Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroa garaiko iparra I Lesaka-Bera-Sara-Zugarramurdi

LESAKA

Olentzero pertsonaia mitikoaren jatorria omen den herri eder honek era berean Bortzirietako (Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantza) erdigunea markatzen du.

LABURPEN HISTORIKOA
Bere izena agiri batean lehenengoz 980. urtean aipatzen bada ere, herri gunea ez dirudi XIV. mende arte sortu zenik, Mendialdeko Bortziriak jaiotzeaz batera.

Gipuzkoarekiko hurbiltasuna zela-eta, Nafarroako muga hori eraso eta lapurren aurka defendatu asmoz, hiriak zenbait pribilejio eskuratu zuen, XV.aren hasieran handituak. Halere, 1444an Gaztelako gudarosteek hiria suntsitu egin zuten.

Bitartean, mende hauetan Lesakako ekonomia jarduerarik nagusiena udalerri osoan zehar barreiatutako burdinolak izango ziren. Gaur egun ere, batez ere industriaz arduratzen den herria dugu.

IKUSTEKOAK

Hiriko monumenturik adierazgarriena XVI. mendeko San Martin de Tours parrokia da, Berpizkundeko eta barrokoaren elementuak erakusten dituen eliza.

Gurutze latindar oinplanoaren barrualdean, gurutzeriako sabaia izardunak ikus ditzakegu, organo erromantiko eder bat eta batez ere guztiaren erdian den erretaula nagusi errokokoa, XVIII. mendekoa.

Doloretako Ama Birjinaren komentu interesgarria, edo hobe esanda eliza, hori bakarrik geratzen baita, XVIII. mendekoa da.

Eraikin zibilei dagokienez, lehenbizi zera esan behar da, Lesakak jauretxe-bilduma luze eta oso interesgarria gordetzen duela, azken bost mendeetako hirigintzaren adibide adierazgarria suertatuz. Horrela, Lesaka zerbaitegatik nabarmentzen bada, bere baserri-etxe-multzo ederrarengatik da, estilo ezberdinetan eraikitakoak.

Plaza Zaharrean dugun Udaletxea barrokoa baina apaingarririk gabekoa da, XVII.ean eraikia. Arku batzuen gainean harlanduz egina, hiriko beste eraikin askoren itxurari jarraikitzen dio.

Herria zeharkatzen duen ibaitxoaren inguruan (honen alboetan uztailaren 6an dantzatzen den Zubigaineko ospetsuak bi aldeetako auzoen arteko aintzinako liskarren amaiera ospatzen du), Zabaleta edo Kaxerna Dorretxea aurkezten zaigu.

Defentsa-eraikin handioso eta ikusgarri hau XV. mendetik oso ondo kontserbatu izan den leinu-dorrea dugu. Oso interesgarria den beste dorretxe bat Miniurineakoa da, XV. mendekoa eta gotiko estilokoa.

XVI-XVII. mendeetako euskal estiloko etxe bildumaren artean ibaiaren alboan dagoen Etxezarrea edo Mikelainea azpimarratuko dugu. 1541ekoa, bere balkoi eta leiho gorrixkek horma zuriaren gaineko lerro bertikal beltzekin eta behealdeko harrizko gorputzarekin osotasun eder-ederra sortzen dute.

Etxe ederren zerrenda luzetik beste batzuk aipatzearren, Txalainea (aurrekoaren garaikoa), Domingo Baita eta Txanpalenea beranduagokoak, egurrezko elementuak hoberen gorde dituen Alzateabaita (erreka ondoan ere bai). Azkenik, jauretxeei dagokienez, 1700eko Joanederrenea barrokoa eta Matxikotenea, estilo berekoa, nabarmendu behar ditugu.

Herrialdea
Iruñera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Nafarroa
75 km.
77 m.
2.728
%79
55 km2
50 bizt./km2
Ihauteriak
San Ferminak (uztailak 6-10)

 

 

 

 


BERA

Bidasoako Bera inguru galantean barreiaturiko herria da, eta erdigune moduko bi dauzka: elizaldea eta Altzate auzunea. XV. mendeko gerren eta 1638ko sute handiaren ondorioz, aurreko aztarnak desagertu eta aurkituko duguna zera da: XVII-XIX. mendeen arteko jauretxe bilduma zabal eta ederra.

Honela, Legia kalean (aipatutako bi erdiguneak lotzen dituen kalea) Elzaurpea Etxea dugu, gotiko bakarra. Illekueta auzuneko Zelaia Etxea, berriz, Berpizkundeko estilokoa da. Azpimarratzeko beste bat Itzea da, Barojatarren etxea. Dena den, jauretxe bildumarik ikusgarriena Altzate eta Legia kaleetan zehar dugu.

Eliza XV.ekoa da, eta barruan organo ikusgarria gordetzen du. Tenplutik gertu Udaletxea dugu. Bere aurrealdean pertsonaia alegorikoen margo polikromatu ikusgarriak daude.

 
Herrialdea:
Iruñarera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
75 km.
56 m.
3.480
%66
36 km2
97 bizt./km2
Ihauteriak
San Esteban (abuztuak 3)

 

 

 

 

SARA

SARAKO LEZEAK

Bertako esaera zaharrak (foileto turistikoek ere behin eta berriz errepikatzen dutena) "Saran astia" dio, hau da, bertako bizimodu lasaian murgiltzeko, jende atsegina ezagutzeko, baserri ederrak behatzeko edota antzinako leze ospetsuak miresteko... presarik gabe eta denbora pasatzen utziz bisitatzeko gonbite gisa har dezakeguna.

