Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDonostialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Donostialdea Donosti-Pasaia-Hondarribia-Irun-Oiartzun-Goizueta-Hernani

DONOSTIA

Donostia topikoz gainezka bizi den hiria da, gehienak kurtsiak, baina baita merezitakoak ere: Easo Ederra, Ozeanoko Perla, Inguru Paregabea... Ukaezina dena zera da, Donostia dugula Euskal Herriko hiririk ederrena (Miarritzeri Igeldo faltako litzaioke, besteak beste), eta baita Europako politenetakoa ere. Hiria bera edozeinekin konparatzeko modukoa bada, zer esan badiarekin batera osatzen duen batasunaz, edota Igeldoko bista zoragarriez...

HISTORIA PIXKA BAT

Antzina jada bazegoen Urgull mendipean arrantzaleen herrixka bat, Izurun deitzen omen zena. Erromatarren garaian Easo izena duela ageri da. Era berean, Antiguan nekazaritza-gune bat ere bazegoen. Bertan, San Sebastian izurritearen aurkako abokatuaren omenezko baseliza zegoen, eta bertatik, hirixka osora zabaldu zen izen hori. Antso Jakitunak hiri-forua eman zion XI. mendean.

Populatzaile gaskoinen etorreraren ondorioz (bertako toponimian eragina utziz) merkataritza eta arrantza indartu egin ziren, merkataritza alorrean bertako portua Kantauriko garrantzitsuena bihurtu, eta balearen arrantzan Ternuara iritsi ziren. Kokapen estrategikoak, gainera, gotorleku bihurtu zuen. Ondorioz, zenbait setio jasango zituen, baina arazorik handiena suteak izan dira, XIII. mendetik 1813raino 12 aldiz suntsitu baitute hiria.

Bilboko portuak gora egin zuenean, Donostiakoaren beherakada hasi zen, eta Caracaseko Gipuzkoar Konpainiaren sorrerak behin betiko amaiera emango zion. Geroago, Napoleonen garaian, frantziarren esku geratu zen hiria, 1813an ingelesek, portugaldarrek eta espainiarrek haiek botatzearren hiria erabat suntsitu zuten arte. Isabel II.aren garaian hiria berriz altxatuko zuten (1854z geroztik Gipuzkoako hiriburu gisa), harresiak bota eta hiri modernoa eraikiz.

Karlistada garaian liberalen alde jartzeak zenbait setio pairatzea ekarri zion, baina era berean, Isabel II.ak Donostian uda pasatzearen moda zabaldu zuen (Maria Kristinak jarraituko zuena), atzetik burgesia eta turismoa erakarriz. XX. mende osoan, eta gaur egun arte, Donostia eliteko turismoaren atsedenleku izan da (batik bat Belle-Époque ospetsuaren garaian), bertatik errege-erreginak, presidenteak eta ospetsu mordoa igaro direlarik.

ALDE ZAHARRA

Esan beharra dago Alde Zahar hau ez dela hain zaharra, 1813an berriro eraiki baitzuten. Abuztuaren 31 kaleko 42 eta 44 zenbakidun etxeak hiriko zaharrenetakoak dira. Bertako ezaugarririk nabarmenena kaleetako giroa eta taberna-kontzentrazioa dira.

Alde Zaharraren bihotza 1722ko Konstituzio Plaza da, antzina zezen-plaza izandakoa (zenbaki bana duten balkoiek hortxe diraute). Bertan XIX. mendeko Udal Liburutegia dago, 1947 arte Udaletxe izandakoa, marmolezko eskailera bat, hiriko armarria eta San Sebastian Jaiari hasiera ematen dion erlojua dituela.

Portu alderantz, bi kale harantzago, Kale Nagusia dugu, eta beste eraikinen gainetik, XVIIIko Santa Maria Basilika edo Koruko Andre Maria barrokoa nagusitzen da, hiriko zaindaria. Hasieran erromanikoa zen, XVI.eko eranskin gotiko batzuk zituela. Aurrealdeak erretaula itxura du, Amerikako eliza kolonialen antzekoa (Caracaseko Konpainiak ordaindu zuen). Barrualdean aldiz, gurutzeria-sabai gotikoa eta aldare txurrigereskoa (Kontsulatua), barrokoa (San Pedro) eta neoklasikoa (La Soledad) ditu. Aldare Nagusian Koruko Andre Maria eta San Sebastian agertzen dira. Harlanduko koruan XIX. mendeko organoa azpimarratzekoa da. Elizaren ezkerreko aldera eginez, Abuztuaren 31 kalean, San Bizente eliza dugu, hiriko zaharrena (XVI. mendeko gotikoa), Berpizkundeko Aldare Nagusia duela. Elizako orduak: 10-12 eta 16:30-19.

Kale amaieran, Zuloaga Plazan ezkerretara eginez, San Telmo Museoa aurkituko dugu, XVI.eko antzinako domingotarren Berpizkundeko abatetxea. Arkitektura aldetik, klaustroa eta Jose Maria Sert-en fresko handia nabarmentzen dira, eta erakusketan, berriz, hilarri diskoidalak eta Ignacio Zuloagaren gela. Zabalik: asteartetik larunbatera 10-13:30 eta 16-20 (igandeetan goizez).

