Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroa garaiko iparra I Lesaka-Bera-Sara-Zugarramurdi

Abiapuntua Oiartzungo elizaldea izango da, herria osatzen duten auzoen erdigunetzat har dezakeguna. Aurrehistoriatik populatutako bailara, Ptolomeo grekoak "Oiasso" izenaz aipatzen du, eta Erdi Aroan Donostiaraino ailegatzen zen, hiriak independizatzen hasi zitzaizkion arte.

Elizaldean bertan Esteban Donea Enparantzaren (fija zaitezte iturrian) inguruko kaleetatik paseo atsegina burutu daiteke, bertan dagoen XVII.eko Udaletxea (arkupeak eta haraneko armarri bi), San Esteban eliza (visigotikoa lehenbizi, erromanikoa gero eta gotikoa gaur egun) eta San Joan Bataiatzailearen Basilika-Ospitalea (XVI. mendea) bisitatu ostean. Iturriotz auzoan Ozentzio baseliza eta Dorre Etxe gotikoa azpimarra ditzakegu, eta Gurutze auzoan aldiz, Irungo mugan dagoen Andrearriaga hilarriaren kopia (orijinala Donostiako San Telmon dago).

Elizaldetik Lesakara zuzen doan bide zahar eta estu baina oso politean, 7. km.rako Aia Harria ikusten hasiko gara, eta 2 km. beranduago Aritxulegi Mendatea eta Nafarroa harrapatuko dugu. Jaitsiera ezin basati eta ederragoa da, giza aztarnarik gabeko bailara arbolatsuan zehar, nekazal animaliak aske eta lasai bizi diren txokoa.

Eskumaldean Endarako Urtegia utzi ostean, 24. km.an azkenean "zibilizazioa" agertzen hasten da, hots, Lesakako lehen baserriak. Etxe ederrak soberan dituen erdigunean berriz, 2,5 km. aurrerago sartzen gara. Plazan ezkerrera Iruņerantz, eta 2 km. geroago Berarantz, laster Nafarroa Garaiko ipar muturrean dagoen herri honen elizalde atseginera iritsiko gara, etxe ederrak Bera osoan zehar barreiatzen badira ere.

Iruņerako norabidean itzuliz, Beratik 5 km.ra ezkerrera joko dugu, errepide arbolatsu bat hartzeko. Honek zuzenean Etxalarrera eramango gaitu. Nafar estiloko etxe-multzo honetan Jasokundeko Andra Mari eliza nabarmen dezakegu, dozenaka hilarri diskoidalez inguratua. Gaztelu dorretxeak ere merezi du.

Plazan bertan ezkerrera seinalizatua ateratzen den errepideak (baserri politez zipriztindua) 7 km.tan "Usoen Infernu"raino hurbilduko gaitu. Izan ere, Lizarrieta Mendatea baino 2 km. lehenago eskuinera joz, 500 metrotan usategi ospetsuak ondoan dituen jatetxera ailegatuko gara.

Usategiak bi estatuen arteko mugan bertan barreiatzen dira, jatetxearen osteko mendi-erlaizean, eta usoak sarez (gaur egun eskopetez ere bai) ehizatzeko antzinako modua ikusgarria da, urri inguruan burutzen dena eta hainbat pertsonen arteko koordinazioa eskatzen duena, usoak engainatu eta nahi den lekura zuzendu asmoz.

Lizarrieta Mendate estuaren jaitsieran Sarako udalerrian barneratzen ari gara, baina herrirantz baino, lehenago bertako Leze ospetsuetaraino zuzenduko gara, eskuinerantz eta ondo seinalizatutako bidetik. Antzinean populatutako haitzulo ikusgarriak bisitatu ostean, bai, berriz eskuinerantz Sarako elizalderaino zuzen abiatuko gara, tartean herri gogoangarri hau bereizten duten baserri ederren aurretik pasatuz. Frontoi handitik Ainhoarantz zuzenduko gara, ekarri dugun bidetik 500 m. atzera egin eta errotondan ezkerrerantz joz; tartean Senpereko udalerrian sartuko gara, baina beti Ainhoarako norabidean joango gara.

77,5 kilometroan azkenean, etxe ederren artean luzatzen den Ainhoan sartzen gara, Lapurdiko herririk politenetakoan, hain zuzen ere. Gaur miresten dugun etxe-multzo zoragarria antzinako Santiagoko Bidearen inguruan biltzearen ondorio da. 1629an espainiarrek denak erre zituzten bat ezik, ikusgai direnak XVII-XVIII.ekoak izanik. Hauei kanpandorre ederreko eliza-hilerri lapurtarra eta frontoia gehitzen badizkiegu, osotasuna ederra da.

Berau zeharkatu ostean, mugan bertan Dantzaria igaroko dugu, eta Nafarroan jada, eskuinerantz, bide estu eta polit batetik Zugarramurdi mitikora iritsiko gara, sorginen eta akelarreen herri ederrera. Kobazulora heltzea oso erraza da, plaza zeharkatu eta ezkerrera, sekulako baserrien artean doan kale nagusi batek zuzenean garamatza-eta.

Eta azkenak dezepzionatuko ez bazintuzten ere, bide beretik itzuli eta 1,5 km.ra eskuinera eginez Urdazubiko haitzulora iritsiko zarete, azkenekoak bezain ezaguna ez bada ere, hemen ere badago zer ikusirik-eta. Azkenik, bidea Axularren herri atseginean buka dezakezue.

Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403