Hagan ekainaren 25ean NATOk egindako goi-bileran, gastu militarra herrialde bakoitzaren BPGaren %5 izateko konpromisoa hartu dute Aliantza Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren estatuek. Horretarako hamar urteko epea izango dute, 2035 arte. Erabaki horrekin, 2014an ezarritako %2ko helmuga askogatik igo dute, eta urteko aurrekontuaren zati handi bat gastu militarrera bideratu beharko dute NATOko 32 herrialdeek, salbuespenik gabe. Gastu militar zuzena %3,5 izango da, eta %1,5 gastu militar eratorria (zibersegurtasuna, azpiegiturak, mugen zaintza...). Erabili duten argudioa izan da errusiar "mehatxuaren" aurrean euren "segurtasuna" bermatzeko prest egon behar direla. Eta horrela, Anne Morelli historialariak teorizaturiko gerra propagandaren printzipio nagusietako bat dakusagu: "Ez dugu gerrarik nahi, soilik defendatzen ari gara!".
NATOko idazkari nagusi Mark Rutte ipurtzuriaren losintxen artean, AEBetako presidente Donald Trumpek "garaipen monumentala" izan dela esan du bere ohiko tonuan. Denek sinatu dute daddy Donaldek –horrela deitu dio Ruttek, "aitatxo"– nahi zuen dokumentua. Espainiako Estatuak ere sinatu du, Pedro Sánchezek ziurtatu arren ez dagoela hori konplitzera derrigortua, dirudienez Rutteren gutun bat duelako "malgutasuna" ematen diona. Espainiar mandatariak goi-bileraren aurretik esana zuen ez dagoela %5era iristeko prest, gastu sozialean eragin zuzena izango duelako –eta bazkide dituen bere gobernuko beste alderdiek ez dutelako halakorik onartuko–. Ruttek, baina, ironikoki erantzun dio –"ados gaude ez gaudela ados"– eta argitu du Espainiak ere bete beharko dituela bere obligazioak NATOko kide bezala. Trumpek, bere aldetik, gerra komertzialarekin egin dio mehatxu Espainiari.
Baina goi-bileraren showak ezin du gure begirada desbideratu benetan garrantzitsua den horretatik: AEBen presioaren ondorioz NATOk herrialdeei inposatu diela askoz diru gehiago gastatzea armak erosten. Monumentala koanto.
Europar Batasuneko herrialdeek urtean 900.000 milioi euro bideratu beharko dituzte arlo militarrera. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Gaurgeroa pentsionisten mugimenduak diote horrek murrizketak ekarriko dituela osasungintzan, pentsioetan eta klima larrialdiaren kontrako borrokan; eta salatu dute Eusko Jaurlaritza zein armagintzaren Euskal Herriko lobbya –besteak beste Zedarriak foroa– horixe elikatzen ari direla. Eta dena, urteko hitz bihurtu zaigun segurtasunaren izenean.