KAIA ETA URGULL MENDIA

Alde Zaharrean zehar ibili ostean Porturantz itzuliko gara. Bertan, kaiko Pasealekuan zehar, alde bateko txalupa eta itsasontzi koloretsu eta beste aldeko arrantzale-etxe polit eta arrain-jatetxe usaintsuen artean ibiliko gara. Errepara iezaiozue 1866an beste batzuk salbatzearren bere bizia galdu zuen “Aita Mari” arrantzalearen omenez eskainitako estatua eta plakari.

Amaieran, Museo Ozeanografikoa edo Aquariuma dugu, dozenaka itsas-espezie ezberdin eta euskaldunak eta itsasoaren arteko lotura estua erakutsiz. Kostalde honetan harrapatutako azken balearen eskeletoa oso ikusgarri geratzen da. Berriztatu zutenetik ordutegia ere zabaldu egin da, eta, horrenbestez, egunero 10-20 ordu bitartean aurkituko dugu zabalik. Helduentzako sarrerak 1.100 pta. balio du.

24. zenbakian dagoen Itsas-Museoak itsasoarekin loturiko euskal arkitektura, tresnak eta industria dauzka erakusgai. Zabalik: asteartetik larunbatera 10-13:30 eta 16-19:30 (udan 20:30) ordu bitartean. Igandeetan goizez. Sarrera dohainik.

Inguru pribilegiatu honetatik bistak zoragarriak dira, ezkerrean Donostia eta Kontxako hondartza, erdialdean Santa Klara uhartea, atzean Igeldo mendia eta alde guztietatik itsaso zabala ditugula. Azkenik, ekainetik irailera Arrantzaleen kaitik Santa Klararaino doan ontzi turistiko bat irteten da. Uhartean itsasargia eta kaitxoa besterik ez daude, baina ur gaineko txangoak benetan merezi du.

Aquariumetik gertu, Gaztelurako Igoera izeneko bidetxoa dugu, Urgull Mendi-Parkeraino oinez eramango gaituena. Ibilera polita da, eta goian “La Mota” Gotorlekua (geratzen dena), itzelezko Bihotz Sakratuaren estatua eta hiriko ikuspegi ederra dugu. Orain, bide beretik kaira edo beste bide batetik San Telmora jaisten bagara, itsaso bazterreko Paseo Berri ederrean zehar mendia inguratu dezakegu.

KORTAZAR ZABALGUNEA

Bulevarreko Zumardiak, pasealeku eder bihurturik, Alde Zaharra eta hiri modernoa banatzen ditu. Hasieran Alderdi Ederreko Lorategiak ditugu (izena bera nahiko esanguratsua da), eta bertan, lehenago Kasinoa izandako Udaletxea aurkitzen dugu. 1882an eraikia, hiriko erakinik esanguratsuenetako bat bihurtu da.

Bulevarraren amaieran Urumea Ibaiarekin egingo dugu topo, eta halaber, bere gaineko zubiekin, zein baino zein ikusgarriagoa. Gure aurrean duguna Zurriola edo Kursaalekoa da, eta bere elementurik bereizgarrienak farola modernistak dira. Hementxe bertan Zinemaldiko izar guztiak ostatu hartzen duten Maria Cristina luxuzko hotela dugu, Turismo Bulegoa, eta baita Victoria Eugenia Antzokia ere. Honen aurrealdeak, 1909koa, Berpizkunde kutsua dauka, elementu platereskoekin batera.

Antzokiaren albotik, Urumea atzean utzi eta hiri modernoaren bihotza den Gipuzkoako Plazara ailegatuko gara. Enparantza txiki honetan, ahatedun lakutxo baten inguruan, landare eta zuhaitz ezberdin askoren artean, lore-erloju bitxi bat eta zeru-sabaia irudikatzen duen tenplutxoa ikusiko ditugu.

Plazaren alde batean Diputazioaren Jauregia dugu. Aurrealde neoklasikoa Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi itsasgizon eta bidaiari gipuzkoarren estatuek koroatzen dute. Plazaren inguruko kaleetan merezi du gora begira ibiltzea, luxuz landutako eraikin eta etxeen fatxadetako bitxikeria eta xehetasun ederrei erreparatuz.

Ondoren, Urumeara itzuli eta beste bi zubiak gertutik behatuko ditugu: Santa Catalina (ehunka urtetan izandako bakarra, 1870an harriz berreraiki zuten, estilo neoklasikoan) eta Maria Cristina (Pariseko Alejandro III. zubian inspiratua, 1904an egina, lau obelisko ikusgarri ditu, eta bakoitzean eskultura-multzo bana).

Hemendik berriz ere kale artean sartuz, segituan Artzain Onaren Plaza eta Katedrala topatuko ditugu. 1897an inauguratua, neogotikoa da.

