argia.eus
INPRIMATU
Baratzegintza agroekologikoa
Iazko udako uzta txarretik bildutako irakaspenak
  • Uda da sasoirik oparoena baratzean. bai, behintzat, udaberrian ereintza eta landaketa lanak egin badira. iazko uda ez dadila errepikatu desio dute elikagaiak lurrean eta zeruari begira lantzen dituzten laborariek. izan ere, batez beste %45 uzta txikiagoa jaso zuten. datu hori jaso du laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak egin duen azterlanak. Gainera, uztarik okerrenak negurako gordetzen diren laboreetan jaso zituzten eta, beraz, urte osoko diru-sarreretan igarri dute jaitsiera. baina, zergatik izan zen uzta hain eskasa? Zer ondorio ekarri ditu lehendik baldintza gogorretan irauten duten baratzezainen artean? Zer konponbide ari dira aztertzen etorkizunean horrelako egoerei hobe aurre egiteko?

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2025eko maiatzaren 21
Nere Aspiazu, Leire Ibarretxe eta IƱigo Gabilondo. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Bergarako Ziarreta baserrian elkartu gara bertako ekoizlea den Iñigo Gabilondo, Izurtzako Eskubaratz proiektuko ekoizlea den Nere Aspiazu eta Biolurreko teknikari dinamizatzailea den Leire Ibarretxerekin. Hirurak dira Biolurreko baratzezainen taldeko kideak, eta iazko uzta txarraren aurrean datuak biltzeari ekin zioten: hemezortzi baratzezain agroekologikori bidali zieten galde-tegia eta jasotako datuak eskutan etorri dira gurekin lotu duten hitzordura.

Biolurrek egin duen azterlanean nabarmendu du 2024ko eguraldia ohi baino euritsuagoa izan zela, batez ere udaberrian: maiatzean batez bestekoa baino %25 euri gehiago egin zuen eta ekainean %25-%50 artean gehiago. Tenperaturari erreparatuta, justu iazko maiatza batez bestekoa baino 1ºC hotzagoa izan zen, eta ekainetik abuztura batez bestekoarekiko epelagoa, 0,5ºC-1ºC artean. Eguraldiaren aldagai horiek baratzegintzan izan zuten ondorioa honela azaldu du Ibarretxek: "Kalabaza San Isidrotan (maiatzak 15) landatzen da baina iaz uztaila hasieran sartu zuten askok, euria, euria eta euria egin zuelako landatzeko garaian. Batez ere maiatza eta ekaina hotzagoak izan ziren, argi gutxiagokoak eta euri askoz gehiagokoak. Hiru elementu horiek gakoak dira, eta ez zuen laga lanik egiten uztailean sartu arte".

Landatzeko arazoez gain, eguraldiaren ondorioz ugaltzeko arazoak ere egon direla azaldu du Ibarretxek: "Kalabazetan, dauden tenperatura eta argitasun baldintzen arabera, lorearen sexua determinatzerakoan landareak arrera edo emera joko du. Eta ar asko irteten badira eta eme gutxi, kalabaza gutxi egongo da. Hori ere gertatu zen 2024an. Uztaila nahiko formala egin zuen, baina abuztua eta iraila berriz oso freskoak, oso euritsuak eta ilunak". Gabilondok ere berretsi du tenperatura eta argiaren gorabehera: haiek ere lekak iaz berandu erein zituzten, hotza egin zuelako, eta piperraren uzta ere asko atzeratu zen. Aspiazuk ere iazko eguraldiaren petrala nabarmendu du: "Berandu landatu arren udazkena epeletik edo argi baldin badator, landareak badaki zikloari eusten, baina etorri zen udazken hasiera horrekin, ezin izan zen". Ibarretxe bat dator: "Konturatu gara 2024ko udan egin ziren landaketekin beste hainbeste gertatu zela: azakiak eta porruak oso gaizki joan dira, eta labore horiek garrantzia handia dute diru-sarreretan". 

Eguraldi busti eta epelaren ondorioz izan zituzten beste arazo batzuk ere ekarri ditu gogora Aspiazuk: onddoak eta izurriteak.

Uztaren %55 jaso zuten

Biolurreko azterlana egiteko, ekoizleentzat garrantzitsuak diren zortzi labore aukeratu zituzten. Aspiazuk zera azaldu du: "Labore horiek bi multzotan banatu genituen: batzuk dira udako laboreak eta besteak biltegiratzekoak direnak, negu osoa eta udaberri hasiera arte iraun dezaten. Beraz, biltegiratzeko laboreak kopuru oso handitan egiten dira eta ondorioz, horiekiko oso dependien-teak gara. Adibidez, kalabaza martxora arte kontsumo taldeetako otarretan ipintzeko lain izaten dugu". Azterlanerako hautatu zituzten zortzi laboreak hauexek dira: udako laboreak diren tipulina, letxuga, leka eta tomatea; eta biltegiratzekoak diren tipula, patata, kalabaza eta babarruna.

Guztira, aurreko urteekin alderatuta batez beste %55eko uzta jaso zuten 2024an. Biolurreko kideek nabarmendu dute labore horiek direla ortuzainentzat garrantzitsuenak: "Urte osoko diru-sarreren %40tik gora izan ahal da". Zortzi labore horien artean, patata da gutxien bildu zena, %37 beste urteekiko alderatuta. Eta tomatea da gehien bildu zutena, %73 beste urteekin alderatuta.

Aztertutako zortzi labore horien artean, bereziki oso gaizki joan ziren biltegiratzeko direnak. Aspiazuk zera azaldu du: "Hain justu biltegiratzeko laboreak dira guri urte osoa baldintzatzen digutenak, ze udako letxuga gaizki badator bere eragina hor geratzen da, baina biltegiratzeko horiek hurrengo urteko martxora arteko otarrak eta salmenta baldintzatzen dute". Biltegiratzeko laboreen  artean kalabaza izan zen gehien jaso zena, "baina hori ere %49, beraz, dena antzera", esan du Aspiazuk. 

Negutegia daukan laborariak hobe egin dio aurre iazko udako eguraldiari. Baina haizeteak ere gero eta gogorragoak dira eta horrek konplikatu egiten du negutegia jartzea. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Negutegiak, soluzio garestiak

Ibarretxek esan duenez, ondorio bat atera dute iazko udatik: "Konturatu gara zenbat eta negutegi gehiago eduki, laborariek gehiago libratu dutela arazoa". Aspiazuk azaldu du: "Izan ere, negutegiak bermatzen duena da eguraldia edozein izanda ere lan egiteko aukera izango dugula". Baina negutegiak ere baditu bere oztopoak, Ibarretxek zehaztu duenez: "Biolurreko baratzezainen bileran aipatu zuten negutegiekin ere arazoa dagoela, haizeteak gero eta gogorragoak direlako, eta horrek konplikatuago egiten du negutegia jartzea: aseguruak kontratatu behar dira edo haizea moztekoak jarri, eta hori beste inbertsio bat da". Gabilondok erantsi du gordetzeko laboreak ez direla negutegian egiten, azalera handia hartzen dutelako, adibidez kalabazak, patatak eta babarrunak. Gabilondok berak iaz negutegia erabili zuen baratzeko uzta txarra orekatzeko, baina negutegian lekua mugatua dela azaldu du, eta iazko udaberrian "eguraldi txarra" egin izanaren ondorioak aurtengo udaberriraino kateatu zaizkiola: "Porruak udazkenean mildiua hartu zuen eta bankal osoetako porruak txiki geratu ziren, ez ziren nahikoa garatu. Horren aurrean, erabaki behar izan genuen, edo porrua kendu edo berriro landatu; eta ondorioz, edo porrua berandu jaso edo porru gutxiago izan. Porru uzta bermatuta edukitzeko, negutegian landatu behar izan nuen eta beraz, negutegiko lur sail batzuk hipotekatu egin nituen porruarentzat eta ondorioz, udaberrian leku gutxiago daukat beste gauza batzuk lantzeko. Beraz, gure ekoizpenean aurtengo udaberriaren hasieran ere eragina izan du iazko uzta txarrak".

Bergarako Ziarreta baserrian elkartu gara gaiari buruz hitz egiteko. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Larri egon eta uzta falta

Aspiazuk azaldu du iazko uzta txarrak agerian jarri duela proiektu askoren zaurgarritasuna: "Proiektu hauetako gehienak justu-justu heltzen dira soldata estaltzera, eta horrelako urte bati larri eusten diote, eta horrelako beste urte bat badator, nik uste dut proiektu asko oso larri egongo liratekeela". Gabilondok jarraitu du: "Arazoa da ez daukagula ahalmenik koltxoia egiteko. Beraz, urte txar bat etortzen bada edo negutegia puskatzen bazaizu, zenbaki negatibotara zoaz segituan". Irakurleak agian gogoratuko du 2021ean Duina azterketa egin zutela baratzezain agroekologikoen lan baldintzak zenbakitara eramateko, hiru eragileren arteko elkarlanean: Biolur, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Eta bertan agertu zen garai hartan baratzezainek batez beste urtean 14.990 euro irabazten zituztela, Karta Sozialak duintzat jotzen zituen 16.800 eurotik behera. Gainera, baratzezainek batez beste hitzarmenak esaten duena baino %10 lanordu gehiago sartzen dituztela neurtu zuten, eta azterlana egin zutenen hitzetan zenbaki horretan "oso motz" geratu ziren, egunerokoan egiten dituzten hainbat lan kontabilizatu gabe geratu zirelako.

