Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi
Nafarroa beherea Hazparne-Donamartiri-Bidarrai-Baigorri-Aldude-Donibane Garazi-Donazaharre

BIDARRAI

Orreagako Monasterioak XII. mendean fundaturiko priorerri hau, azkenean 1723. urtean independizatu zen. Mendixka baten gainean kokaturik, baxenafar estiloko etxe zuriz osatutako herri honen alde batean frontoia, aterpea eta Herriko Etxea ditugu, eta bestean, tonu gorrixkako eliza. Hemendik, inguruko mendi gorritxoen bista polita ikus dezakegu.

HARPEKO SAINDUA

Kotxez hurbildu ondoren, baserri baten atzealdetik abiatzen den galtzada moduko bat igoko dugu, gure aurrean altxatzen den mendi-zirkurantz. 150 bat metrotara, bidegurutze moduko batean ezkerretara eginez zuzen-zuzenean haizperaino eramango gaituen lurrezko bidezidor bat abiatzen da. Bertan, ehunka urtetan gurtu izan duten “izerdi egiten duen santua” dugu, hots, giza-itxura duen estalagmita (imajinazio pixka batekin). Ohiturari jarraiki, ur horrek azalaren gaixotasunak sendatzen ditu, eta sinismen horrek bultzaturik, jende askok hainbat buruzapi eta arropa utzi ohi du kobazuloan.

Herrialdea
Donibane Garazira
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Nafarroa Beherea
18 km.
74 m
585
daturik ez
39 km2
15 bizt./km2
Besta Berri (Korpus Eguna)
Andre Mari (abuztuak 15)

 

 

 

 


BAIGORRI

Baigorriko erdigunea errepide-karrika bakarrean zehar barreiatzen diren etxeek osatua dago. Hala, kilometro eta erdi sigi-saga doan kale nagusi honetan, pare bat gune bereiz ditzakegu: Herriko Etxearen enparantza eta elizaldea.

Herriaren sarreran lehenik plaza topatuko dugu. Errebotean aritzeko Euskal Herri osoko frontoirik zaharrenetariko bat dago hemen. Alboan Iriberria izeneko baserri dotorea dugu. Enparantzaren beste aldean Herriko Etxea eta zenbait jatetxe eta ostatu ageri dira, guztiak ere batasun atsegin batean bilduak.

ZUBI "ERROMATARRA

Kaleari jarraituz, ateburu politez hornituriko baserri dotoreen ondotik aurrera eginez, zubi modernora iritsiko gara. Honen parean zubi zaharra edo erromatarra dugu (nahiz eta gure herrian askotan gertatzen den moduan XVI. mendekoa besterik ez izan). Ibai gaineko zubiaren arku bakarrak, zubia estaltzen duten landareek, alde batean dugun Etxausko Jauregiak eta beste aldean ditugun mendi gorrixkek, oso ikuspegi ederra osatzen dute.

Puntu honetan pixka bat atzera egin eta Rue Michelene izeneko 2. mailako kalea hartuz, zubi zahar honetara iritsiko gara (beste aldetik ere bai, noski). Hona iritsirik, ohar zaitezte zubiaren harri handiek eta atzean dugun baserriak nolako kontrastea sortzen duten. Ibilbide honen lehen lerro hauetan erakusten dizuegun hau, Baigorriko beste “postal” tipikoetako bat da.

ETXAUSKO JAUREGIA ETA ELIZALDEA

Antzina, agotentzat bakarrik (jatorri zehaztugabeko arraza madarikatu eta baztertua, Ipar nahiz Hego Euskal Herrian) erreserbatua zegoen karrika honi jarraiki, Etxausera helduko gara.

XI. mendeko jauregi dotore hau izen bereko bizkondeena izan zen. Bertrand Etxauskoa Baionako Gotzaina izan zen, hain zuzen ere Pierre de Lancre kontseilaria bere postutik bota zuena, Sorgin-ehizan egindako gehiegikeriengatik.

Pertsonaia hau bera, Jeanne de Albret eta kalbinisten aurkako erlijio-guduetan, katolikotasunaren defendatzaile sutsua izan genuen. Axularri ere lagundu zion Sarako erretore izan zedin. XVI. mendeko erlijio-guduetan kiskalita geratu zen gaztelua. Geroago berriztatua, ezkontzaren ondorioz Jean Isidore Harizperen esku geratu zen, zeina Napoleon III.aren garaian mariskal izatera iritsi baitzen. Bitxikeria gisa, bertan ostatu hartu duten beste pertsonaia ospetsuetako bat Charlie Chaplin bera dugu.

Erdi aroko bi dorre dituen kanpoalde karratu eta zuri horrekin batera (jauregi batean oso ohizkoa ez dena), kontuan hartzen badugu barrualdeko arma-gela, erdi aroko eskailera izugarria eta bestelako gelak ere badituela, emaitza gisa arkitekturaren harribitxi bat dugu, 1997. urtean Frantziako Jauregi Zaharren Saria merezi izan zuena. Zabalik: martxotik azarora, astelehenetan izan ezik, 10-12 eta 14-17:30 ordu bitartean. Helduentzako sarrera: 35 libera.

Hirugarren zubia igaro ondoren Saint Etienneko elizara iritsiko gara. Estilo erromanikoan egindako lau habe eta beste hainbat kapitel gordetzen ditu, baita abside gotiko bat ere. Barrualdea barneluzego bakarreko tunel moduko bat da. Bertan XVIII. mendean hispaniar erara urreztaturiko erretaula barrokoa eta zurezko sabai polikromatua azpimarratuko genituzke. Bertan, Lapurdin ohikoak (Nafarroa Beherean, aldiz, salbuespen) diren gizonezkoentzako galeriak ere aurkituko ditugu.

Azkenik, kale nagusitik berriz ere plazaraino itzul gaitezke, tartean baserri eder gehiago ikusiz. Nolanahi ere, ezin dugu Baigorriri buruzko informazioa bukatutzat eman Nafarroaren Eguna aipatu barik. Nafarroa bien arteko anaikidetasuna azpimarratzen duen jai koloretsu honetan, alde bateko zein besteko taldeek, dantza eta musikaz baliatuz, kaleak animatuz egon ohi dira egun osoz, apirilaren bukaera aldera.

Herrialdea:
Donibane Garazira:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa Beherea
11 km.
156 m.
1.557
daturik ez
69 km2
23 bizt./km2
Nafarroaren Eguna (apiril bukaera)
Herriko Jaiak (abuztuaren 1. astea)

 

 

 

 

DONIBANE GARAZI

Donibane Garazi Euskal Herriko hiribururik txikiena da (Nafarroa Beherean), baina aldi berean herririk politenetako bat ere bai, Ipar Euskal Herrian gune turistiko oso garrantzitsua izateaz gainera.

HISTORIA PIXKA BAT

Antzina Akitaniako Dukerriaren mende egon zela diote, baina handik gutxira Nafarroako Erresumaren zati izatera pasatu zen. 1383 eta 1417 urte bitartean, mendebaldean izandako zisma-garaian, Avignongo Apezpikuaren egoitza bertan kokatua izan genuen, Aita Santuak Baionakoa bakarrik onartzen zuen bitartean.

XVIan espainiarrek eta nafarrek hiria “txandaka” hartu zuten beren mende. Bake-garaian harresietatik kanpo garatu eta Ziutadela eraiki zuten, aurreko gazteluaren ordez. Dena den, erdi aroko itxura duen hiria izaten jarraitzen du oraindik.

IKUSTEKOAK

Donibaneko ohiko kaleak maldan gora antolatuta daude, muino baten gainean dagoen Ziutadelara begira. De Gaulle edo Marché Plazan Turismo Bulegoaz gain Herriko Etxea dugu, Mansart Jauregian. Louis XIV. estiloko etxe gorrixka ederra dugu berau.

Errobi ibairantz hurbilduz, zubian geldituko gara unetxo batez, hiri honetako “postal”ik ezagunenaz gozatzeko, gure aurrean zintzilik dauden egurrezko balkoi luzeko etxe zaharrak, zubi zaharra, eliza eta Ziutadelako mendixka ditugula. Bertan dagoen Nafarroako Atea igaroz gero, harresien barnean sartuko gara; nahi badugu harresien gainetik ere ibil gaitezke, igotzeko eskailerak daudelako.

Aurre-aurrean, Notre Dame du Bout du Pont Eliza dugu, baina horren aurretik Xabierko San Frantziskoren arbasoen jauregia ere hortxe dugu, besteak beste. Elizaren lehen aulkiak antzinako elizaren garaikoak dira, Navas de Tolosako garaipena ospatzeko Antso Azkarrak eraikia. Barneluzego bakarrekoa, beirategietan eta aldarean Nafarroako kateak aurkituko ditugu.

Notre Dameko Atea zeharkatuz, erromesen bidetik, Ziutadelako karrikatik gora igotzen hasiko gara. Aldapa gogorreko kale harritsu hau Euskal Herrian aurkitu ditugun politenetako bat da, bere etxe, teilatu eta ateburu koloretsu eta apainduekin.

32. zenbakian Donibaneko etxerik zaharrena eta politenetakoa dugu, 1510ekoa, 39an Apezpikuen Etxea eta 41ean XIII.eko Apezpikuen Presondegia izandakoa. Bertatik barruko gelak ikus daitezke, eta beheko solairuan presoak lotuta edukitzeko iduneko eta zirgilo beldurgarriak. Zabalik: apiriletik azaroaren 15a bitarte, 9:30-19 ordutegia duela.

Etxe interesgarri askotxoren artetik gora segituz Saint-Jacques Atea topatuko dugu, erromesak sartzen zireneko atea. Hemendik aurrera, igoera txiki bat besterik ez zaigu geratzen XVII.eko Ziutadelaraino. Aldapa honek Erregearen Ateraino eramango gaitu. Gero, zubi altxagarriaren ostean, Gobernatzaileen Pabilioia dago, kanpandorre polit bat duela. Barrualdera ezin gaitezke sartu, bertan lizeo bat dagoelako, baina begiratokia konparaezina da.

Kale harritsu beretik beherantz goazela, erdialde parean eskuinetara karrika bat ikusiko dugu, Frantziako Atera eta plaza nagusira eramango gaituena. Ateak harresietara igotzeko beste eskailera bat ere badu. Guk Ziutadelako Karrikatik beherantz segituko dugu, ibaia zeharkatu eta Espainiako Kalera iritsi arte. Azken hori, merkataritza-kale oso animatua da, oroigarriren bat erosteko aproposa, etxe atseginen artean artisautza mota askotako dendak tartekatzen direlarik.

Errobi ibaiaren ur garbietara itzuliz, harekiko paralelo doan bide bat ikusiko dugu. Bide honetatik eskailera luze batek berriz ere Ziutadelaraino eraman gaitzake, edo bestela, egurrezko zubitxo polit bat zeharkatuz, udal kanpinera eta pilotalekura. Harantzago, “zubi erromatarra” dugu, erdi arokoa, noski, ingurune arbolatsu eta oso polit batean.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa Beherea
163 m.
1.726
daturik ez
3 km2
575 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuak 14-16)
Maskaradak (Ihauteriak)

 

 

 

Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403