Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Euskara Nafarroan, mitoak eta mamuak

Koldo Martinez Urionabarrenetxea

Euskara Nafarroan: Lege honekin beste Hizkuntza Politika bat egin izan da, eta orain ere egin daiteke, euskararen inguruan nafar alderdi batzuek eta beren boto emaileek dituzten mito eta mamu guztiak ezabatzen baditugu. Baina horretarako, guk ere geure mito eta mamuak alde batera utzi beharko ditugu.

Nafarroako Parlamentuak, 1986ko abenduan onartu zuen Euskarari buruzko Foru Legeak gizarte elkarbizitzaren alorrean nahiz irakaskuntzan euskararen erabilpen normala eta ofiziala arautzea xedetzat duela dio. Bere ezinbesteko helburuak ondokoak direla dio: 1. Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzeko tresnak zehaztea. 2. Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz. 3. Euskararen erabilpena eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta begirune irizpideei jarraiki, hori guztia Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera. Eta euskara gaztelaniaz batera Nafarroako hizkuntza propioa dela aitortu ondoren, Nafarroako lurraldea hiru zonalde ezberdinetan zatitzen du, euskararen ofizialtasuna zonalde euskaldunean soilik onartzeko.

Legeak, hasiera batean Nafarroako sozialisten eta nazionalisten onespena zuen; denetara, 21 boto. Kontrakoak 23 ziren, nafar eskuinekoak. Sei parlamentari zuen Herri Batasunak ez zuen parte hartzen instituzio lanetan. Azkenean, nazionalisten aldeko botorik gabe onartu zen.

Bestalde, egun, Europa mailan Erregio zein Gutxiengoen Hizkuntzei buruzko Europako Karta dugu hizkuntza gutxituak babesteko dagoen nazioarteko tresna juridiko bakarra. Espainiako Gobernuak gutun hori 1992an sinatu zuen, eta 2001ean berretsi. Hori egitean Gobernuak Kartak dioena legetzat hartzen du eta dioena betetzera behartuta dago. Europako Kontseiluko Adituen Komiteak argi eta garbi gomendatu du euskarak zonalde euskaldunean duen babesa zonalde mistoan era egoki batez ere aplika dadila, “Nafarroako legediak definitzen duen bezala”.

Argi dagoelako, ene ustez, Legearen irakurketa lasaia egiten bada, edo egin nahi bada, Legeak berak aipatzen dituen ezinbesteko helburuak eta hauek suposatzen dituzten eskubideak nafar guztiei, inolako mugarik gabe, aitortzen zaizkiela. Baina interpretazio hau egiteko borondate demokratikoa eta bizikidetzarako grina behar dira. Eta zoritxarrez ez dirudi hauek gure artean gehien preziatzen diren baloreak direnik.

Onartu zenetik hona Legea hainbat aldiz aldatu nahi izan da, (ia) guztietan porrot egin badu ere. Adibidez, 1995 urtean, sozialistek eta EAk zonalde ez euskalduna desager zedin egindako proposamenak porrot egin zuen UPNk eta HBk aldeko botoa eman ez zutelako. Maximalismoak elkarren kontra beti, baina batez ere, euskararen kontra! Berriki, Aralarko parlamentari bat oporretan zegoelako eta gero PSNk bere jarrera aldatu zuelako ere Legearen aldaketa minimo bat lortzeko egundoko lanak behar izan dira. Prozesu horretan, gainera, CDN Gobernutik kanporatua izan zen bozketa batean abstenitu zelako.

Arazoa zonifikazioa mantentzea ala nafar guztioi dagozkigun hizkuntza eskubide guztiak onartzea baldin bada, azken jarrera honen alde nago erabat. Baina horretarako ez da beharrezko legedia aldatzea, baizik eta beste Hizkuntza Politika bat egitea. Alde batetik, esan bezala, legedia aldatzeko behar den adostasun haina ez dagoelako Nafarroan eta, dirudienez, epe laburrean ere ez da izango, argi geratu den bezala berriki Nafarroa Baik euskararen ofizialtasuna lurralde osoan ezartzeko aurkeztu duen proposamena argitara eman duenean. Bestalde, Lege honek euskararen aldeko Hizkuntza Politika bat behartzen ez duelako baina era berean eragozten ez duelako. Lege honekin beste Hizkuntza Politika bat egin izan da, eta orain ere egin daiteke, euskararen inguruan nafar alderdi batzuek eta beren boto emaileek dituzten mito eta mamu guztiak ezabatzen baditugu. Baina horretarako, guk ere geure mito eta mamuak alde batera utzi beharko ditugu. Eta agian, hau da euskaltzaleok egin behar dugun aldaketarik handien eta sakonena!

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan