LARRAUN HARANA Mendatearen jaitsierak
zuzen-zuzenean Lekunberriraino eramango gaitu, Nafarroako Aralar
zeharkatzen duen errepide zoragarriaren abiapunturaino. Aralarren
magalean ezinhobeto kokatua, Larraun bailara bukolikoaren populagune
nagusi den honetan San Joan Bataiatzailearen eliza gotikoa nabarmenduko
dugu. Arkibolta-arkudun atea eta erretaula nagusi barrokoa dira
aipatzekoak.
Larraun ibaiaren iturburu ikusgarria bisitatu nahi
badugu, herria zeharkatu ostean eskuinalderantz Iribasera abiatu,
geroago hartuko dugun Baraibar-San Migel errepidea eskuinean utziz.
Segituan aipatutako Iribas herrira iritsiko gara. Berau zeharkatu
ostean, "Guadiana nafarra" deitzen duten Larraunen iturbururaino
abia gaitezke.
Gure aurreko bidezidorrak (seinalizatua), Ertzillako
zelaiak igaroz Aitzarreta iturbururaino eramango gaitu. Udaberrian
bereziki ikusgarria da. Bertan Ertzilla ibaia jaiotzen da eta kilometro
bat geroago (bere ezkerraldetik segitu dezakegu) lurpean desagertzen
da. Hala ere, lehortutako ubidea beste kilometro bat segitzen badugu,
berriz ere sortzen dela ikusiko dugu, ia herriaren parean.
Gehienez 5 kilometro dituen itzuli eder honetan,
tartean ibaia lurperatzen den isurbidea, Legezalde amildegia eta
iturbegi bat baino gehiago behatzeko parada dugu.
ORAINGOAN ARALARRERA igotzen den
errepidea hartuko dugu, Euskal Herrian zehar aurkituko dugun izugarrienetako
bat. Berehala bide osoan aurkituko dugun herri bakarra pasatuko
dugu, hots, baso ederrez inguratutako Baraibar.
Herrixka hau pasa ondoren, Aralar inguruko paisajea zoragarria
distira osoz agertuko zaigu. Ibilbide osoan zehar ageri zaizkigun
zuhaitz, goroldiodun arroka, hosto, zuhaixka, animalia... guztiek
gure herriko postalik erakargarrienetakoa osatzen dute.
Ibilbidearen 53. kilometro ingururako sentsazio horiek zuzenean
bizitzeko aukera eskainiko zaigu, bertan prestaturiko lehenbiziko
aparkalekua aurkituko baitugu. Inguruan, paseatzera eta galtzera
gonbidatzen duten zelai eta baso eder-ederrak. Pottokak ere aske
bizi diren ingurune izugarri honetan, pare bat kilometrora bigarren
parkina dugu, hau ere milaka altxor naturalez inguratua.
Azkenean, Aralargo mirari handiak bere tenplua ere behar zuenez,
Aralargo Mikel Deuna santutegia ikusiko dugu, mendilerroa presiditzen
duen jainkotegi bakartia eta nafarrek gehien maite duten sainduetako
baten etxe ederra. Bistak ere ezin ederragoak dira, nola ez.
|
ARALAR
MENDIZERRA
SAN
MIGELEN KONDAIRA
Nafarroa eta Gipuzkoa artean Aralarko mendikatea
dugu, bere santutegiak ospetsu bihurtu duen ingurua. Baina ez bakarrik
santutegiak. Aralar Euskal Herriko historiaurreko biltegia da, 60tik
gora trikuharri baitaude lurralde honetan. Hori gutxi balitz, ingurune
osoak bisitaria eta behatzailea txunditurik uzten ditu, hain miragarria
baita ikusten den guztia.
NATURGUNE MIRAGARRIA Inguru
xarmangarri hau bi zatitan banatzen da: batetik Nafarroan batik
bat, pago lerdenez osatutako basoa, eta bestetik, Gipuzkoako belardi
eta soiluneen gaineko gailur arrokatsuak.
Baso zoragarri honetan, pagoez gain hariztiak,
haginak eta otsolizarrak ere badaude, zuhaixka eta belar landare
ugariren artean. Animaliei dagokienez berriz, bakar batzuk aipatzearren
basurde, orkatz, sai zuri, arrano txiki, putre beltz eta basakatuek
artaldeekin lur eremua elkarbanatzen dute.
Santutegi inguruaren garrantziaren adibide
bere sorreraren antzinatasuna eta kondairak dira, nafar herriaren
erromes gune garrantzitsu bihurtuz. San Migel santua oso herrikoia
da eta bere irudia gurtzen jarraitzen du jende askok. Etxe askotan
"Mikel zurea zaizu Euskal Herria" leloa irakurri ahal da.
Gaur egun, erromesak bestelakoak dira, igandezaleak
eta ibiltari mordoa. Ehun urtetik gorako pagoen artean somatzen
den bakea eta edertasun hutsak erakartzen ditu bisitariak. Beraz,
eguraldi oneko asteburu batean joanez gero ez pentsa bakarrik ibiliko
zaretenik. Dena den, denontzako lekua soberan dago.
SAN MIGEL IN EXCELSIS SANTUTEGIA Gaurko
tenplua garai prerromanikoko antzinako baten gainean egindako berreraikipena
da. Konpontze lanetan IX. mendeko eliza prerromaniko horren aztarnak
aurkitu zituzten. Dirudienez, X. mendean sute baten ostean berreraiki
eta handitu egin zuten. Pedro I. erregea bertara erromes joan eta
sendatu zenetik Nafarroa osoan ospe handia hartu zuen. Gaur egun,
ikus dezakegun jainkotegiak basilika-planta du, hiru nabe, lau tarterekin,
eta barneluzegoekin lerrokatutako buru hirukoitza. Kapera nagusia
kanpoalde poligonala da, eta besteak erdizirkularrak. Kapera nagusia
baino lehen santutegi txikitxo bat dugu, kondairaren arabera San
Migel agertu zen kobaren gainean. San Migelen irudi txikia zilar
urreztatuz egindako oskol barroko (1756) batez osatua dago. Oskol
honek barruan antzinako zurezko tailua gordetzen du. Irudi honek
martxotik abuztura nafar herri asko bisitatzen du, pertsona, zelai
eta haziendak bedeinkatuz. Hala ere, santutegiaren altxorra erretaula
da. XII. mendeko hau Europako esmaltazio lanik garrantzitsuenetakoa
da; esmaltez egindako irudi multzo batez osatua, apostoluen erdian
Ama Birjina eta haurtxoa daudela. 1979an lapurtu egin zuten, baina
esmalte gehienak berreskuratu ziren.
San Migelen, Corpus Christi egunean tradizio
handiko prozesioa burutzen da. Santutegia ikusteko ordutegia: 10:00etatik
14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Itxita badago babeslekuaren
tabernan giltza eska daiteke. Doan da.
|