Ibarretxek nabarmendu du baratzegintza "ekonomia erreala" dela: "Ekoizten dutena saltzen dute eta horren gainean bizi dira. Beste lanpostu asko, bai industrian eta abar, erabat interbenituta eta sostengatuta daude, baratzezaintza ez bezala". Oroitarazi du Duina azterlanak erakutsi zuela baratzezain ekologikoen kasuan haien diru sarrera guztien %5,42 soilik direla dirulaguntza zuzenak. Eta jarraitu du: "Horrekin ez dugu aldarrikatzen dirulaguntzetatik bizitzea, baina diru publikoa zelan erabiltzen den ikusita, benetan behar duenari laguntzera bideratu dadila eskatzen dugu". Gabilondok azpimarratu du "lehen mailako beharraz" ari garela, elikagaiez. Aspiazuk biribildu du: "Hemengo elikadura bermatu behar badugu, hemengo ekoizpen proiektuak eutsi behar dira, babestu, sustatu...".

Herriari jaten emateko konpromisoz egiten dute lan baratzezain agroekologikoek, eta ezin izan dutenez nahi adina eskaini, "urte konplikatua" izan dela diote. Aspiazu mintzo da: "Kontsumo taldeetako otarrak bi aldetako konpromisoan oinarritzen dira: kontsumitzaileek konpromisoa hartzen dute astero otarra hartzekoa eta ekoizleok konpromisoa hartzen dugu astero gutxieneko barazki kopuru bat behintzat eraman ahalko dugula. Gure kasuan, kalabaza aurreko urteekin alderatuta %20 jaso dugu, eta berdin beste gauza txiki askorekin. Ni konturatu naiz gure otarra pobreago joan dela aurten, eta ez borondate txarragatik, ezin izan dugulako hobeto eraman baizik. Eskerrak eman nahi dizkiet asteroko otarra hartzen dutenei, horiek administrazioak baino gehiago eusten dituztelako gurearen moduko proiektuak. Konpromiso oso pertsonala dute, jendeak ongi eutsi dio".

Baratzezain ekologikoen kasuan, haien diru sarrera guztien %5,42 soilik dira dirulaguntza zuzenak. Leire Ibarretxe (argazkian): "Horrekin ez dugu aldarrikatzen dirulaguntzetatik bizitzea, baina diru publikoa zelan erabiltzen den ikusita, benetan behar duenari laguntzera bideratu dadila eskatzen dugu". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Zer landu aurrera begira?

Ibarretxek kontatu du Biolurreko baratzezainen taldean hausnartu zutela ea azterlanean ateratako emaitza hauekin zer egin, zelan egin aurre, helburua izanik baratze proiektuak bizigarriagoak eta bideragarriak izatea. "Irten zen lehen proposamena lan karga arintzeko tresnak garatzea izan zen. Hau da, lehen eskaera ez zen ekonomikoa izan". Aspiazuk horretarako adibide positibo moduan jarri du Debagoienan martxan dagoen ortu-laguntza sistema [Garazi Zabaletak artikulu honetan azaldu berri duena]. Ortu-laguntza proiektuan, bailarako udalen eta Landa Garapen Agentziaren artean pertsona bat kontratatu dute ortuz ortu lan egin dezan. Aspiazuk abantaila hauek ikusi dizkio sistemari: "Bailarako baratze proiektuen artean banatzen dira langile horren lan-orduak eta, proiektu bakoitzera maiz joaten denez, ederki ezagutzen du bakoitzeko martxa, adibidez, ur hartunea non dagoen, ingurunea nolakoa den eta abar. Horri esker, baja bat dagoenean egun batetik bestera primeran egin dezake ordezkapena, eta opor garaian berdin".

