Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi
Nafarroa beherea Hazparne-Donamartiri-Bidarrai-Baigorri-Aldude-Donibane Garazi-Donazaharre

HAZPARNEKO ELIZA izango da gure abiapuntua, oraindik ere Lapurdin. Elhuyar anaia kimikarien jaioterria eta Francis Jammes olerkaria hil zeneko herria dugu Hazparne. Bere izena daraman kalean museo bat eraikia dago bere omenez.

Elizaren aurretik abiatu eta zuzenean eskuinetara eginez, Baiona-Donapaleurako bidea hartuko dugu. Lekuinen (Bonloc), berriz, ezkerrera egingo dugu, eta Donestiri - Saint-Esteben (XVII.eko eliza polita) igaro eta 2 km-ra gauza bera egingo dugu.

Beste km 1 egin eta Donamartirin (St.-Martin-d´Arberoue) sartuko gara. Hemen, eliza eskuin aldean utzi eta ezkerreko bidea hartuko dugu. 2´5 km geroago hiru aparkaleku zeharkatu ostean, Izturitze eta Otsozelaiako Lezeetako sarrerara iritsiko gara, alegia, Hego Europako santutegi paleolitikorik garrantzitsuenetako batera, eta barruan, milioika urtetan zehar sortzen joan den eta azken 50.000 urteetan populatua izan den altxor magikoa aurkituko dugu.

Donestirira itzuli ondoren, ezkerretara egingo dugu Heletarantz. Abiatu eta 5 km-ra eskuinetara egiten badugu, herri honen erdialdean sartuko gara, Baigura mendiaren magalean. Azoka Plaza eta bere ingurua, eliza eta hilerria nabarmentzekoak dira, baina Heleta Nafarroa Behereko herrialde osoan ospetsu bihurtu duena azaroaren 24-25ean ospatzen den Zaldien Azoka koloretsua da. Baserritarrak edonondik datoz tratuan aritzera, eta jatetxeek plater tradizionalenak eskaintzen dituzte, kantitate handian gainera.

Km 1 aurrerago ezkerrera egingo dugu, eta bertatik 5 km-tara, Irisarrira helduko gara. Hemen Donibane Garazi-Ortzaize aldera egiten badugu, herriko erdialdea zeharkatuko dugu. Bertan, XII.eko Jerusalengo Ordenako Zaldunen Ospitale mugagabea nabarmentzen da, XVI.ean Maltako Ordenaren eskuetara pasatu zena. Gaur egungo eraikina XVII.ekoa da, zaharra XVI. mendean suntsitu baitzuten.

HARPEKO SAINDUA, ESTALAGMITA MITIKOA

Ortzaizerantz goazela, Bidarrai ondoko Itsusiko Harri gorrixkak ikusteko parada izango dugu. Ortzaizen erdi aroko jauregiak eta XVII-XIX.eko baserri ederrak miretsiko ditugu, harri gorrixkaren gaineko bere ateburuekin. St. Juliengo elizak ere bisitatxo bat merezi du.

Ondoren, eskuinera egin eta handik 6 km-ra, Bidarraiko erdialdera iristeko sarrera-zubia dugu, herria dagoen mendixkaren behealdean. Hori igaro, eta lehendabizi eskuinera eta geroago ezkerrera eginez, herri-barnean izango gara.

Harpeko Saindura iristeko zera egin behar dugu: leku beretik jaitsi, ezkerrera dugun zubi semizirkular bat igaro eta berriro ezkerrera egin, ibaia gure ezkerrean utziz; hemendik aurrera zuzen eta gorantz jarraituko dugu. 2 km-tara “Infernuko Zubia” pasatu eta handik 0,5 km-tara bidegurutzean eskuinetara joko dugu, behe alderantz. 2 km-tara beste zubi bat igaro eta handik 1,5 km-tara, zirko natural baten azpian aurkitzen den bigarren baserrian aparkatuko dugu, oinez amaitzeko.

Errepidera itzuliz, Baigorrirako bidean Arrosa ondotik pasatuko gara, eta 3 km-tara Eiheraldetik.

Baigorri, kondairek diotenez Nafarroako Errege-Erreginen sorterria izateaz gain, gaur egun bi eskualdeen arteko loturak nabarmenduz Nafarroaren Eguna antolatzen duen herri dotorea dugu.

Baigorriko kale bakarra zeharkatu ostean, Aldude Bailaran sartuko gara.

Lehen herria Banka da, bertako antzinako meategiek ospetsu bihurtu zutena. Bidean antzinako burdinoletako hondakinak eta aztarnategi modernoak ere ikusiko ditugu. Bitxikeria gisa, herritxo honetako frontoiaren ezker pareta etxe batena da, eta goian hurrengo bertsoa ageri da:

“Emazue gazteak ardura pilotan
zeren den ederrena joko guztietan”.

Hurrengo herria bailara atsegin honi izena ematen dion Aldude da. Azkenik, handik km gutxira, Fernando Aire “Xalbador” (1920-1976) bertsolari handiaren Urepele herrixkara iritsiko gara. Sarreran dagoen monumentu batek urepeldar seme goren hau ekarriko digu gogora.

Baigorrira itzuliz, Donibane Garazirako bidean Irulegitik pasatuko gara. Herri hau, jatorrizko izendapena duen bertako ardoarengatik da ezaguna, izan ere Ipar Euskal Herrian dagoen izendapen bakarra baita. Aipatzekoak dira, halaber, Sorhoetako Kaperan dauden XVII.-XVIII. mende inguruko egurrezko estatuak.

6 km. geroago (Uharte-Garazi igaro ostean) euskal hiribururik txikienean baina baita herririk politenetako batean ere sartuko gara. Alderdi guztietatik erdi aroko kutsua darion leku ederra eta oso animatua da Donibane Garazi. Ondare historiko-artistiko zabal horrek eta, halaber, baserritarrek, erromesek, merkatariek eta turistek sortzen duten giroak, guztiz erakargarria egiten dute inguru hau.

Gure ibilbidea 4 km. aurrerago amaituko dugu, Izpura igaro ondoren, Donazaharren (St.-Jean-le-Vieux) hain zuzen ere. Donazaharre Santiagora zihoazen erromesen atsedenleku izan genuen, eta hiriburua baino are garrantzitsuagoa. Bertako elizak, adibidez, prioretxe-ospitale funtzioak bete izan ditu, Garazi Herriko ordezkarien batzarleku izateaz gain. Etxe bikainek eta frontoira begira dagoen plaza batek edertasun handiz janzten dute kale nagusia. Plazak harrizko gurutze interesgarri bat du.

Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403