Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Disolbatu ala gainsaturatu

Gorka Bereziartua

kazetaria

Kultur politikak: Gakoa, kultur-aniztasun liberalaren diskurtsoa gainditzea da, “besteak”, “irregularrak”, “parterik gabekoak”, artikulatzen asmatuz. Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren oinarriak ez ditugu erasotzen ahal euskal partikulartasuna eskatuz bakarrik

2010eko uztaileko data dauka dokumentuak. Titulutik Rousseau dakar gogora, Ilustrazioa, arrazoiaren argia. Ez zaio marketin kutsurik falta, nahikoa da horretaz jabetzeko “kontratu” hitzari erreparatzea. Kulturaren Euskal Planetik Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratura baitu izena testuak. Hamabost orrialde. PSE-EEren gobernuak praktikan jarri nahi dituen kultur politiken oinarri teorikoa dela esan liteke eta itxuraz zenbait aspektu berritzaile dakartzan arren (copylefta aipatzen da adibidez; harritzekoa, erakunde publiko batez ari baldin bagara), hain dira zabalak ematen dituen argibideak, eta ñabardura batzuek hainbeste seinalatzen dute idatzi duenaren ideologia, ezen zaila ematen baitu abiapuntu horretatik kontsentsuzko politika kulturalik aurrera eramatea, non eta kontsentsu hori ez den lortzen euskaraz bizi nahi dugunok aparte utzita.

Azken esaldi horrek gehiegikeria iduri du. Kontratuaren hamar helburuen artean, bederatzigarrena “euskarazko kultur kontsumoa” sustatzea bada, nola hasiko da ba Jaurlaritza euskaldunak baztertzen? Bederatziaren atzetik hamarra baitator, azken helburu gisa “euskararen irudia prestigiatzea” irakurri eta susmoak hasten dira, ordea. Ez al dauka prestigiorik? Zerk emango dio? Zerk kendu dio orain arte?

Gutxi aipatzen da euskara dokumentu osoan eta excusatio non petita lar dago gaia ukitzen den bakoitzean. Sarreratik hartutako aipua: “Kulturen aldeko kontratu honek oso kontuan hartu ditu euskal gizartearen hizkuntza-aniztasuna eta, era berean eragiten die euskarazko zein gaztelaniazko jarduerei. Hizkuntza batean aurkezten den edozein kultura-ekitaldi berdin aurkez daiteke bestean ere. Ez dago zertan egon kalitate aldetik inongo ezberdintasunik bion artean, ezpada ere tamaina aldetik”. Accusatio manifesta. Lerro artean zera leitzen da: “Euskaraz egiten dena txarragoa da baina hobetzen lagunduko dugu, nahiz eta, edozein modutara, jende gutxiren interesa piztuko duen”.

Euskara ez, teknologia berriak, diziplinartekotasuna eta gizarte-aniztasuna. Horiek dira, erakunde publikoekin harremanetan, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren gune gizenak. Berniz liberal, multikultural light samar batekin jantzita betiere. Irakur bestela ondokoa: “Planteamendu horrek aukera eman beharko luke kultura-adierazpen guztiak esparru berean onartuak eta errespetatuak sentitzeko. Esparru hau ezin da itxiera ideologikoen edo beste edozein manipulazio hegemonikoren esku utzi, ezta arrazoi estetiko, idiomatiko, generozko, jatorrizko edo pentsaerazkoen esku. Kultura-aniztasunaren gauzatzea oraindik bete gabeko erronka eta berehalako betebeharra da, beraz”.

Ezin esan intentzio oneko hitzak ez direnik, baina praktikan, zabaltasun horren itsasoan urtu egiten dira kultur adierazpen babesgabeak, txikiak, euskarazkoak. Horien aldeko diskriminazio positiboa bultzatuko luketen politikak “manipulazio hegemoniko” bihurtzen direlako plan honen terminologian, “itxiera ideologiko”-en fruitu, eta beraz aniztasunarentzat galga. Kultura Sailak proposatzen duen kontratuak, Ramon Zallok ongi seinalatu zuen moduan (Deia, 2010-9-23), baztertu egiten du euskal kultura kolektibo eta integralaren ideia eta kontrajartzen dion nozioa kultura anitzen mosaikoa da; oso salgarria, oso cool, eguneroko praktikan gertatzen diren botere-borrokak eta indar-korrelazioak erabat ahaztuz gero.

Disoluzioaren problema ezin da, ordea, plan honetan egiten den erraztasunez bazterrean utzi: gaztelaniaz sortzen den kultura itsaso zabala da eta euskal kultura (zer esanik ez azken urteetan geureganatu diren komunitate txikiagoena) azukre koskorra legez disolbatzen da ur horietan. Problema horri itsu egiten dio Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuak, esanez euskarazko kultur eskaintzak “berez elebiduna den eta gerora ere elebidun izaten jarraitu nahi duen gizartearen” eskaerari erantzun behar diola.

Gauzak argi: berezko elebidun gehienak, gizarte honetan, euskaldunak dira. Gizarte osoaren nahia jakiteko modurik berriz, ez dago; hizkuntzari buruzko erreferendum bat beharko genuke horretarako. Osterantzean, gobernariaren borondatea gizarte osoari estrapolatzea da, ikuspuntu demokratiko batetik defendatzen zaila den posizioa, inondik ere.

Huts egingo genuke halere, kontratu honen muinari bere mekanismoen barrutik kontra eginez gero. Gizartea asko aldatu da hondarreko urteetan jatorri anitzeko migrazioei esker eta fenomeno hori baliatu nahi du Kultura Sailak proposatutako marko teoriko honek, guztientzako kafe moduko batean komeni zaion edulkoratzaile kopurua botatzeko. Euskara koxkor bat, arabiera ale batzuk, errumaniera, zergatik ez; baina kafea, espainolez. Hura baita disolbatzaile posible bakarra. Gainontzekoak, urritasunagatik, ahuldadeagatik, solutuak dira. Jacques Rancière-ren hitzetan jartzeko, “parterik gabekoak”. Edo “irregular”, Joseba Sarrionandiak elkarrizketa batean (ARGIA, 2010-12-26) immigranteak eta euskaldunak konparatzeko erabili zuen berba baliatuz.

Baldintza horietan, mehatxuak ugari dira; baina baita aukerak ere. Gakoa, kultur-aniztasun liberalaren diskurtsoa gainditzea da, “besteak”, “irregularrak”, “parterik gabekoak”, artikulatzen asmatuz. Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren oinarriak ez ditugu erasotzen ahal euskal partikulartasuna eskatuz bakarrik. Hor beti urtuko gara. Urtzen ari gara: erraz asimilatzen du kultur politika ofizialak euskaltasun kuota bat, izan Errekaldeko trikitilariarena edo Ondarroako idazlearena.

Ez. Disoluzioa gainsaturatu beharra dago. Likidoari disolbatu dezakeena baino solutu gehiago bota. Alegia, “kulturak” plural ofizialari, “kultura” singular bazterrekoa kontrajarri.

Berezko ahotsa eskatuko duen bazterreko kultura hori –irregular eta parterik gabekoona– definitzen asmatzea izango da datozen urteetako erronka

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan