Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroa garaiko iparra I Lesaka-Bera-Sara-Zugarramurdi
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ETXALAR-SARA-AINHOA-ZUGARRAMURDI-URDAZUBI

Iruņerako norabidean itzuliz, Beratik 5 km.ra ezkerrera joko dugu, errepide arbolatsu bat hartzeko. Honek zuzenean Etxalarrera eramango gaitu. Nafar estiloko etxe-multzo honetan Jasokundeko Andra Mari eliza nabarmen dezakegu, dozenaka hilarri diskoidalez inguratua. Gaztelu dorretxeak ere merezi du.

Plazan bertan ezkerrera seinalizatua ateratzen den errepideak (baserri politez zipriztindua) 7 km.tan "Usoen Infernu"raino hurbilduko gaitu. Izan ere, Lizarrieta Mendatea baino 2 km. lehenago eskuinera joz, 500 metrotan usategi ospetsuak ondoan dituen jatetxera ailegatuko gara.

Usategiak bi estatuen arteko mugan bertan barreiatzen dira, jatetxearen osteko mendi-erlaizean, eta usoak sarez (gaur egun eskopetez ere bai) ehizatzeko antzinako modua ikusgarria da, urri inguruan burutzen dena eta hainbat pertsonen arteko koordinazioa eskatzen duena, usoak engainatu eta nahi den lekura zuzendu asmoz.

Lizarrieta Mendate estuaren jaitsieran Sarako udalerrian barneratzen ari gara, baina herrirantz baino, lehenago bertako Leze ospetsuetaraino zuzenduko gara, eskuinerantz eta ondo seinalizatutako bidetik. Antzinean populatutako haitzulo ikusgarriak bisitatu ostean, bai, berriz eskuinerantz Sarako elizalderaino zuzen abiatuko gara, tartean herri gogoangarri hau bereizten duten baserri ederren aurretik pasatuz. Frontoi handitik Ainhoarantz zuzenduko gara, ekarri dugun bidetik 500 m. atzera egin eta errotondan ezkerrerantz joz; tartean Senpereko udalerrian sartuko gara, baina beti Ainhoarako norabidean joango gara.

77,5 kilometroan azkenean, etxe ederren artean luzatzen den Ainhoan sartzen gara, Lapurdiko herririk politenetakoan, hain zuzen ere. Gaur miresten dugun etxe-multzo zoragarria antzinako Santiagoko Bidearen inguruan biltzearen ondorio da. 1629an espainiarrek denak erre zituzten bat ezik, ikusgai direnak XVII-XVIII.ekoak izanik. Hauei kanpandorre ederreko eliza-hilerri lapurtarra eta frontoia gehitzen badizkiegu, osotasuna ederra da.

Berau zeharkatu ostean, mugan bertan Dantzaria igaroko dugu, eta Nafarroan jada, eskuinerantz, bide estu eta polit batetik Zugarramurdi mitikora iritsiko gara, sorginen eta akelarreen herri ederrera. Kobazulora heltzea oso erraza da, plaza zeharkatu eta ezkerrera, sekulako baserrien artean doan kale nagusi batek zuzenean garamatza-eta.

Eta azkenak dezepzionatuko ez bazintuzten ere, bide beretik itzuli eta 1,5 km.ra eskuinera eginez Urdazubiko haitzulora iritsiko zarete, azkenekoak bezain ezaguna ez bada ere, hemen ere badago zer ikusirik-eta. Azkenik, bidea Axularren herri atseginean buka dezakezue.

Zer ikusi

SARA
SARAKO LEZEAK

Bertako esaera zaharrak (foileto turistikoek ere behin eta berriz errepikatzen dutena) "Saran astia" dio, hau da, bertako bizimodu lasaian murgiltzeko, jende atsegina ezagutzeko, baserri ederrak behatzeko edota antzinako leze ospetsuak miresteko... presarik gabe eta denbora pasatzen utziz bisitatzeko gonbite gisa har dezakeguna.

Pirinioetako lehen gailur garrantzitsuaren pean (Larrun mitikoa) eta halere itsasotik oso gertu, herriaren kokapen inbidiagarriari Ipar Euskal Herriko gogoangarrienetakoa izatea gehitu behar diogu. Horrela, herriak itzeleko monumenturik erakusten ez badu ere, plazaldeko eta auzoetako baserri-multzoa Euskal Herriko politenetakoa osatzen du. Honi guztiari bere Leze famatuetako historia misteriotsua eta herriko kontrabandista mitikoen kondairak gehituz, osotasun ezin erakargarriagoa dugu. Izan ere, arrazoi batez edo bestez, hemendik pasatu edo geratu diren pertsonaia ospetsuak asko dira:

Pedro Axular (bertan erretore zegoela "Gero" idatzi zuen), Napoleon III.a, Eugenia, Luis Mariano, Winston Churchill... eta nola ez, Joxe Miel Barandiaran antropologo handia (Ataungo baserria Sara izendatu zuena).

