argia.eus
INPRIMATU
Huerta de Peralta enpresak ostiralean erantzungo die greban dauden langileei
  • Atzo eguerdian izan zuten bilera enpresarekin. Kaleratutako zortzi langileak berronartzea eta azken hilabeteotan ezarritako zigorrak atzera botatzea eskatzen dute grebalariek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 03a

Gaurkoarekin bederatzigarren greba eguna dute Azkoien herrian dagoen Huerta de Peraltako langileek. Abenduaren 26an ekin zieten lanuzteei, eta atzo, lehen aldiz, enpresaren zuzendaritzako goi-karguekin bildu ziren langileen ordezkariak. Kaleratutako zortzi langileak berronartzea, azken hilabeteotan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea eskatzen dute langileek. Era berean, langileei zor zaien diru kopurua nola banatu proposatu du greba batzordeak, eta, bestalde, negoziazio prozesu bati ekiteko konpromisoa eskatu dio enpresari.

Iazko irailean, langile batzordea eratzeko hauteskundeetan, LABen izenean aurkeztutako migratzaile marokoarrek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkarietatik sei, Euskalerria Irratiak jaso zuenez. Orduz geroztik, lan baldintzek nabarmen egin dute hobera: lanaldien murriztapena esanguratsua izan da, eta kontratu batzuk finko bihurtu dira. Baina, tarte horretan, Huerta de Peralta enpresak LABekin lotura zuten lau behargin kaleratu ditu.

Lehen mobilizazio egunean, abenduaren 26an, Foruzaingoak esku hartu eta zaurituak izan ziren.

Mobilizazioak

Enpresaren erantzunaren zain, langileek greba mugagabearekin eta aurreikusitako mobilizazioekin jarraituko dute. Gaur, ostegunean, nazioarteko sindikatuen hainbat ordezkari Azkoienen izango dira, grebalariei euren babesa erakuste aldera –Kataluniako IAC, Aragoiko CUT, Asturiaseko CSI, Intersindical Valenciana eta Frantziako Estatuko Solidaires–.

Bihar bestalde, ostiralean, Elkartasun Eguna deitu dute Azkoienen. 12:00etan manifestazioa egingo dute, enpresaren partetik erantzuna jasotzeko egun berean. Eta azkenik, momentuz, datorren urtarrilaren 7an, astelehenean, manifestazioa egingo dute Iruñean, 12:30ean Udaletxe Plazatik irtenda.