Biolurreko baratzezainen taldean atera zen bigarren gaia administrazioari dirulaguntzak eskatzea izan zen. Herritarroi burura datorzkigu "hondamendi natural" izendatu diren egoerak eta administrazioak kaltetuentzat dirulaguntzak bideratu izan dituene-koak. Ibarretxek azaldu duenez, halako dirulaguntzak ez daude baratzezainentzat aurreikusita: "Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egiten dugun urteroko ohiko bileran mahai gainean jarri dugu gaia eta pilota gure teilatuan jartzen dute, galera hori nola baloratu behar den neurtzeko". Ibarretxek azaldu du: "Baratze ekologiko batean, zenbat eta dibertsitate handiagoa egon, gero eta zailagoa da kuantifikatuta edukitzea zenbat kilo hartzen duzun labore bakoitzetik, eta azken bost urteetan batez bestekoa zein izan den... Gainera, zenbat eta proiektu txikiagoa izan, ez daukazu neurketa xehe egiteko denborarik, lanera zaude". Izan ere, azpimarratu du baratzezain ekologiko bakoitzak batez beste 30 labore lantzen dituela urtean. Aspiazuk jarraitu du: "Monolaborantza denean errazagoa da kuantifikatzen. Horregatik, badira sektore batzuk beste liga batean daudenak, eta gu ez gaude hor. Gutxi garenean zailagoa da gure ahotsa helaraztea". Baina bestelako irizpide batzuk aztertzen ari dira, esaterako, horrelako urte zailetan jarduera nagusitzat laborantza dutenei errentaren araberako dirulaguntza ematea.

Nere Aspiazu: "Eskerrak eman nahi dizkiet asteroko otarra hartzen dutenei, horiek administrazioak baino gehiago eusten dituztelako gurearen moduko proiektuak". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Lantzen jarraitzeko hirugarren ildo bat ere atera zen Biolurreko baratzezainen artean: formatzen eta teknikoki hobetzen jarraitzea. Ibarretxek azaldu du nola egiten duten formazioa: "Hainbat etxetan arazo bera sortzen dela detektatzen dugunean, formazioa ematen dugu arazo hori lantzeko". Aspiazuk asko baloratu du Biolurren egiten den lan kolektiboa: "Baratzezainen taldean egiten ditugun bileretan erabakitzen dugu zer landu nahi dugun. Horren arabera antolatzen dira hitzaldiak, ikastaroak… Sarea sendotzeko modu bat da. Hamabi urte daramatzagu Eskubaratz proiektuan eta gustatzen zait tarteka atzera begiratzea eta hausnartzea ea zein faktore aldatuta ez ginatekeen orain gauden lekuan egongo. Eta Biolur gure ibilbidetik desagertuko balitz ez dakit gaur hemen egongo ginen: sarean sentitzea, lagunduta, babestuta, niretzat oso baliotsua izan da, bereziki hasieran". Gabilondok jarraitu du: "Nik zazpi urte daramatzat gurasoena zen baserriaren ardura aurrera eramaten. Biolurren ekoizleon artean asko partekatzen dugu informazioa, ez da baserritarrez egon ohi den itxitasun irudi hori, bere ortuan bere prezioak jartzen dituenarena. Denon artean partekatzen dugu".

Iazko urte txarrak Aspiazuri balio izan dio laborantzan hautatu zuen eredua berresteko: "Aniztasuna lantzeak bere zailtasuna du, baina horrelako egoera batean sustengua eta nolabaiteko oreka ematen ditu. Kalabaza bakarrik landuko banu aurten ez nuen ezer izango. Lan egiteko modu honi arrazoia ematen dio gertaera honek, urte oso txar honetan ere jaten ematen jarraitu dugu, eskasago izan arren".

Iñigo Gabilondo: "Arazoa da ez daukagula ahalmenik koltxoia egiteko. Beraz, urte txar bat etortzen bada edo negutegia puskatzen bazaizu, zenbaki negatibotara zoaz segituan". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Udaberriro bezala, itxaropenez ekin diote aurten baratzean udarako laboreak erein eta landatzeari. "Aurten bai!", desio du Ibarretxek. "Pentsatu nahi dut detaile txiki pila baten baturak ekarri zuela iazkoa urte oso txarra izatea", uxatu ditu etorkizunari buruzko beldurrak Aspiazuk. Iraganean eguraldiari lotutako eskaerak izaki zerutiarrei egiten zitzaizkiela gogoratu du Ibarretxek eta errituak berreskuratzeaz txantxa egin ostean, gizarteari zuzendu zaio: "Herritarrok eta ekoizleok sarea osatzea eta konplizitatea sortzea beharrezkoa da. Laborantza agroekologikoak lurrarekin zuzenean lotuta lan egiten du, klimaren menpe dago erabat eta hor gertatzen den edozein gorabeheraren lehen eragina pairatzen dutenak laborari agroekologikoak dira. Eta gizartea beste leku batera begira dago. Gaia mahai gainean jarri behar da eta gogoratu gure elikadura dela, guk jango duguna. Denok hartu behar dugu horren ardura".