Honen aurrealdeko Loiola kaletik Alderdi Ederrerantz itzuliz, urrunean Alde Zaharreko Santa Maria ikus genezake (trafikorik eta jenderik ez badago, noski). Tartean Askatasunaren Etorbidea zeharkatuko dugu, hiriko merkataritza-gune nagusitzat har genezakeena.

KONTXAKO PASEALEKUA

Donostian dagoen gauzarik politena, erakargarriena, eta berez hiria bisitatzeko nahikoa arrazoi dena, Kontxako Badia dugu. Osotasunean behatzeko lekurik egokiena Cervantes Plaza izan daiteke, Askatasunaren Etorbideak eta Urbieta kaleak topo egiten duten kantoian: eskuinean Urgull Mendia, goian Jesusen Bihotz erraldoia duela, eskuinerago (baina askoz hurbilago) Udaletxea, aurrean Santa Klara uhartea eta itsaso zabala, eta pixka bat ezkerrerago, Igeldo Mendia. Osotasun zoragarria, benetan.

Euskal Herriko hondartzarik ezagunenaren eta ederrenaren gainetik (Miarritzekoarekin batera) luzatzen den pasealeku miragarriaren bereizgarri ospetsuenak milaka argazki eta postaletan ikusiko dugun baranda zuria eta tamarindoak ditugu. Horrez gain, Ondarretarantz abiatuz, Erlojuak ikusiko ditugu, ordua ematen duten zutabe bitxi pare bat, eta halaber, “Fleming-i Omenaldia” izeneko Txillidaren eskultura.

Ibilian zoaztela ez ahaztu noizbehinka ezkerreko aldera ere begiratzea, Mirakontxako jende aberatsen “etxeetara” alegia. Imajina ezazue nolako etxea izango duen ohetik jaikitzean Kontxako paradisua ikusteko aukera duenak... Ondarreta eta Kontxako hondartzak banatzen dituen Loretopeko izeneko lur muturrean, hiriko tokirik hoberenean, Miramar Jauregia kokatua dago. Maria Kristina Erreginarentzako estilo ingelesean eraikia, gaur egun kultur ekintza garrantzitsuren egoitza da. Lorategiek (egunez zabalik) hiriko behatokirik onenetarikoa eskaintzen dute.

Ondarretako hondartza “aristokratikoaren” gaineko lorategiak ere oso atseginak dira, bertako Maria Kristina eta “Zeharki” eskulturekin batera. Azkenik, pasealekuaren muturrean, Txillidaren “Haizearen Orrazia” ospetsura iritsiko gara. Haitzen gaineko kokapen horrek, haize nahiz olatuen indarrak eta bertako forma bitxiek osotasun ikusgarri eta misteriotsua bihurtzen dute.

IGELDO MENDIA

Igeldo Mendia, Euskal Herriko ederrena ez ezik, nazioarteko talaiarik izugarrienetakoa dela esatea ez da gehiegi esatea. Hori baieztatzeko, Itsasargiko Pasealekutik igotzea besterik ez dago. Jolas Parkearen alde batean ozeano amaiezina eta beste aldean Donostiako hiria dituela, Kontxako Badia eta inguruko mendiak bezalako panorama ikusteko aukerarik eskaintzen duen begiratoki gutxi egongo dira... Gainera, ilunabarrak ere ezin miresgarriagoak dira.

Bertara funikularrez ere igo gaitezke, eta bertan Jolas Parkean ibili. Bertan mende hasierako zenbait instalakuntza daude oraindik, hala nola, Mendiko Trena. Zabalik: astelehenetik ostiralera, 11-20 ordu bitartean; asteburuetan, 11etatik 22etara. Sarrera 160 pta. Argizarizko Museo interesgarri bat ere badago, euskal historia eta kulturako pertsonaiekin. Batez ere, Terrore Arloa nabarmentzen da, hilerri eta guzti. Zabalik: egunero 11-14 eta 16-18:30 ordu bitartean.

Esandakoa, Donostia bisitatuz gero, Igeldora ez igotzea, agian, Euskal Herrian goza dezakegun ikuspegirik ederrenari uko egitea litzateke.

Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Gipuzkoa
5 m.
178.210
%33
61 km2
2.922 bizt./km2
San Sebastian (urtarrilak 20)
Kaldereroak (otsaileko 1. larunbata)
Ihauteriak
Aste nagusia (abuztuak 14)
Abuztuaren 31 (abuztuak 31)
Santo Tomas (abenduak 21)

 

 

 

 

 

PASAIA

Pasaiako badia historikoki San Pedro eta Donibane guneek bete izan dute, badiaren sarreran hainbeste urtetan elkarri begira izan diren auzo arrantzale tipikoek. Itsasoz hain hurbil, baina kaminoz joanez gero hain urrun egoteak bi etxe-multzo gogoangarri hauen arteko harreman-lehia nahikoa berezia sortu du, beste inon baino hobeto estropada garaian islatzen dena.

Horrelakoak alde batera utzita, oso gomendagarria deritzogu bi auzo hauek bisitatzeari (batez ere Pasai Donibane), biak ere itsas kutsu nabarmeneko oso gune politak direlako. Beste bi auzoak, Pasai Antxo badiaren erdian, eta Trintxerpe San Pedroren ondoan, beranduago eratu dira, badia honetan kokatzen den portuak gero eta garrantzi handiagoa hartu ahala. Gaur egun Euskal Herriko porturik garrantzitsuenetakoa da.

LABURPEN HISTORIKOA

Udalerri bateratu gisa berriagoa bada ere, bi gune historikoen jatorria Donostia eta Hondarribiko fundazioekin lotua dago. Izan ere, Pasai San Pedro hainbat mendetan zehar Donostiako auzune izan zen, eta Pasai Donibane Hondarribikoa. 1765ean dagoeneko, bertako agintariek banaketa horrek era guztietako kalteak ekartzen zizkiela zioen idatzia bidali zuten Madrilera, Koroarengana hain zuzen.

Gauzak horrela, 1770ean Pasai Donibane Hondarribitik banandu eta bere udalerri propioa sortu ahal izan zuen. Pasai San Pedrok 1805 arte itxoin behar izan zuen dekretu hori lortzeko, Independentzia Guda amaitu arte bete ezinik egon bazen ere. Dezente geroago, XIX. mendearen amaiera aldera Pasai Antxo sortu zen, eta horretarako lagungarri gertatu zitzaion trenbidea eta “Nazional 1” errepidea bertatik pasatzea. Trintxerpe, berriz, mende honen bigarren erdialdean sortu zen, kaiko arrantza-jarduerak bultzaturik.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Gipuzkoa
6 km.
4 m.
17.209
%32
11 km2
1.564 bizt./km2
San Joan (ekainak 24)
San Pedro (ekainak 29)
San Fermin (uztailak 7)
Karmenak (uzailak 16)

 

 

 

 

 

PASAI DONIBANE

Errenteria-Lezotik etorriz (ikus ibilbidea), Pasai Donibaneko gune historiko-artistikoa osatzen duen kale bakar eta ederrean sartu aurreko aparkalekuan autoa uztea gomendatzen dizuegu. Bestela, hamar bat minuturo aldatzen den semaforoa berde jarri arte itxoin beharko duzue, eta horren aurreko kale estuan arazoren bat izan dezakezue autoz ibiltzeko.

Osorik monumentutzat jo dezakegun kale estu, bihurgunetsu eta eder honek etxepeko hainbat pasabide ere baditu, guztiz erakargarria egingo zaizuen osotasuna sortuz. Sartu eta berehala, alde batean eliza eta bestean jauregi bat aurkituko dugu. Jauregi ederra Arizabalotarrena da, herriko sendi garrantzitsu batena.

Bere lau aldeko teilatuak hegal landua erakusten du, eta baita aurrealdean armarri ederra ere. Eraikina XVIII. mendekoa da, barroko estiloan egina. Etxe ondotik kaira gertura zaitezkete. Esan dugun moduan, haren aurrean San Joan Bataiatzailearen Eliza dago. 1643an fundatua, aurrealde neoklasiko-barroko laua erakusten du, sainduaren estatua bat ere baduela (1731). Barrualdean erretaulak azpimarra genitzake.

Kalean aurrera eginez, kale honetako lau arku edo pasabideetako lehenetik igaroko gara. Bigarrena pasatu eta gure aurrean Miranda Etxea agertuko da. Oso aurrealde ederra du, XVI. mendeko Berpizkunde estilokoa, eta beheko solairuan (Jubilatuen Egoitzan) bi armarri.

Etxe honen eskuinaldeko atetik Victor Hugo Etxea izenarekin ezagutzen den etxebizitzara sar gaitezke. Izan ere, frantziar Erromantizismoaren ordezkaririk nabarmenenak bertan egun batzuk pasa zituen, leku horretaz maiteminduta. Hirugarren arkuan Kristo gurutziltzatuaren irudi bat aurkituko dugu, eta berau pasatu ostean, XVI. mendeko Guruztokia. Manierista estilo herritarrean egina, barruan Pietatearen Ama Birjina ikusi eta 778ko Orreagako Batailan parte hartu zuten pasaitarren inskripzio bat irakur daiteke.

Guruztokiaren alboan Villaviciosatarren Jauregia altxatzen da, XVI. mendean harlanduz egina, Berpizkunde estiloan. Jauregia dagoen plazatxo honetatik bi Pasaiak lotzen dituzten gabarrak irteten dira; zerbitzu honek antzinatik funtzionatu izan du, eta, erosoena denez, oso erabilia da. Plazatxo honetatik ere badia osoa dominatzen duen eta ikustaldi oso ederra eskaintzen duen Santa Ana Baselizara igotzen diren eskailerak irteten dira. Barruan XVI. mendeko Ama Birjinaren irudi holandarra dugu.

Aurreraxeago Pasai Donibaneko zabalgune nagusira (edo bakarrera) iritsiko gara, eta bertan tarte luzea egitea aholkatzen dizuegu, bere edertasunak merezi du-eta. Zabalgune hori arrantzale kutsu nabarmena duen Santiago Plaza da. Alde batean itsasoa duela, bestean arrantzale-etxe estu, garai, koloretsu eta politak, erdian Udaletxea... enparantza hau denbora pasatzen uzteko leku ezin atseginagoa da.

Itsaso zabalerantz jarraituz, tartean Bonantzako Kristoren Elizarekin topo egingo dugu (XVIII. m.). Bere barrenean, sarrera osteko burdinazko langa landua eta aldare nagusiko erretaula eta Kristoren irudi barrokoak azpimarratuko ditugu. Azkenik, badia itsaso bihurtzen den lekutik hurbil, Santa Isabel Gazteluaren hondakinak ikusiko dituzue. Karlos I.aren aginduz eraikia, badia hau arrotzen erasoetatik defenditzeko asmoz, 1876an desagertu zen.

PASAI SAN PEDRO

Badiaren beste aldean kokatua, portuaren instalakuntzak eta Trintxerpe auzoa pasatu ondoren (ikus ibilbidea), bigarren auzune honek ez dauka bere anaia-lehiakidearen aberastasun artistikoa, baina berarekiko antza handia eta erakusteko moduko monumentu bat baino gehiago ere badu.

Horrela, bertako gune historikoa ere ilara bakarrean antolatutako etxe-multzoak osatzen du, badia ondoko Arraunlarien Kalea eta atzeko Kepa Deunaren Kalearen artean. Antolaketa urbanistiko hau itsasoan amaitzen diren bi mendien pean bizitzeak dakar.

Hasieran San Pedro parrokia ikusiko dugu, XVIII. mendekoa, eta hortik aurrera, Donibanekoaren moduan, kaleak pasabide bat baino gehiago erakutsiko digu. Monumentuen artean hainbat armarridun etxe aipa ditzakegu, Aizpuruatarrena, Blas de Lezo itsasgizon ospetsuaren (1689-1741) jaiotetxea, Sebastian Etxebarriarena...

Pasai San Pedrotik ere Donibaneren ikuspegi oso politaz goza dezakegu, bien artean ikusiko ditugun txalupa ugari eta koloretsuen atzean. Era berean, Trintxerpe eta San Pedroren arteko Seoane Markesaren Plazatik La Plata Itsasargiraino igo edota badiaren ahoraino paseatu dezakegu. Bata zein bestea ibilera ederrak dira.

HONDARRIBIA

Hondarribiaz hitz egitea Euskal Herriko herri edo hiri ederrenetako bati buruz hitz egitea da, Gipuzkoan Donostia hiriburuarekin bakarrik konpara daitekeena.

Batetik, Txingudiko ingurune miragarriaren beste aldea betez, penintsulako lehen gune populatua izateak historia luzea eta kontatzeko istorio asko ekarri dizkio. Bestetik, oro har monumentu bat den alde zaharretik ibiltzea edota San Pedro kaleko etxe arrantzale tipiko eta koloretsuen aurrean bertako gastronomia ospetsua dastatzea, edonoren eskuetan dagoen luxua kontsidera daiteke.

Azkenik, Gipuzkoako hondartzarik zabalenean eguzkia hartu edo bainua hartu ostean arrantzaleen kaira gerturatu eta Higer muturreko itsasargitik itsaso zabala behatzeko paradarik baldin badugu, orduan konprenituko dugu zergatik aukeratzen duen hainbeste jendek Hondarribia oporrak igarotzeko leku gisa.

HISTORIA

Inguruetan agertutako aztarnen arabera, inguru hau duela 5.000 urte jada populatua zegoen. I. mendean erromatarrak bertatik pasatu ostean, tradizioak VII.ean Wamba Errege Godoak lehen gotorlekuak eraiki zituela dio. Hala ere, XII. mendea arte ez da agiri idatzitan agertzen hasiko, eta fundazio ofiziala 1203an ezagutuko du, Gaztelako Alfontso VIII.aren eskutik.

Mugaren ondoan egonik, bere kokapen estrategikoak laster gotorleku bihurtu zuen, eta pribilegio asko eskurarazi ere bai. Baina era berean, izaera horrek askotan setiatua bizi beharra ekarri zion, batik bat Espainia eta Frantziaren arteko gudetan (lehena 1280an).

Batzuetan garaile (1638an 69 eguneko setioari eutsi zion, “Guadalupeko Amaren laguntzaz”) eta bestetan galtzaile (1794an erori ostean, hiri osoak lapurreta orokorra ezagutu zuen), bertako jendeak borrokalaria eta gogorra izatearen fama du.

Euskal kostaldeko beste herri askoren moduan, arrantza eta merkatariza-portu oparoa ere izan zen, lortutako pribilegioek horretan lagunduz. Ondorioz, Gaztela eta Flandesekin zituen merkataritza-harremanek hango jendeak honantz erakarri zituen. Azkenik, XIX. mendean Karlistaden gorabeherak pairatu ostean, XX.ean kontrabandorako leku egokia bihurtu zen, gerran nahiz gerra ondorenean.

