Hiru manba beltz, hiru elefante
2010-06-18 12:21:00 | Bilardo
“Esan nian Argentinak pozoia duela aurrean...”. Arrazoia zian bai, Itziarko Rikardok. Zerri-trostan jokatuta ere, ebain-ebain eginda geratu zuan Hego Korea. Pozoia. Hiru manba beltz: Higuain, Tevez eta bigarren partean Aguero. Mizto zorrotzak, beneno hutsa. Jar ezak horien atzetik, gainera, super-botereak dituen arkakuso bat, hamarra bizkarrean eta... Faboritoa ote duk Argentina?
Ni ez nagok hain seguru. Rikardorekin ere hitz egin nian horretaz: 4-1 bukatu zuan partidua, baina amerikanoak bi aurretik egonda, Demichelisek ez zian jakin hankartean zeukana zer zuan, baloia, ukondoa ala zakila; ez ziok ba bueltaka-bueltaka gol bat erregalatu koreanoei? Hor izango dizkik komeriak Argentinak. Rikardo berriz: “Demichelis, Heinze... xahartu dittuk!”. Arrazoi berriz ere Itziarko jakintsuak: elefanteak dituk honezkero Walter Samuel (32 urte), Martin Demichelis (30) eta Gabi Heinze (32). Bai, aurreneko partiduko gola Heinzek sartu zian baina... mantso ikusten dizkiat, gerri gutxi, gris antzean.
Bazekiat, esaera zaharrak argi esaten dik: aurreak erakusten dik atzea nola dantzatu. Baina selekzio honen kasuan, erdiko jokalariak izango dituk natza: galtzak bete lan ibiltzekoak dituk Mascherano, Di Maria eta Rodriguez. Eta ni zain nagok, xahar-xaharrena, Juan Sebastian Veron, zer emateko gai den ikusteko. Hiru manba beltz eta hiru elefante: zoologikoa osatzeko ziminoak, putreak, lehoiak, jirafak, arranoak, tigreak, astoak, belatzak... denak beharko dizkik Maradonak futbola pentsatu, sortu eta borrokatzen den soro zatian.
PS: Atzoko Frantziaren partidua ikusita pentsatzen jarria nagok, selekziorik eduki gabe ere, ez ote den hau euskaldunon mundiala izango...
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403