IKUSTEKOAK

Sara baserriez osatutako auzotan barreiatutako udalerria da, erdigune txiki batek lotzen dituena. Erdigune hau, Lapurdiko beste asko bezala, plaza baten inguruan biltzen da, bertan pilotalekua, eliza eta Herriko Etxea ditugula.

Saran ere berdin gertatzen da, baina inguruko beste batzuk baino enparantza handiagoa eta politagoa da; handiagoa, bertako pilotaleku eder-ikusgarria nahikoa luzea delako (errebotean aritzeko egokia da), eta politagoa, plaza inguratzen duten etxe koloretsuek oso edertasun handiko osotasuna sortzen dutelako.

Tamalez, frontoia askotan aparkalekutzat erabiltzen da, irudia erabat txikituz. Bestalde, frontoiak berak oso harmaila ikusgarri eta irregularrak erakusten ditu, oso leku gutxitan ikusiko ditugun modukoak. Frontoiari begira egon garela, gure atzean arkupedun Herriko Etxea utzi dugu, lehen aipatutako etxe ederren artean oso ondo nahasten dena.

Enparantzaren erdian aldiz, San Martin elizaren kanpandorre trinkoa, bere erlojuaren gainean, denbora etengabe aurrera doala gogoratzen digun esaera agertzen duena:

Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobirat egortzen. XVII. mendeko eliza hilerriak inguratzen du, Ipar Euskal Herriko ohiturari jarraikiz; barruan berriz, bost erretaulak eta Erdi Aroko Kristoren irudia, zurezko gizonezkoentzako galeriak (emakumeek meza behealdean entzuten zuten) eta lurreko hilarriak azpimarra ditzakegu.

Azkenik, Axular idazlea bertan apaiz izan zela gogorarazten digun inskripzioa ere ikusiko dugu, Luis Luziano Bonaparte frantziar printze eta euskaltzaleak eginikoa. Enparantzaldea bisitatu ostean, Sarako baserri batzuk ikustera biratxo bat egitea gomendatzen dizuegu, benetan ederrak baitira.

Auzo gehienek gordetzen dituzte baserri atseginak, baina agian dotoreenetako batzuk Lehenbizkai auzoan zehar aurkituko ditugu, erdigunetik hegoaldera gertu eta Lezeetarako bidean (frontoia ezkerrean utziz, eskuinerantz jo).

 
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
44 km.
70 m.
2.054
daturik ez
51 km2
40 bizt./km2
Euskal Idazleen Biltzarra (Bazko Astelehena)
Mugalarien Lasterketa (abuztuaren azkenaldean)
Herriko jaiak (irailak 13)

 

 

 

 

 


ZUGARRAMURDI

LEIZEAK

1608an gaude. Iparraldetik etorriz, Maria Ximildegi Zugarramurdira iristen da, eta bertoko sorginekin elkarlanean hasten da. Halere, pixka bat beranduago damutu eta bere lagunak salatzen ditu, Inkisizioaren ikerketari hasiera emanez. 1610ean azkenik, lehenbizi erruduntzat hartutako 300 pertsonetatik 31 auzipean jarriko dituzte, eta horietatik bakarrik 11ek kontatu ahal izango dute.

Batzuk torturapean (auziperatutako batzuek 80 urtetik gora zituzten) hilko dira, beste batzuek zigor gogorrak jasan, eta azkenik, abenduaren 7-8an, Logroņoko Plazan eta 30.000 inguru ikusleren aurrean, sei pertsona bizirik eta beste bost gorpu (gartzelan jada hildakoak) erreko dituzte. Hauxe da bi hitzetan Zugarramurdi izena hain ospetsua izatea eta segituan sorgin eta akelarreekin lotzea azaltzen duen atal historiko odoltsua.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
85 km.
209 m.
247
%94
5 km2
49 bizt./km2
Andra Mari ( abuztuak 15)

 

 

 

 


URDAZUBI

LEIZEAK

Argazkiak


Sarako Lezean zilueta ezaguna dugu.


Zugarramurdiko kobaren sarreran, 1610ean erretako "sorgin"en zerrenda.


Etxalarko elizaren sarrera ederra.


Etxalarko usategietako bat.

Sarako pilotalekuko jarleku irregular eta ikusgarriak.

Zugarramurdiko kobazuloko akelarreen istorioak ez du interesik galdu.

Akelarreak burutzen ziren kobazuolaren ingurua ere edertzat jo dezakegu.

Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403