Bideoklipetik hiper-errealitatera: zer erakusten digun Charli XCX-ek etorkizuneko musika ekoizpenaz

Gorka Bereziartua
0

Charli XCX musikari britainiarra.

GAZ Limbokoek elkarrizketa honetan esan dituzten gauza interesgarrien artean, arreta deitu dit zein argi duten gaur egun abesti berriak argitaratzea ez dela nahikoa, nola duten barneratuta bideoa musika talde baten ezinbesteko osagai gisa. Kontua ez da berri-berria, MTV eta tankerako telebista kateak sortu zirenetik musikari batzuk soinuarengatik bezainbeste iritsi zaizkigu bideoklipengatik –izan ere, Aphex Twinen Windowlicker gehiago da bideo bat nire memorian musika bera baino–. Youtubek fenomenoa biderkatu ez ezik, musikaren produkzio-sistema bera ere transformatu du, singlegintzara bideratuz, agian bideoklip on batek lagundutako kantak lor baitezake publikoaren arreta, eta aldiz, geroz eta zailagoa da jende kopuru handi samar bat aritzea artista berak batera argitaratu dituen hamar abesti behin eta berriz entzuten. Saturatutako musika eskaintzan algoritmoak gerra irabazi dio album kontzeptuari –eroriak oroimenean ditugu: lehenbiziko entzunaldian “sartu” ez arren, errepikapenei eta testuinguruari esker gustukoen bihurtzen zitzaizun kanta hori fenomeno gertagaitza ari da bihurtzen–.

Konfinamenduan Charli XCX britainiarrak egin duena ikusita, ordea, pentsatzen hasia nago musika eta bideo konbinazioan oinarritutako produkzio-eredua ere motz, oso motz ari dela geratzen gaur egun: “Disko bat grabatzen ari naiz. Argitaratze-data: maiatzak 15. Behin-behineko izenburua: How I’m Feeling Now”. Apirilaren 6an publikatu zuen mezu horretatik abiatuta martxan jarritako prozesuak zerbait erakusten digu musikaren etorkizuneko ekoizpen moduez, geroz eta etxekoiagoak diren eta hiperkonektatuago dauden artisten eta entzuleen mundu honetan: diskoa egiten ari zen bitartean Cambridgeko musikaria etengabe aritu da harremanetan jarraitzaileekin Zoom bidez; e-posta helbide bat jarri zuen haien eskura, kanten hitzak osatzeko ideiak jaso ahal izateko, bideo zatiak, lan berrian sartzeko moduko erritmoak…
Trukean, Charli XCX-ek dena kontatu eta erakutsi du, telebistako realityak barregarri uzten dituen mailetara iritsiz. Sare sozialetako zuzeneko emisioak egin ditu letrak idazten ari zen bitartean, abesti zatiak igo ditu bukatu aurretik, konposatu berri zituen melodiak kantatu, atzean bere bikotekidea platerak garbitzen edo puzzle bat egiten agertzen zen bitartean.
 
Maiatzaren 15ean iritsi da emaitza: pop elektronikoko hamaika kanta, momentuaren eta beharbada gaur egungo gazte askoren espiritua –“Z belaunaldi” deituriko horrena– harrapatzen duena: soinu akriliko bat, ahots prozesatuz beterikoa, Pull & Bear batean klub batean bezain ondo ematen duena, izaera anbibalente samarra daukalako. Nahiko konbentzionalak diren pasarteak oreka bitxi batean daude poparen estandarrek zabortzat jotzen dituzten soinuekin eta ondorioz, Charli XCX-en musika bi munduren arteko zubi bat izan daiteke, Tik-Tok zer den oso ongi ez dakigunona eta hitzen bidez bezainbeste emojien bidez komunikatzen direnen artekoa.
Historia hau jarraitu ondoren, dena den, geratu zaidan duda honakoa da: zenbat inporta du musikak gaur egungo musikari batek izango duen harreran? Interesatuko ote zen norbait –ni neu barne– hilabete batean sortu eta grabatutako disko batekin artistak horren inguruan sortu duen hiper-errealitaterik gabe?
Ezezkoan nago. Eta ez da epai bat, konstatazio bat baizik: egiten duzunak baino gehiago inporta du egiten ari zarela kontatzeak. Sareetan etengabe presente egotea bihurtu da publikoarentzat existitzen jarraitzen duzula erakusteko modu nagusia eta, hau da nobedadea, presentzia hori prozesu produktiboarekin lotu du Charli XCX-ek. Alegia, ez da agertzea bakarrik; agertzen zarenean lanean ari zarela erakustea ere bai –workaholic gisa definitu izan du bere burua musikari britainiarrak–.
Honek guztiak zalantza asko sortzen dizkit –neurokapitalismoari buruzko Larrun honetan agertzen ziren batzuk– eta, arteen alorrera etorrita, galdera berriak planteatzen ditu une bakoitzean garrantzitsutzat jotzen den musika –literatura, zinema, antzerkia…– bereizteko eskura egon daitezkeen mekanismoez. Zeren, disko honek gutxienez kritikaren galbahea ere pasa behar izan du kontsideratua izan aurretik. Mundu anglosaxoiko hedabideetan mantentzea lortu den estamentu bat da: ekoizpen kulturalak inoiz baino zuzenago iritsi daitezke publikoarengana, baina oraindik existitzen da zabalkunde masiborako tresnen botereari filtro pixka bat egiten saiatzen denik.
Kritikarik existitzen ez den –edo bereziki gaizki ikusia dagoen– testuinguru kulturaletan, berriz, sortzailea komunikatzaile trebea izatea aski izan daiteke gainontzekoen aurretik posizionatzeko, egiten duenaren balioari buruzko edozein debate abiapuntutik neutralizatuz. Merkatuaren legeak gogorragoak dira gutxi eta gaizki egituratutako sistema kulturaletan. Zer esanik ez, diru publikoak kultura kritikoki bizitzea sustatuko luketen dinamiketara bideratu ordez, bideoklip interaktiboak finantzatzera bideratzen badira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA