« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Aireaz

2010-06-23 21:21:00 | Lander Arbelaitz

Asyen Esnoa

Asyen Esnoa

Ez nintzen sekula Munduko Kopa hartzen zuen herrialdean izan. Paradisua da futbolzaleentzat inondik ere. Txapelketan parte hartzen duten herrialdeetako koloreeak ezker-eskuin. Taberna, denda, ostatu eta jatetxe guztietan (bai, guztietan) futbola beste ezer ez daiteke ikusi. Norgehiagokak jokatzen ari direnean, bataila eremura begira egoten dira 90 minutuz kamera-begi guztiak. Eta hauek amaituta errepikapen, saio berezi eta zuzeneko konexioekin betetzen dituzte ordu hilak.

Munduko Kopak Hegoafrikako arazoak ez zituela konponduko, baina hilabetez, poza eta alaitasuna ekarriko zuela irakurri nion The Guardian-eko kazetari bati. Behartsuenek ere beren beharrak ahaztu eta airez betetako larruazalari irribarrez begiratuko ziotela. Errazegi idatzi zuen hori.

Sabela zen airez beteta zeukana Asyen Esnoak .“Emango didazu diru pixka bat? Edo bestela, erosiko didazu jateko zeozer?”, erregutu dit makurtuta, kamera eskuan eta txanponik gabe harrapatu nauenean. Ongi jantzita doan arren, begirada seko galduta iritsi zait 21 urteko gaztea. Ingalaterra eta AEBetako zaleak garrasika dabiltzan plazan afaltzera gonbidatu dut begi-kolpe batean aurkitu dudan lehen abiadura handiko jatetxean. Ordu laurdenez Munduko Kopatik atera nau.

Ama eta 11 urteko anaiarekin bizi da, erdialdetik oso urrun ez dagoen auzune batean. Aita eta arreba hilak ditu, ez naiz nola galdetzera ausartu. Nik egin behar izan dizkiot galderak bata bestearen atzetik, bere kabuz hitz egitera animatu den arte. Amak ezin ordaindu eta bost urterekin utzi zuen eskola. Ordutik eskean bizi da. Bere pekatu bakarra, kalean beherago eskean ibiltzen diren bere lagunekin zeozer erretzea omen da. Azkar asko atera dute jatekoa, plastikozko kutxa batzuetan. Ama eta anaiari eraman behar diola esan dit. Astelehenetik ez omen dute ezer jan hiruek.

Ama eta anaia aurkeztu eta nola bizi diren erakutsiko dit bihar. Gauez ez, gauez zuri batekin ezin dela hara joan. Topo egin dugun leku berean geratu naiz bihar goizeko 11etan.

Behin kanpoan, agurtu baino lehen, ea beste zerbait erosiko ote nion galdetu dit. Nire kaxa ireki eta bertan zeuden patatak eman dizkiot. Azkar gorde ditu berean.

Nahiko gorputz txarrarekin utzi nau garaipena ospatzen ari diren estatubatuarren artean.

 

  • Erantzunak (8)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • Irati Sarasua - 2010-06-25 20:25:53: Ze artikulu politta lander... pentsakor utzi nauzu. Muxu bat Hernanik, disfrutatu eta animo!
  • Agin - 2010-06-25 00:58:33: ze ona "garaipena ospatzen ari ziren estatubatuarren artean" !!! (bueno, ta gaƱontzekua)
  • Lander A. - 2010-06-24 17:04:17: Eskerrik asko denoi, saiatuko naiz lan txukuna egiteaz gain, esperientzia gozatzen.
  • Perolo gorria - 2010-06-24 10:41:41: Artikulu ederra Lander. Hegoafrikako Mundiala apur bat gehiago jarraituko dugu orain. Ea datozen egunetan zer ikusi-entzun-sentitu-bizitzen duzun!
  • GU TA GUTARRAK - 2010-06-24 10:08:17: Buf...izugarria...eta zeinen gogorra. Animo majiko, bihotzetik ateratzen zaizuna egin eta egiten duzuna ongi egina egongo da seguru. Eutsi eta al duzun neurrian disfrutatu, muxuk guapeton.
  • Lander I - 2010-06-24 08:19:25: Hunkigarria oso. Animo Lander! horrelako asko pasa behar izango dituzu. Herri horretan eta momentu honetan futbola kamuflajea dela argi dago.
  • otxoto - 2010-06-24 06:50:37: Zorionak Lander! artikulu bikaina. Zorte on bihar!
  • Joxe - 2010-06-23 23:25:14: Irrikitan gaude zure kontuak irakurtzeko. Ona gaurkoa. Animo!
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403