Pirinioetako lehen gailur garrantzitsuaren pean (Larrun mitikoa) eta halere itsasotik oso gertu, herriaren kokapen inbidiagarriari Ipar Euskal Herriko gogoangarrienetakoa izatea gehitu behar diogu. Horrela, herriak itzeleko monumenturik erakusten ez badu ere, plazaldeko eta auzoetako baserri-multzoa Euskal Herriko politenetakoa osatzen du. Honi guztiari bere Leze famatuetako historia misteriotsua eta herriko kontrabandista mitikoen kondairak gehituz, osotasun ezin erakargarriagoa dugu. Izan ere, arrazoi batez edo bestez, hemendik pasatu edo geratu diren pertsonaia ospetsuak asko dira:

Pedro Axular (bertan erretore zegoela "Gero" idatzi zuen), Napoleon III.a, Eugenia, Luis Mariano, Winston Churchill... eta nola ez, Joxe Miel Barandiaran antropologo handia (Ataungo baserria Sara izendatu zuena).

IKUSTEKOAK

Sara baserriez osatutako auzotan barreiatutako udalerria da, erdigune txiki batek lotzen dituena. Erdigune hau, Lapurdiko beste asko bezala, plaza baten inguruan biltzen da, bertan pilotalekua, eliza eta Herriko Etxea ditugula.

Saran ere berdin gertatzen da, baina inguruko beste batzuk baino enparantza handiagoa eta politagoa da; handiagoa, bertako pilotaleku eder-ikusgarria nahikoa luzea delako (errebotean aritzeko egokia da), eta politagoa, plaza inguratzen duten etxe koloretsuek oso edertasun handiko osotasuna sortzen dutelako.

Tamalez, frontoia askotan aparkalekutzat erabiltzen da, irudia erabat txikituz. Bestalde, frontoiak berak oso harmaila ikusgarri eta irregularrak erakusten ditu, oso leku gutxitan ikusiko ditugun modukoak. Frontoiari begira egon garela, gure atzean arkupedun Herriko Etxea utzi dugu, lehen aipatutako etxe ederren artean oso ondo nahasten dena.

Enparantzaren erdian aldiz, San Martin elizaren kanpandorre trinkoa, bere erlojuaren gainean, denbora etengabe aurrera doala gogoratzen digun esaera agertzen duena:

Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobirat egortzen. XVII. mendeko eliza hilerriak inguratzen du, Ipar Euskal Herriko ohiturari jarraikiz; barruan berriz, bost erretaulak eta Erdi Aroko Kristoren irudia, zurezko gizonezkoentzako galeriak (emakumeek meza behealdean entzuten zuten) eta lurreko hilarriak azpimarra ditzakegu.

Azkenik, Axular idazlea bertan apaiz izan zela gogorarazten digun inskripzioa ere ikusiko dugu, Luis Luziano Bonaparte frantziar printze eta euskaltzaleak eginikoa. Enparantzaldea bisitatu ostean, Sarako baserri batzuk ikustera biratxo bat egitea gomendatzen dizuegu, benetan ederrak baitira.

Auzo gehienek gordetzen dituzte baserri atseginak, baina agian dotoreenetako batzuk Lehenbizkai auzoan zehar aurkituko ditugu, erdigunetik hegoaldera gertu eta Lezeetarako bidean (frontoia ezkerrean utziz, eskuinerantz jo).

 
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
44 km.
70 m.
2.054
daturik ez
51 km2
40 bizt./km2
Euskal Idazleen Biltzarra (Bazko Astelehena)
Mugalarien Lasterketa (abuztuaren azkenaldean)
Herriko jaiak (irailak 13)

 

 

 

 

 


ZUGARRAMURDI

ZUGARRAMURDIKO LEIZEAK

1608an gaude. Iparraldetik etorriz, Maria Ximildegi Zugarramurdira iristen da, eta bertoko sorginekin elkarlanean hasten da. Halere, pixka bat beranduago damutu eta bere lagunak salatzen ditu, Inkisizioaren ikerketari hasiera emanez. 1610ean azkenik, lehenbizi erruduntzat hartutako 300 pertsonetatik 31 auzipean jarriko dituzte, eta horietatik bakarrik 11ek kontatu ahal izango dute.

Batzuk torturapean (auziperatutako batzuek 80 urtetik gora zituzten) hilko dira, beste batzuek zigor gogorrak jasan, eta azkenik, abenduaren 7-8an, Logroñoko Plazan eta 30.000 inguru ikusleren aurrean, sei pertsona bizirik eta beste bost gorpu (gartzelan jada hildakoak) erreko dituzte. Hauxe da bi hitzetan Zugarramurdi izena hain ospetsua izatea eta segituan sorgin eta akelarreekin lotzea azaltzen duen atal historiko odoltsua.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
85 km.
209 m.
247
%94
5 km2
49 bizt./km2
Andra Mari ( abuztuak 15)

 

 

 

 


URDAZUBI

URDAZUBIKO LEIZEAK

 

Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403