Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Europar parlamenturako hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Irabazita galdu?

Juan Martin Elexpuru

Juan Martin Elexpuru

EAJk irabazi ditu hauteskundeak. Ibarretxek, hobeto esanda, beragatik izan ez balitz askok aspaldi bilduta izango baitzituen bere bulegotako trasteak. Azken hauteskunde lokaletan jipoia jaso zuen alderdiak, eta harrezkero ere kontsultaren txapuzak eta ustelkeria kasuek ez dute asko hobetu bere irudia. Baina “kanpotarrak agindu bihar joskuek ala etxian? Ez, mekauen dio!” erreakzioak eta lider sendo batek salbatu du beste behin ere.

Lider sendoa, PSE-EEri falta izan zaiona irabazteko. “Oraingoan bai” izan zitekeen beren lema, eta eurak uste baino motelago ibili arren, oso litekeena da Raxoiren zapoak eta Diezen sugeak gustura irenstea, aita botereak eta ama aberriak sakrifizio hori merezi duelakoan.

Alderdi txikiak amildegiaren ertzean egon ohi dira hauteskunde bakoitzean. EAk garesti ordaindu ditu bere barne kaosa eta bakarrik joateko ausardia. Subiranotasunaren bandera astindu du urduri, ezker zein eskuin abertzaleko boto batzuk erakarriko zituelakoan, baina bereak uxatzea besterik ez du lortu, gehienak beren ama alderdira eta zenbait Aralarrera joango zirenak.

Ezker Batuarentzat ere dramatikoak izan dira hauteskunde hauek. Madrazo oso saiatua da baina lartxo gustatzen zaio boterea, eta poliki-poliki barrutik desegin zaio alderdia, eta “ezkerra soilik” nahi duen boto askok nahiago izan du PSEra edo Aralarrera emigratu.

Batasunaren ordezko D3Mrekin injustizia itzela egin da: legez kanpo, jazarriak, liderrak espetxean..., halako egoera batean ez dira txarrak ia ehun mila boto. Baina gogoratu beharra dago Herri Batasuna 14 parlamentari ateratzera heltzen zela eta atzoko botoekin 7 lortuko zituela. Politika gupidagabea da, eta bizkarrean daraman motxila astuna azkar lagatzen ez badu, ez da zaila etorkizuna igartzea.

Ez eskatu niri Aralar epaitzerakoan hotza izateko. Itziar Aizpuruari entzuten nion PNVren laguntzari esker egin duela gora. Alderdia jaiotzen ikusi dugunok badakigu zer den ez egoitza, ez diru, ez militante, ez ezer, basamortua zeharkatzea, ordura arteko irizkideen begirakuneak jasanez, eta mehatxuak ere bai inoiz. Hanka-sartze dezenteak ere izan dituen arren bere ibilbidean, begi-bistakoa da ezker abertzale zibil eta zabalaren egitasmoa sustraitzen ari dela Mendebal alde honetan, lehenago Iparraldean eta Nafarroan bezala.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 ∑ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan