ARGIA 2000. zenbakira heldu
zen 2005eko uztailaren 10ean
|
1919. urte hartan jaiotako Zeruko ARGIA, oztopoak eta debekuak ezagutu
ondoren, ausardiaz eta indar berriturik kaleratu zen frankismoaren garai
ilunetan. 1963an astekari gisa agertu zen berriro 1. zenbakiarekin.
Euskal kulturaren berpizkundean aldizkari erreferentziala izan zen eta
euskarazko prentsak eta kulturak egin dituzten urrats guztietan protagonista
izan da.
Horregatik guztiagatik gertaera hau ospatu nahi izan dugu.
Ospakizun ekintzak, nagusiki, informazioa eta analisia lantzen duen
gure astekariaren ildoari jarraiki antolatu ditugu:
-
Marka berri bat sortu
dugu 2000. zenbakiaren inguruan egingo duguna irudikatzeko. Gure ezaugarriak
biltzen ditu: modernoa da, irekia eta "zubia" iradokitzen
digu. Gainera, guretzat funtsezkoa den kontzeptua ere zabaldu nahi izan
dugu lelo moduan: independentzia. Izan ere, independentzia gure
iparra da, informazio askatasunaren berme nagusiena eta egungo mundu
globalizatuan norberaren borondatean oinarrituriko interdependentziaren
berme, balore absolutua izan gabe.
-
Zortzi asteko atal berezia gehitu dugu
astekarian: 40 urteko aktualitatea Zeruko ARGIA eta ARGIAren orrietatik
ikusia eta gaur egungo begiekin komentatua.
-
Kazetari gazteak ezagutarazi eta saritzeko asmoz, erreportaje
lehiaketa antolatu dugu. 30 urtetik beherako kazetarientzat da eta
hiru kategoria ditu: erreportaje luzea, laburra eta interneterako erreportajea.
-
Gainera, "Euskal Herria 2005-2025, nora eta nola?" izenburupean
topaketa
batzuk antolatu ditugu.
Hori guztia eta
beste hainbat elementu SAREKO
ARGIAko kanal
berezian bildu ditugu. Batetik, ARGIA astekarian argitaratutako
atal bereziko erreportajeak ardatz hartuta idatzitako Sarekada bereziak
daude irakurgai. Bestetik ARGIA astekariaren azal esanguratsuenak eta
1960az geroztik argitaratutako hainbat artikulu bildu ditugu. Horrez
gain, 1960. urtetik 2000. urtera arte izandako gertakari garrantzitsuenak
gogorarazi ditugu kronologien atalean.
|