Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Europar parlamenturako hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Lopez lehendakari, PSEren bakarkako gobernuan

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Bototan EAJ garaile, pentsatutakoa baino askoz samurrago gainera. Baina Ajuria Eneko lasterketa ez da amaitu eta hor ondoen kokatua Patxi Lopez geratu da. Errealitatea desitxuratu ondoren, hori bai; beste behin ere zehaztu eta azpimarratu behar den datua da, hain zuzen ere horrexek jartzen baitu Lopez lehendakari izateko aukera handienarekin. Legealdi osoan kontuan hartu beharreko datua izango da.

Eta bai, aukera historikoa gauzatzear egon liteke. Bloke konstituzionalistak lehenbizikoz har dezake EAEko lehendakaritza eta aukerazkoena hori baliatzea da, horrek legealdi osoan burukomin franko ekarriko badio ere. Hobe burukominak agintearen beroan betiko oposizio hotzean baino. Eta Lopez lehendakari bai, baina zer gobernu motarekin? Oraindik argitu beharko da Araban lehian dagoen eserlekua EAk hala PSE-EEk eramaten duen, hau da Lopezek PPren sostengua bakarrik nahikoa izango duen edo UPyDrena ere ezinbesteko duen. Izatekotan, alabaina, PSEk bakarrik gobernatzea izango da logikoena, etorkizunera begira oso formula arriskutsua da Basagoitiren besotik gobernatzea, eta suizida harekin koalizio gobernua osatzea. Lopezek atzo gauean frontismoaren amaiera iragarri izanak, gainera, bere asmoak ildo horretatik bidera ditzakeela iradokitzen du.

Frontismorik ez? Formula horretan, euskal lurretan giltzarritzat jotzen diren gai askotan frontismoa indar handiz egongo litzateke presente, erabaki eskubidea, gatazkaren ebazpena, ilegalizazioa... Oso egun gutxitan malabarismoa ikasi beharko du Lopezek, hori baita “frontismorik ez” hitzen atzean suma daitekeen gobernu jardun konplexua. PPk lehendakaritza eman egingo dio, batetik aipatutako aukera historikoa baliatzeagatik, eta bestetik, legealdi osoan zehar Lopez baldintzatzeko ahalmenak askoz joko politiko zabalagoa ematen diolako.

Bakarkako gobernuan, ilegalizazio eta gatazka kontuak PPrekin lotuko ditu PSEk, hezkuntza eta hizkuntza EAJrekin, azpiegitura kontuak lasai asko jeltzale eta popularrekin batera, krisi kontuetan ere ez dirudi arazo handirik izango dutenik EAJ edo PPrekin. Gerri malgua behar du Lopezek, baina etengabeko sostenguak bilatuko duen gobernu jarduna gauzatzearena erreala da. Ez da trago gozoa izango PSEren baitan, popularren eskutik ibili beharra; baina mikatzagoa loria ukitzeko aukera izan eta baztertzearena.

Oztoporik izatekotan Madrilen izango da, Zapaterok badu jeltzaleen beharrik, baina Jaurlaritza ez da dena, eta behin malabarismotan sartuta, Gasteizko Legebiltzarra bai, baina diputazioak ere hor dira, eta orain artean bederen EAJ eta sozialisten arteko akordioetatik erdietsi da haien gobernagarritasuna. Gaitza da irudikatzea jeltzaleak bete-betean sozialisten kontra, beste erakunde askotan ere haien beharra ere badute eta. Espainiari begira, gainera, bai Nafarroan bai EAEn espainiar konstituzionalismoa garaile agertzea irudi garrantzitsua eta indartsua da.