HARRESIEN BARNEKO ALDE ZAHARRA

Osorik monumentu izendatua, bere baitan aberastasun artistiko eta arkitektoniko oso zabala gordetzen du. Abiapuntu gisa Irunetik zatozela hirirako sarrera funtzioa betetzen duen errotonda hartu dugu. Puntu honetan, ezkerretara egiten badugu harresiz inguratutako Alde Zaharra dugu; zuzen joanez gero, ordea, Portu Auzoan barneratuko gara, eta eskuinetara jotzen badugu, Bidasoaren gainean jarriko gara.

Errotondaren alde batean, Ama Birjina baten estatua loretsu eta polita dugu, eta bestean, harresien hasiera den San Felipe Baluartea, horman balearen arrantza irudikatzen duen erliebe ikusgarria duela. Ondotik igo ondoren, eta errotondatxo batean eskuinerantz egin eta gero, harresien barnean sartuko gara, hiriko armarria ikusgai duen Santa Maria Atetik hain zuzen.

Hiriko sarrera nagusia izan zen garai batean, eta zeuzkan hiru ateetatik erdikoa geratzen da, beste biak 1795ean frantsesek suntsitu baitzituzten. Atearen ostean Kale Nagusi ederra abiatzen da, hiriko eraikinik berezienak erakusteaz gain atzealdean Jasokundearen parrokiako dorrea ikusgai uzten duena.

Kale honetan, bereziki azpimarratzekoak dira XVIII.eko Udaletxe barrokoa, bi armarri eder erakusten dituena, Casadevante Jauregi errenazentista(5. zk.) eta Zuloaga Etxea. Azken honetan gaur egun Hiriko Artxibategi Historikoa eta Udal Liburutegia daude. Ohar zaitezte, halaber, 4. zenbakiko Ladron de Guevara Etxeko adreilu urdinez beiraturiko aurrealdean.

Kale Nagusiarekiko paraleloan oso interesgarriak diren beste hiru kale luzatzen dira: Panpinot (ezkerrekoa), eta Apezpiku eta Fraxkueneko Murrua eskuinean. XVI. mendeko Panpinot kaleari dagokionez, bere etxe guztiak oso interesgarriak direla esan beharrean gaude, baina baten bat azpimarratzearren, 16. zenbakiko Rameri Jauretxea aipatuko dugu. Etxe honen aurrealdea oso ikusgarri agertuko zaigu, marrazki, moldura eta lore-koadro ugariz apaindua dagoelako.

Orain, Kale Nagusiaren eskuinean dugun Apezpiku kalera aldatuko gara. Hondarribiko kalerik zaharrenetakoa da, eta gaur egungo izenak XVI. mendetik dirau. Mutur batean Palentziako Urbana Dorretxea edo Etxebestenea dago, Sevillako Artzapezpiku, Carlos Varen kaperau eta Santa Teresaren babesle izan zen Cristobal de Rojas y Sandovalen jaiotetxea. Jaiotetxearen aurrean, bere izena daraman enparantzan, estatua batek pertsonaia historiko hura gogorarazten digu.

Plazaren beste aldean, harresien gainean Fraxkueneko Murrua dugu, eta bere amaieran (Nagusi eta Apezpiku kaleen amaieran ere bai), Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza. Estilo gotikoan egina, Berpizkundeko elementuak baditu ere, 1474an hasi ziren eraikitzen, eta 1549an Baionako Apezpikuak kontsakratu zuen. Guda ugariek beren eragina izan dute egituran, eta horrela, 1521ean erre egin zen eta 1638an sabaietako bat jauzi zen. Gaur egungo dorrea mende bat beranduago altxatu zuten.

Gurutze latindar itxurako hiru barneluzego ditu, eta bertan korupeko izardun sabaia nabarmentzen da. Sarrerako bi aldeetan Filipinetako Itsasotik ekarritako ur bedeinkatuko bi maskor topa ditzakegu.

Elizaren atzealdean, Bretxa kaletik sartuz, Arma Plaza eta Karlos V. enperadorearen Gaztelua ditugu. Gaztelua eraikin laua da, dirudienez Nafarroako Santxo Abarka Erregearen garaian altxatu eta Karlos V.ak handitua. 1794an frantziarrek zati bat suntsitu zuten arte. Bertan pertsonalitaterik handienek ostatu hartzen zuten. Gaur egun Turismo Paradorea da.

Plaza hau hiriko bilgune publiko nagusia izan da, jai eta ospakizun herrikoi eta ofizialetarako gunea. Gaur egun, balkoi luzeko etxe ederrek osatzen duten lerroa miretsiko dugu zabalgune honetan. Aurrera eginez, Juan Laborda kalean (Egiluzko Jauretxea) eskuin-ezkerretara joz, pasabide batetik barrena Gipuzkoa Plazara iritsiko gara, berria baina zahar itxurakoa, eta batez ere oso ederra.

