Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Aralar mendilerroaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aralar mendilerroa. Tolosa-Lekunberri-Etxarri-Aranatz-Beasain-Ordizia-Zaldibia

TOLOSALDEA 14. ibilbideak izaera zirkularra izango du, leku berean hasi eta amaituko dugulako. Abiapuntu-helmuga hau Tolosa izango da, Herri hau Tolosaldea eskualdeko erdigunea da.

Tolosako alde zaharretik ibaia zeharkatu, eta eskuinerantz Iruñearako bidea hartuko dugu. Horrela, ibilbide polit honen 8. kilometroan Lizartza zeharkatuko dugu.

Lekunberrirako bidean 17,5. kilometroan Nafarroaren barrenean dagoeneko, Arribe-Atallu nekazal udalerrian sartuko gara, lehenbizi Atallutik eta segituan Arribetik igaroz. Azken honetatik 700 metrora eskuinera Gaintzarako bidea hasten da, eta berau hartuko dugu. Lehenbizi Uztegitik pasatuko gara, eta handik gutxira, zuzen eta gorantz jarraituz, Txindoki inguruko mendien bista ikusgarria eskaintzen digun Gaintza herriska atsegina harrapatuko dugu.

Iruñearako errepidera itzuliz, gure hurrengo geldialdia berehala agertuko zaigun Betelu izan daiteke (26,5 km.). Hemendik aurrera ere bide ederra segituko dugu, gure eskuinaldean erreka polita lagun dugula. Horrenbestez, kilometro batzuk aurrerago, Azpirotz Gaina harrapatuko dugu, dagoeneko Aralargo atean kokatuz.

LARRAUN HARANA Mendatearen jaitsierak zuzen-zuzenean Lekunberriraino eramango gaitu, Nafarroako Aralar zeharkatzen duen errepide zoragarriaren abiapunturaino. Aralarren magalean ezinhobeto kokatua, Larraun bailara bukolikoaren populagune nagusi den honetan San Joan Bataiatzailearen eliza gotikoa nabarmenduko dugu. Arkibolta-arkudun atea eta erretaula nagusi barrokoa dira aipatzekoak.

Larraun ibaiaren iturburu ikusgarria bisitatu nahi badugu, herria zeharkatu ostean eskuinalderantz Iribasera abiatu, geroago hartuko dugun Baraibar-San Migel errepidea eskuinean utziz. Segituan aipatutako Iribas herrira iritsiko gara. Berau zeharkatu ostean, "Guadiana nafarra" deitzen duten Larraunen iturbururaino abia gaitezke.

Gure aurreko bidezidorrak (seinalizatua), Ertzillako zelaiak igaroz Aitzarreta iturbururaino eramango gaitu. Udaberrian bereziki ikusgarria da. Bertan Ertzilla ibaia jaiotzen da eta kilometro bat geroago (bere ezkerraldetik segitu dezakegu) lurpean desagertzen da. Hala ere, lehortutako ubidea beste kilometro bat segitzen badugu, berriz ere sortzen dela ikusiko dugu, ia herriaren parean.

Gehienez 5 kilometro dituen itzuli eder honetan, tartean ibaia lurperatzen den isurbidea, Legezalde amildegia eta iturbegi bat baino gehiago behatzeko parada dugu.

ORAINGOAN ARALARRERA igotzen den errepidea hartuko dugu, Euskal Herrian zehar aurkituko dugun izugarrienetako bat. Berehala bide osoan aurkituko dugun herri bakarra pasatuko dugu, hots, baso ederrez inguratutako Baraibar.

Herrixka hau pasa ondoren, Aralar inguruko paisajea zoragarria distira osoz agertuko zaigu. Ibilbide osoan zehar ageri zaizkigun zuhaitz, goroldiodun arroka, hosto, zuhaixka, animalia... guztiek gure herriko postalik erakargarrienetakoa osatzen dute.

Ibilbidearen 53. kilometro ingururako sentsazio horiek zuzenean bizitzeko aukera eskainiko zaigu, bertan prestaturiko lehenbiziko aparkalekua aurkituko baitugu. Inguruan, paseatzera eta galtzera gonbidatzen duten zelai eta baso eder-ederrak. Pottokak ere aske bizi diren ingurune izugarri honetan, pare bat kilometrora bigarren parkina dugu, hau ere milaka altxor naturalez inguratua.

Azkenean, Aralargo mirari handiak bere tenplua ere behar zuenez, Aralargo Mikel Deuna santutegia ikusiko dugu, mendilerroa presiditzen duen jainkotegi bakartia eta nafarrek gehien maite duten sainduetako baten etxe ederra. Bistak ere ezin ederragoak dira, nola ez.

SAN MIGELERA ERAMAN GAITUEN BIDETIK, elizara iritsi aurretik (300 metro lehenago) eskuinean beherantz doan bide bat ikusiko zenuten. Seinalizaturik ez dagoen arren, hormigoizko plakez egindako bide horretxek zuzenduko gaitu Uharte-Arakilera. Beti zuzen eta beherantz goazela, tarteka bista ikusgarriak eskainiko dizkigu, Beriain mendiaren itsasontzi itxura esaterako.