Ibarretxek eta EAJk berriz ere lortu dute garaipen argia, hala ere gaitz dute Ajuria Enera iristea. Ez ezinezko ordea, baina karanbola korapilatsuagoa da. Sei eserlekuko aldearekin, ezinbestekoa da Ibarretxe bera lehendakari izatea eta nekez irudika daiteke Lopez haren pean. Baina Ibarretxe ez den beste lehendakari jeltzale baten pean bai, hori ez da berria sozialistentzat eta, gaitza izanik ere, dagoen bigarren gobernu aukera garrantzitsuena da. EAJren jauzi nagusi hirukoitza litzateke, baina jeltzaleek ohituta gauzkate horietara.

PPren arrakasta gazi-gozoa da, gozoa Lopezen Ajuria Enerako giltza delako, eta horrek protagonismo handia ematen diolako. Eserlekuei ere eutsi egin die, baina ilegalizazioari esker, bestela atzera egingo zukeelako. Bere boto eboluzioak dio dena: 65.000 boto inguru galdu dute. PSOEk eraman dizkio asko, abstentzioak beste batzuk eta haien barne egoerak ere irentsiko zituen berean.

Ezusteko nagusienetakoa Aralarrena da, EAEn inoizko emaitza onenak lortu ditu eta ehunekotan gehien igo den alderdia da. Zenbakiak hobeto aztertu beharko badira ere, legez kanpoko ezker abertzalearen boto ugarik bere aldeko hautua egin duela dirudi lehen begiradan. Nafarroako botoekin, alderdi txikia zenak gorputza hartu du, zalantza barik.

Lehendakaritzaz gain, EAren porrota da atzo gaueko beste datu esanguratsuena. Bistan da bere hautesleek ez dutela EAren apustu berria ulertu, eta bistan da gehienak aitaren etxera itzuli direla, unearen garrantziak hala eskatzen zuela ulertuta. Oso egoera zailean geratu da EA, desagertzeko arrisku handiarekin. Gipuzkoako sektore kritikoa dagoeneko labanarekin zain da ezohiko kongresuko atean.

Ezker Batuak jasandako gainbeherak ere egoera estuan jartzen du Javier Madrazo, PSEk eramango zizkion gehienak, eta ez da baztertzekoa horietako batzuk Aralarrera ere joan izana. Polarizazioak min egin diola ez da zalantzarik, baina denak adierazten du EAJk gidatutako hiruko gobernuan parte hartu izana ez zaiola lagungarri gertatu.

Legez kanpoko ezker abertzalea da 30 urte ondoren Eusko Legebiltzarretik at geratuko dena. Horrek joko instituzionala aldatzen du, baina ez errealitate soziologikoa. Gaitza da D3Mren datuak beste hauteskundeetakoekin alderatzea, errealitate horretan 100.000 boto lortzea, sektore horrek euskal gizartean dituen sustrai sakon eta indartsuen agerle delako. Testuinguru osoa oso kontuan hartuta nahi bada, baina konparaketa mailaren bat ere egin behar da. Ilegalizazioa da eragile garrantzitsuena seguruenik, baina bake prozesuaren porrotak ere ondorioak izan ditu eta legez kanporatzearen estrategiak ere

pentsatu bezain mingarriak dira, maila guztietan, hauteskundeetan ere bai. 2001ean EHk bezala, D3Mk 7 eserleku lortuko lituzke, baina orduan 143.000 botorekin (eta ia 20 puntuko parte hartze handiagoarekin ere bai). Higatzeak aurrera jarraitzen du eta ordua da ENAMeko ezker abertzaleak behingoz norabide aldaketari ekin diezaion, plataforma soberanista edo dena delakoa baliatuta, baina 50 urteko estrategia politiko-militarra atzean utziz.

Erretratu politiko orokorra oso antzekoa geratu da, abertzale eta ez abertzaleak ohiko bloketan banatuak, eta ohi moduan, abertzaleak nagusi bototan, nagusi egiazko argazkian, baina ohi bezain ahul norabideari dagokionez. Lizarra Garaziko garaia salbuespena izan zen. Ildo soberanista delakoak badu lanik.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 ∑ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan