera iritsi zen. Hiriburu izana, hainbat
mendetan Euskal Herrian izan duen garrantziaren adibidea da. Alde
zaharrean 700 urtetan zehar monumentu multzo zabala eta aberatsa
egokitu da eta hainbat estilotan egindako eraikinek Gipuzkoako alde
zaharrik osoenetakoa bihurtzen dute.
LABURPEN HISTORIKOA Berari buruzko
lehen aipamenak XI. mendekoak badira ere, hiri gisa 1256an fundatu
zen, segituan biztanleak eta merkataritza babesteko harresiak altxatu
zirelarik. Geroago, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko merkataritza derrigorrez
Tolosatik igaro behar zela zioen 1442ko dekretuari esker, hiri honek
garai oparoa ezagutu zuen.
XVI. mendean, burdinolak garatzen ari ziren garai berean, hiria
sute batek suntsitu zuen eta berreraiki beharrean izan ziren. Hortik
aurrera hiriak gainbehera egin zuen eta menpeko herri asko desanexionatu
zitzaizkion.
XVIII. mendean ere zorte txarrak jarraitu zuen, zenbait uholde
eta suteekin (gogorrena 1794an frantziarrak bertatik igaro zirenean).
XIX. mende gorabeheratsuan Karlistadak eta gobernu aldaketak jasan
zituen eta Gipuzkoako hiriburu izatea (1844-54) ezagutzeko zoria
izan zuen. Hemendik aurrera, lehendik ezagutu zuen industrializazioa
nabarmen bizkortu zen.
IKUSTEKOAK Hiri interesgarri
hau bisitatzeko abiapuntu neuralgikoa Foruen plaza triangeluarra
izan daiteke. Enparantza honek hiriaren erdigunean egoteaz gain,
alde zaharra edo historikoa eta alde modernoa lotzen ditu.
Horrela, errepidearen bidegurutzearen beste aldean bata bestearen
alboan Beotibar pilotaleku ospetsua, 1904ko Artxibo Probintzialaren
aurrealde ederra eta San Frantzisko komentuaren eraikin trinkoa
ikusiko ditugu, eta gure atzera so eginez aldiz, neoklasiko-isabeldar
estiloko Kultur Etxea (Gipuzkoako Diputazioa izandakoa) eta bere
ondoan antzina hiriko sarrera adierazten zuen Gaztelako atea.
XVIII. mendeko arku neoklasiko honek gaur egun alde zaharrerako
ongi etorria ematen digu, harresi zaharretako ate batek betetzen
zuen lekuan kokatuz. Arkua igaro bezain laster, eskuinetik ibairantz
zuzentzea gomendatzen dizuegu, bertatik oso ikustaldi polita izango
dugu-eta.
Atzean Eskolapioetako lorategiak ditugun bitartean eta ibaiaren
beste aldean Zumardi Txikiaren berdegune luzea lagun dugula (honen
atzean Santa Klara komentu-eliza barrokoa dugu), berehala aurrean
dugun ibai gaineko arku-lerro luzeak gure arreta deituko du. Arkuok
Zerkausia edo "Tinglado" izenez ezagutzen den azokarenak dira. Azoka
itxurako eraikin luze eta baxu hau Tolosako deigarrienetakoa da,
eta ibaiaren gainean oso irudi polita sortzen du.
Hau atzean utziz Idiakez jauregi barrokoaren parean geratuko gara
(XVII. mendearen hasierakoa), Plaza Zarraren eskuinaldean. Enparantza
honetan Udaletxe Zaharra altxatzen da (bitxia bada ere Tolosak bi
udaletxe ditu).
Bere aurrean berriz ere ibairantz jotzen badugu, XVII. mendeko
Aranburu jauregi ondotik igaro ostean (zelai eder baten alboan dagoen
euskal barrokoko eraikinean sarrera nagusia, balkoia eta armarria
nabarmentzen dira) Santa Maria elizara iritsiko gara. Gotiko garaikoa
da (1548-1643) eta dorre barrokoa berriz, 1761ekoa da. Elizaren
alboan Jesusen Bihotza plaza atsegina dugu, eta berau zeharkatuz
apaiz-etxea.
Santa Mariari bira eman eta leku beretik itzultzen bazarete, Agintari
kaletik eskuinerantz abiatzea aholkatzen dizuegu, karrika honetan
zehar Andia dorretxearen hondakinak (armarria eta bi gargola) eta
Berpizkundeko (XVI. m.) Atodo jauregiaren balkoi eta armarri ederrak
aurkituko baitituzue.
Kalea amaitzean alde zaharra ondo ezagutu nahi izanez gero 180
graduko bira egin dezakegu ezkerrera, eta Korreo kaletik barnera
gaitezke. Kale honen erdian Iturriza jauregia jasotzen da, XVI.aren
azkenetakoa eta balkoi zentralaren alboetan armarri bana erakusten
ditu.
Beste aukera bat zera izan daiteke, Korreo kale honetan sartu,
eta berehala eskumara egin, zuzenean Plaza Berrian aterako baikara.
Azokaren eraikina ikusiko dugu hor. Azken hau atzean utzi eta eskuinerantz
joz hiria zeharkatzen duen kale-errepide nagusira aterako gara,
eta gure aurrean Corazonistas eliza eta gaur egungo udaletxea agertuko
zaizkigu.
Azkenik, Tolosako bisitaldia bi hauen ezkerraldean hurbil dagoen
eta hasierako abiapuntutik ere gertu geratzen den Euskal Herria
plazan buka genezake. Arkupedun enparantza itxi honen alde batean
Justizi Jauregi zaharra ikusiko dugu. 1853ko neoklasikoa, material
hobeko bi solairu dituenez inguruko beste eraikinetatik nabarmentzen
da. Alde modernoan hainbat etxe burges eder ere ikusiko duzue.
Herrialdea |
Gipuzkoa
|
Donostiara |
26
km. |
Altitudea |
75
m. |
Biztanleak |
18.082 |
Euskaldunak |
%65
|
Azalera |
38
km2 |
Dentsitatea |
476
bizt./km2 |
Jaiak |
San
Blas (otsailak 3)
Iñauteriak
San Joan (ekainak 24) |
|