SAKANA Bidea Uharte-Arakilgo (Zamartzeko Andra Mari eliza, Erdi Aroko harrizko zubia eta San Joan Bataiatzailea eliza bisitatu daitezke) sarreran bertan bukatzen da, errepide orokor zaharraren ondoan. Errepide honetatik oso hurbil N-240 autobide berria pasatzen da. Bertan Gasteizerako norabidea hartuko dugu (bestela Iruñearantz goaz). Tartean, gure ezkerraldean berriz ere Beriain mendia dugu, bailara osoa mendean hartzen duen errege itzela.

Autobidea ibilbidearen 77,5. kilometroan utziko dugu, Etxarri-Aranatz irteeran. Kilometro eta erdi geroago, Urbasa eta Aralar artean pribilejiatuki kokatutako herri honetako sarreraraino ailegatuko gara (Jasokundeko eliza bisitagai).

Orain, herriko Kale Nagusia, parke atsegina eta trenbide batzuk zeharkatu ostean, Beasainerako bide ederrean Gipuzkoan barneratzera goaz.

GOIERRI Gipuzkoako sarrera den Lizarrusti mendatearen igoera zein jaitsiera politen ostean San Gregorio auzo ataundarra aurkituko dugu, eta pare bat kilometro. geroago San Martin, Ataungo erdigunea. Herriko auzuneak zeharkatzen dituen kale errepidea 10 kilometro ingurukoa da, bertakoen esanetan Ataun "Europako herririk luzeena" bihurtuz. San Martinen, elizaz gain, Iturriko plazaren inguruko eraikinak (XVI.-XVII. mendekoak) aipa ditzakegu; Murkoondon berriz, Sara, Joxe Miel Barandiaranen etxea.

5 kilometro geroago Lazkaora desbideratuko gara, ondare historiko bikaina zaindu duen herria sigi-sagean zeharkatuz. Lazkao Txiki bertsolari maitatuaren jaioterrian hurrengo monumentuek aipamen berezia merezi dute: San Migel parrokia (XVI. eta XVII. mendekoa), XVII. mendeko Lazkanotarren jauregia (armarri eta zutabedun aurrealdea), Maizpide Euskaltegiaren aurrealdea, Benediktarren monastegia eta hurbileko Santa Ana monastegia.

Industrigunea zeharkatu eta errepidera itzuli ostean berehala Beasainen sartuko gara, zubi pare baten azpitik eskuinera. Loinazko San Martinen jaioterrian Igartzako monumentu multzoa nabarmen dezakegu (herriaren sarreran): jauregia (XIII. mendeko dorretxearen Berpizkundeko oinordekoa), burdinola, zurezko urtegia, Dolarea baserria, errota, Erdi Aroko zubia eta gurutzea.

Hemendik hurbil, Loinatz auzoan San Martin basilika eta Andra Mariaren baseliza ikusgai ditugu. Azkenik, erdialdean Andre Maria Zeruratuaren parrokia, San Martin plaza eta bertako udaletxea aipa ditzakegu.

Ordiziak, Beasainekin batera hiri-multzo bakarra osatzen du, bata amaitu aurretik jada bestea hasten delako. 1256an Alfontso X. Jakintsuak fundatua eta karlistadetan garrantzi handiko gunea, gaur egun bertako nekazari-azoka garrantzitsuarengatik oso ezaguna da.

Alde Zaharreko monumentuen artean XVI. mendeko Jasokundeko Andra Mari eliza (nabe bakarrekoa eta erretaula barrokoduna), Kale Nagusiko udaletxea (aurrealde greko-erromatarra) eta plaza Nagusiko (XVI.ean jada bazegoen), armarridun Abariako jauregia eta Gazteluzaharrekoa ditugu. Gainera, Zabala jauregia (arku bikoitzaren gaineko armarria), bere aurreko Fray Andres Urdanetakoa geografoaren omenezko estatua, honen atzeko Barrena jauregia (XVII. mendekoa, Batzar Orokorretako egoitza) eta ondoko Unanue Etxea ere aipatzeko modukoak dira.

Ordizian bertan eskuinalderantz Zaldibiarako norabidea hartuko dugu, N-1ean sartu gabe sigi-sagean. Hortik aurrera zuzen goazela bidea gero eta politagoa da, Txindokiren gailur zorrotza ikusgai dugula.

Ordiziatik 5 kilometro ingurura Zaldibia zeharkatu (Santa Fe eliza) eta Larraitz-Abaltzisketara goazen bitartean Txindoki gero eta izugarriago agertzen zaigu, Euskal Herriko mendirik ikusgarrienetakoa da-eta. Bertara igotzen ahalegintzeko lekurik ohikoena eta ederrenetakoa Larraitz baseliza da, Zaldibiatik 5 kilometrotara.

2 kilometro geroago, Abaltzisketa herritxo lasaiko San Joan Bataiatzailearen eliza ondotik (XIII. mendeko elizpe erromanikoa) Amezketarantz zuzenduko gara. Jaitsieran, alde batetik Txindoki bera eta bestetik bailaran zehar sakabanatutako baserri multzoa ikusiko dugu. Pernando Amezketarra pertsonaia bitxiaren jaioterrian Jauregi Etxea, San Bartolome eliza (dorre ederra) eta San Martin baseliza ikus ditzakegu.

Ibilbidea amaitzeko, Amezketan ezkerrera egin eta jada beti zuzen, Alegiatik pasatuz (San Joan Bataiatzailearen parrokia eta Zubi Zaharra), Tolosaraino iritsi gaitezke, horrenbestez Aralar inguruko zirkuitoa osotuz.

Aralar mendilerroaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403