Diagonalean zeharkatuz, Santiago Konpostela kaletik lehenbizi eta Jabier Ugartetik gero, turismo bulegoaren ondotik pasatuz Portu auzoa dugu.

PORTU AUZOA

Herriko lehenbiziko gune populatua izan omen zen, eta gaur egun aurrekoarekiko ezberdina bihurtzen duten elementuak gordetzen ditu. Horrela paraleloki dauden San Pedro eta Santiago kaleek arrantzaleen etxe tipiko askotxo erakuts dezakete, eta baita Santiago eta Pisuzarra Plazaren artean sortzen den Madalen Karrikak ere.

Hiruetan ezagunena eta ospetsuena lehendabizikoa da. Izan ere, aurrealde zuri, teilatu eta gapirio edo habe berde-gorrixka eta lorez beteriko egurrezko balkoi koloretsuek sortzen duten postal moduko irudia, buruan grabaturik irauten duten horietako bat duzue, zalantzarik gabe. Hemendik, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiara hurbiltzea gomendatzen dizuegu.

KAITIK HIGER LUR-MUTURRERANTZ

Bertatik badiaren gaineko ibileran bi aukera ditugu, hegorantz Bidasoa kale-pasealekua hartzea, edo bestela iparreratz, Butron Pasealekua. Txingudiko Badiaren gainean, eta beste aldean Hendaia dugula, biak dira ederrak, eta beraz, lehenengotik ibili ostean, Butroikoa hartzea gomendatzen dizuegu.

Bide honetan laster Hondarrabia hondartzara iritsiko gara, eta berau zeharkatuz hurbil dugun Arrantzaleen Kai Babestura. Alboan ditugun San Telmo Mutur eta Gaztelutik barrena, begiratokiz josirik dagoen bide bihurgunetsu eta eder batean gora, Higer Muturreko Itsasargira ailegatu gaitezke.

GUADALUPEKO AMAREN BASELIZA

Jaizkibel mendian, XVI.eko baseliza hau dugu, sekulako bistak eskaintzen dituen paregabeko ingurunean. 1638an suntsitua, eta ondoren berreraikia, Guadalupeko Andre Mariari egozten zaio urte horretako setioa gainditu eta hiria askatu izana. Une horretatik aurrera Hondarribiko armarriari Ama Birjinaren irudia erantsita agertuko da, hiriko zaindari izendatuz. Bertatik, Guadalupeko Gotorlekuaren eraikin-multzo harrigarrira iritsi gaitezke.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Gipuzkoa
21 km
18 m.
14.704
%60
29 km2
507 bizt./km2
Ostiral Santuko prozezioa
Kutxaren jaia (uztailak 25)
Jaizubia (abuztuak 15)
Ama Guadalupekoa-Alardea (irailak 8)

 

 

 

 

 

IRUN

Hainbeste urtetan muga-hiri izan den hau, bere kokapen estrategikoa dela-eta, aspaldian populatzen hasi zen, erromatarren garaitik bederen, aurkitutako aztarna ugariek erakutsitakoaren arabera. 1203an idatzizko agiri batean lehendabiziko aldiz agertzen denetik, 1766an Hondarribitik bereizi eta hiri bihurtu arte, ugariak izango dira auzo-herriekin izandako liskarrak.

Bere kokapena zela-eta, hiriak eraso eta suntsipen asko ezagutu zituen. Lortutako garaipenik handiena 1522ko San Martzialekoa izan zuten. Eta, nahiz eta 1659an Faisaien Irlan Pirinioetako Bakea sinatu, horrek ez zuen luzaro iraun. Beste garaipen handia 1813koa izan zen, San Martzialeko bigarrena, frantziarrak botatzearekin batera Independentzia Gudari amaiera eman ziona. Hurrengo Karlistadek eta Guda Zibilak ere eragin handia izan dute hirian.

IKUSTEKOAK

Bisitaldia Luis Mariano Lorategietan hasiko dugu, Frantzian izen handia lortu zuen kantariari eskainiak. Bere parean, Colon Pasealekua zeharkatuz, Zabalgune Plaza dugu, musika-kiosko bat duela. Honen beste aldean dugun Argentinako Errepublika kalean eskuinera eta handik gutxira Iparralde Etorbidetik ezkerrerantz eginez gero, Gernikako Arbola Plazara iritsiko gara.

Hemen berriz ere eskuin aldera, Tadeo Murgia kaletik Santiago kalea topatuko dugu, hiriko zaharrenetakoa eta amaieran Junkaleko Andre Mariaren Eliza Nagusia erakusten diguna. 1606an amaitua, 100 urteren ostean, bertan gotiko zahar eta euskal Berpizkundeko gotikoaren elementuak nahasten dira. Barruan, Amabirjinaren irudia duen erretaula nabarmentzen da.

Elizaren atzean beste hiru plaza edo parke datozkigu segidan, Juncal, Sarjia eta Urdanibiakoa. Azken hau azokak, kontzertuak eta hainbat ekitaldirako erabiltzen da, eta bere alde batean Urdanibiako antzinako Ospitalea ageri zaigu. Plaza zeharkatu eta izen bereko kaletik aurrera segitzen baduzue Ama Xantalen Baseliza-Museora iritsiko zarete, 20 mendetan zehar gurtza-toki, erromatarren aztarnategi eta Gipuzkoako X. mendeko eliza bakarra dena; gaur egungo eraikina XIV. mendekoa da.

Urdanibiara itzuli, berau zeharkatu eta San Martzial kaletik ezkerretara egiten badugu, izen bereko plazan San Joan Harria Zutabea behatu ahal izango dugu, goian 1850eko estatuaren azpian armarri batzuk dituela (Austriako Etxea, Gipuzkoa, eta Irungo Unibertsitatearenak izan daitezke). Aurrealdean, 1763ko Udaletxe arkupeduna dugu.

Zutabearen beste aldean Eliza kalea dago, eta bertan, Arbelaizko Jauregia, sendi garrantzitsu honen etxe eta pertsonaia garrantzitsuren bizileku izandakoa. Atalde barrokoa azpimarratzeko modukoa da. Azkenik, berriz ere San Joan Harriaren ondotik igaro ondoren, Kale Nagusitik (Zabaleta Etxe dotorearen aurretik) Aureliano Galiano Lorategietara iritsiko gara, hasi garen lekutik oso gertu.

SAN MARTZIAL BASELIZA

Aldabe mendian 1522ko garaipena gogorarazteko eraikia (ikus ibilbidea), San Martzial izena jarri zitzaion, mendiari bezala, garaipen eguneko santuaren omenez. 1796an errea, 1804an berriz altxatu eta irudi berria jarri zuten. 1899. urtean bertara iristeko errepidea egin zen (lagundu zutenen izenak ageri dira kanpoaldean) eta 1910ean dorrea eraiki zen. Ondoko begiratokitik Irun, Txingudi, Hondarribia, Bidasoa, Jaizkibel... ikuspegi paregabea aurkezten zaigu.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Gipuzkoa
18 km
21 m.
55.686
%29
43 km2
1.295 bizt./km2
San Markos (apirilak 25)
San Martzial (ekainak 30)

 

 

 

 

AIAKO HARRIA

Hamaikatxo izen dituen eta hainbat lekutatik ikusgai den granitozko mendigune hau Gipuzkoako antzinakoena da eta hiru haitz handik osatzen dute: Irumugarrieta (igotzeko lehena eta errazena), Txurrumurru eta Erroilbide. Beren azpian, erromatarrek lantzen hasitako meategietako galeriak, leizeak, pasabideak, monolitoak... ageri dira, ordenik gabe eta osotasun harrigarria eratuz.

Goraino igotzeko abiapunturik egokiena Elurretxeko Gaina da, Ingelesaren Gaztelutik gertu (ikus ibilbidea). Behetik begiratuz gero gaztelu ikusgarria den hau, gainean Bidasoaldeko talaia izugarria da, baina pentsa ezazue goian, bere egituragatik, kontu handiz ibili behar duzuela.

HERNANI

XIII. menderako jadanik hiri izendatu zuten Hernaniko herriak kale eta monumentu interesgarriak gordetzen ditu bere alde zaharrean, eta honetatik kanpo Donostiara bidean ireki berri duten Txillida leku museo interesgarria bisitagai dugu.

IKUSTEKOAK

Alde Zaharrak eta Plaza inguruak (Gudarien Enparantza, San Joan Parrokia eta Udaletxea), monumentu-multzo ederra osatzen dute. Esaterako, Udaletxearen aurrealdetik irteten den kalea lorez beteriko balkoi eta etxe bilduma ederrez jantzita aurkituko duzue sarritan. XVI. mendeko San Joan elizak barneluzego bakarra du, gurutze latindar plantan egina.

Barnean aldare nagusiko sagrarioa eta gurutzeria zaila dira nabarmentzekoak. Udaletxea XIX.ekoa da, aurrekoa II. Karlistadan suntsitu zutelako. Bere arkupea azpimarra dezakegu. Hiria mendean hartzen duen Santa Barbarako gotorlekua II. Karlistadan altxatu zuten, bertan dugun ermita berriagoa bada ere.

Beste eraikin interesgarri batzuk Jentilen Dorrea, San Agustin Monasterioa eta Leokako Garbileku-Iturria ditugu. Azkenik, ezin dugu ahaztu Hernaniko sagardotegiek ere ospe handia dutela.

Azkenik, aipatu dugun moduan alde zahar interesgarri honetatik irtenez Txillida artista donostiarraren lanak ikusgai izan ditzakegu Txillida leku museoan.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Gipuzkoa
10 km
42 m.
18.899
%53
40 km2
472 bizt./km2
Ihauteriak
San Juan (ekainak 24)

 

 

 

 

Orrialde nagusiraDonostialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403