Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Aizkorri-Urbasa-Entzia Segura-Zerain-Zegama-Altsasu-Zudaire-Kontrasta-Agurain-Zalduondo
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi AGURAIN-ZALDUONDO

Opakua Gain arbolatsutik (1.025 m.) beherantz doan aldaparen erdian izen bereko herritxoa edo auzoa igaroko dugu, hau da, Opakua. Kilometro bat aurrerago aldiz, gure ezkerretara Arrizabalagako trikuharriraino eramango gaituen bidea hartuko dugu.

Aguraingo auzo edo herritxo honetara berriz, beste kilometro bat egin ostean (121 km. guztira) iritsiko gara. Arrizabalagan bertan eskuinetara jo (trikuharriaren iragarkiari jarraikiz) eta laborantza lurren erditik igarotzen hasiko gara. Handik gutxira bideak ezkerrerantz egiten du (zuzenean bidexka bat abiatzen da Aguraineraino) eta zuzen-zuzenean Sorginetxe trikuharri ezin ederragora eramango gaitu.

Trikuharrira iritsi aurretik dagoen eta hartu ez dugun lurrezko bidexka horri jarraituz, oso laster errepide nagusi zaharrera irtengo gara; hortik, eskuinetara joanez herrian sartuko gara, errepide nagusi modernoaren ondo-ondotik. Azkenik, kilometro erdira-edo, ezkerreko aldetik, herriko sarrera bistaratuko dugu, errotonda bat pasatu ondoren. Agurainen (Salvatierra) 125. kilometroan sartuko gara. Alde zahar monumentaleko herri interesgarri hau bisitatu ostean, Mezkia-Egilatz bidea hartuko dugu, azken herrixka honetako trikuharria ikusteko asmoz, baina erne ibili, zeren hemen inguruan errepide asko dago eta iristea nahaste-borraste handia bihurtu liteke.

Aizkomendiko Trikuharri eder-ikusgarria Egilatzetik oso gertu eta errepide nagusi zaharraren ondoan dago. Txarto seinalaturik dagoen errepide-multzo honetan burukominik izan nahi ez baduzue hurrengo helmugara iristeko, hain zuzen ere, Ilarduia ondoko Lezea haitzulora, gomendagarriena Agurainera itzuli eta bertan N-1 errepide nagusi berria hartzea da, Donostiarako norabidean.

N-1ean sartu eta 6-7 km-tara jada ezkerrean ikusgai dugu Lezea. Bertaratzeko urrats hauek segitu: N-1eko 389. irteeran atera (Egino-Andoin), ezkerrera Eginorantz jo, errepide zaharra zeharkatu, Egino-Ilarduia-Albeniz seinaleari segitu, zubi bat pasatu, Eginon ezkerretara jo (Ilarduiara), iritsi aurretik bigarren eskuineko bidea hartu (“La Leze” jartzen duena), eta haitzulo ikusgarriaren aurrean amaituko duzue.

Azkenik, Ilarduia eta Albeiz igaro ondoren, Zalduondon amaituko dugu ibilbidea. Santiago Bidean garrantzi handikoa den San Adrian Tunela igaro eta gero, gordetzen dituen eraikin zibil aberatsen artean Berpizkunde garaiko Lazarraga Jauregi-Museo aparta nabarmentzen da, bere aurreko armarri, alboetako estatuak eta zutabe jonikoekin. Ikusgarriak dira, halaber, ondoko Larrea eta Andoin-Luzuriaga jauretxeak.

Zer ikusi

AGURAIN

Arabako lautadaren bihotzean dagoen Agurain aldeak historiaurretik jada populazio nabaria izan du, monumentu megalitiko ugariek erakusten duten moduan. Hiriko alde zaharrak erdi aroko trazadura du, eta antzina inguratzen zuten harresiek hortxe diraute, jauretxe askorekin batera.

IKUSTEKOAK

Santa Maria Eliza gotikoa (XV.-XVI. mendeak) harresiaren ipar-muturrean aurkitzen da, eta beraz, hiriaren defentsa sisteman integratua zegoenez, gotorleku funtzioa ere betetzen zuen. Barruan hiru barneluzego edo nabe ditu, eta erretaula nagusia (urreztatua eta polikromatua), Berpizkundeko kaperak eta zilargin-koruak nabarmentzen dira. Kanpoaldean bere ataria, suzko-gotikoa, gailentzen zaigu.

San Joan Parrokiak berriz, eliz atari barrokoa erakusten digu, dorre erdi gotiko (behealdea) erdi barroko (goialdea) bat duela. Barruan XVII.go erretaula nagusia nabarmentzen da, flandestar kutsuko margo interesgarriak dituela.

Bi eliza hauen artean (bakoitza alde zaharraren mutur batean) Zapatari, Harategi eta Kale Nagusian zehar, jauretxe eta jauregi bilduma zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Etxe hauetako askok armarri ederrak dituzte. Iparreko “Bentaberri” Gurutzea, hiriak gordetzen duen muga-gurutzerik handiosena, lorategi pribatu batean dago, San Lazaro Ospitaletik oso gertu. Gurutzearen besoak ederki landuak ditu.

SORGINETXE TRIKUHARRIA

Arrizabalaga auzoan kokatutako trikuharri hau Euskal Herriko politenetakoa da eta oso ondo zaindua dago. Trikuharria zazpi kare-harrik osatzen dute (batzuk 2,5 metro baino altuagoak). 1831n aurkitu zen (zientziarako), eta 1890an, horietako harri bat mugitu zutenean, hiru hilotzen aztarnak azaldu ziren.

Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Araba
25 km
600 m.
3.867
%15
38 km2
102 bizt./km2
San Juan (ekainak 24)
Errosarioko Andre Mari (urriak 2)

 

 

 

 

AIZKOMENDI TRIKUHARRIA

San Millan herriko Egilatz auzoan dagoen 11 harriko monumentu megalitiko hau ere 1830-31an aurkitu zuten, eta aurkikuntza honek Arrizabalagakoarekin batera, euskal historiaurreari buruzko ikerkuntzaren hasiera ekarri zuen.

LEZEA

N1etik ikusten den (Iruñerantz ezkerretara) haitzulo hau Asparrengo Ilarduia auzoan dago, eta espeleologiazaleek askotan bisitatzen dute, bere pasabideek mendigune osoa zeharkatzen dute-eta. Besteontzat ere, merezi du bertaratzea, belarri moduko sarrera ikusgarria gertutik behatu, bertatik isurtzen den errekatxoan busti eta kanpoaldeko atsedenlekuan patxada ederrean egoteko bada ere.

Argazkiak


Agurain ondoko lezea

Orrialde nagusiraAizkorri-Urbasa-EntziaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403