Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Aralar mendilerroaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aralar mendilerroa. Tolosa-Lekunberri-Etxarri-Aranatz-Beasain-Ordizia-Zaldibia

TOLOSA

Gehienbat Oria ibaiaren ezkerraldean kokaturik, inauteri oso famatuak ospatzen dituen hiri hau XIX. mendearen erdialdean Gipuzkoako hiriburu izatera iritsi zen. Hiriburu izana, hainbat mendetan Euskal Herrian izan duen garrantziaren adibidea da. Alde zaharrean 700 urtetan zehar monumentu multzo zabala eta aberatsa egokitu da eta hainbat estilotan egindako eraikinek Gipuzkoako alde zaharrik osoenetakoa bihurtzen dute.

LABURPEN HISTORIKOA

Berari buruzko lehen aipamenak XI. mendekoak badira ere, hiri gisa 1256an fundatu zen, segituan biztanleak eta merkataritza babesteko harresiak altxatu zirelarik. Geroago, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko merkataritza derrigorrez Tolosatik igaro behar zela zioen 1442ko dekretuari esker, hiri honek garai oparoa ezagutu zuen.

XVI. mendean, burdinolak garatzen ari ziren garai berean, hiria sute batek suntsitu zuen eta berreraiki beharrean izan ziren. Hortik aurrera hiriak gainbehera egin zuen eta menpeko herri asko desanexionatu zitzaizkion.

XVIII. mendean ere zorte txarrak jarraitu zuen, zenbait uholde eta suteekin (gogorrena 1794an frantziarrak bertatik igaro zirenean). XIX. mende gorabeheratsuan Karlistadak eta gobernu aldaketak jasan zituen eta Gipuzkoako hiriburu izatea (1844-54) ezagutzeko zoria izan zuen. Hemendik aurrera, lehendik ezagutu zuen industrializazioa nabarmen bizkortu zen.

IKUSTEKOAK

Hiri interesgarri hau bisitatzeko abiapuntu neuralgikoa Foruen plaza triangeluarra izan daiteke. Enparantza honek hiriaren erdigunean egoteaz gain, alde zaharra edo historikoa eta alde modernoa lotzen ditu.

Horrela, errepidearen bidegurutzearen beste aldean bata bestearen alboan Beotibar pilotaleku ospetsua, 1904ko Artxibo Probintzialaren aurrealde ederra eta San Frantzisko komentuaren eraikin trinkoa ikusiko ditugu, eta gure atzera so eginez aldiz, neoklasiko-isabeldar estiloko Kultur Etxea (Gipuzkoako Diputazioa izandakoa) eta bere ondoan antzina hiriko sarrera adierazten zuen Gaztelako atea.

XVIII. mendeko arku neoklasiko honek gaur egun alde zaharrerako ongi etorria ematen digu, harresi zaharretako ate batek betetzen zuen lekuan kokatuz. Arkua igaro bezain laster, eskuinetik ibairantz zuzentzea gomendatzen dizuegu, bertatik oso ikustaldi polita izango dugu-eta.

Atzean Eskolapioetako lorategiak ditugun bitartean eta ibaiaren beste aldean Zumardi Txikiaren berdegune luzea lagun dugula (honen atzean Santa Klara komentu-eliza barrokoa dugu), berehala aurrean dugun ibai gaineko arku-lerro luzeak gure arreta deituko du. Arkuok Zerkausia edo "Tinglado" izenez ezagutzen den azokarenak dira. Azoka itxurako eraikin luze eta baxu hau Tolosako deigarrienetakoa da, eta ibaiaren gainean oso irudi polita sortzen du.

Hau atzean utziz Idiakez jauregi barrokoaren parean geratuko gara (XVII. mendearen hasierakoa), Plaza Zarraren eskuinaldean. Enparantza honetan Udaletxe Zaharra altxatzen da (bitxia bada ere Tolosak bi udaletxe ditu).

Bere aurrean berriz ere ibairantz jotzen badugu, XVII. mendeko Aranburu jauregi ondotik igaro ostean (zelai eder baten alboan dagoen euskal barrokoko eraikinean sarrera nagusia, balkoia eta armarria nabarmentzen dira) Santa Maria elizara iritsiko gara. Gotiko garaikoa da (1548-1643) eta dorre barrokoa berriz, 1761ekoa da. Elizaren alboan Jesusen Bihotza plaza atsegina dugu, eta berau zeharkatuz apaiz-etxea.

Santa Mariari bira eman eta leku beretik itzultzen bazarete, Agintari kaletik eskuinerantz abiatzea aholkatzen dizuegu, karrika honetan zehar Andia dorretxearen hondakinak (armarria eta bi gargola) eta Berpizkundeko (XVI. m.) Atodo jauregiaren balkoi eta armarri ederrak aurkituko baitituzue.

Kalea amaitzean alde zaharra ondo ezagutu nahi izanez gero 180 graduko bira egin dezakegu ezkerrera, eta Korreo kaletik barnera gaitezke. Kale honen erdian Iturriza jauregia jasotzen da, XVI.aren azkenetakoa eta balkoi zentralaren alboetan armarri bana erakusten ditu.

Beste aukera bat zera izan daiteke, Korreo kale honetan sartu, eta berehala eskumara egin, zuzenean Plaza Berrian aterako baikara. Azokaren eraikina ikusiko dugu hor. Azken hau atzean utzi eta eskuinerantz joz hiria zeharkatzen duen kale-errepide nagusira aterako gara, eta gure aurrean Corazonistas eliza eta gaur egungo udaletxea agertuko zaizkigu.

Azkenik, Tolosako bisitaldia bi hauen ezkerraldean hurbil dagoen eta hasierako abiapuntutik ere gertu geratzen den Euskal Herria plazan buka genezake. Arkupedun enparantza itxi honen alde batean Justizi Jauregi zaharra ikusiko dugu. 1853ko neoklasikoa, material hobeko bi solairu dituenez inguruko beste eraikinetatik nabarmentzen da. Alde modernoan hainbat etxe burges eder ere ikusiko duzue.

Herrialdea
Gipuzkoa
Donostiara
26 km.
Altitudea
75 m.
Biztanleak
18.082
Euskaldunak
%65
Azalera
38 km2
Dentsitatea
476 bizt./km2
Jaiak
San Blas (otsailak 3)
Iñauteriak
San Joan (ekainak 24)

 

 

 

 

 

 

 

ARALAR MENDIZERRA

SAN MIGELEN KONDAIRA

Nafarroa eta Gipuzkoa artean Aralarko mendikatea dugu, bere santutegiak ospetsu bihurtu duen ingurua. Baina ez bakarrik santutegiak. Aralar Euskal Herriko historiaurreko biltegia da, 60tik gora trikuharri baitaude lurralde honetan. Hori gutxi balitz, ingurune osoak bisitaria eta behatzailea txunditurik uzten ditu, hain miragarria baita ikusten den guztia.

NATURGUNE MIRAGARRIA

Inguru xarmangarri hau bi zatitan banatzen da: batetik Nafarroan batik bat, pago lerdenez osatutako basoa, eta bestetik, Gipuzkoako belardi eta soiluneen gaineko gailur arrokatsuak.

Baso zoragarri honetan, pagoez gain hariztiak, haginak eta otsolizarrak ere badaude, zuhaixka eta belar landare ugariren artean. Animaliei dagokienez berriz, bakar batzuk aipatzearren basurde, orkatz, sai zuri, arrano txiki, putre beltz eta basakatuek artaldeekin lur eremua elkarbanatzen dute.

Santutegi inguruaren garrantziaren adibide bere sorreraren antzinatasuna eta kondairak dira, nafar herriaren erromes gune garrantzitsu bihurtuz. San Migel santua oso herrikoia da eta bere irudia gurtzen jarraitzen du jende askok. Etxe askotan "Mikel zurea zaizu Euskal Herria" leloa irakurri ahal da.

Gaur egun, erromesak bestelakoak dira, igandezaleak eta ibiltari mordoa. Ehun urtetik gorako pagoen artean somatzen den bakea eta edertasun hutsak erakartzen ditu bisitariak. Beraz, eguraldi oneko asteburu batean joanez gero ez pentsa bakarrik ibiliko zaretenik. Dena den, denontzako lekua soberan dago.

SAN MIGEL IN EXCELSIS SANTUTEGIA

Gaurko tenplua garai prerromanikoko antzinako baten gainean egindako berreraikipena da. Konpontze lanetan IX. mendeko eliza prerromaniko horren aztarnak aurkitu zituzten. Dirudienez, X. mendean sute baten ostean berreraiki eta handitu egin zuten. Pedro I. erregea bertara erromes joan eta sendatu zenetik Nafarroa osoan ospe handia hartu zuen. Gaur egun, ikus dezakegun jainkotegiak basilika-planta du, hiru nabe, lau tarterekin, eta barneluzegoekin lerrokatutako buru hirukoitza. Kapera nagusia kanpoalde poligonala da, eta besteak erdizirkularrak. Kapera nagusia baino lehen santutegi txikitxo bat dugu, kondairaren arabera San Migel agertu zen kobaren gainean. San Migelen irudi txikia zilar urreztatuz egindako oskol barroko (1756) batez osatua dago. Oskol honek barruan antzinako zurezko tailua gordetzen du. Irudi honek martxotik abuztura nafar herri asko bisitatzen du, pertsona, zelai eta haziendak bedeinkatuz. Hala ere, santutegiaren altxorra erretaula da. XII. mendeko hau Europako esmaltazio lanik garrantzitsuenetakoa da; esmaltez egindako irudi multzo batez osatua, apostoluen erdian Ama Birjina eta haurtxoa daudela. 1979an lapurtu egin zuten, baina esmalte gehienak berreskuratu ziren.

San Migelen, Corpus Christi egunean tradizio handiko prozesioa burutzen da. Santutegia ikusteko ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Itxita badago babeslekuaren tabernan giltza eska daiteke. Doan da.

Aralar mendilerroaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403