Asteartean bete dira hiru urte Zubietako erraustegi azpitik igarotzen den Arkaitzerrekan ehunka arrain hilda agertu zirela. Orain, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena eskatu du ura biltzeko depositu bat eraiki, eta lixibiatuen inguruan "zalantzarik baldin badago" kutsaturiko ura zisterna-kamioietan ateratzeko. GuraSOS elkartearen ustez "zentzugabekeria baten aurrean gaude".
Uraren Euskal Agentziak maiatzaren 4an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratutako jendaurreko informazioaren arabera, GHK-k beste proiektu bat aurkeztu du Zubietako Arkaitzerrekan erraustegiak kutsatzen dituen urentzako.
Hala, bere asmoa da 150 metro kuboko gaitasuna duen biltegi bat eraikitzea, segunduko litro bateko ur emaria balego 40 ordutan beteko litzatekeena, eta ondoren hango ura ponpatzea Zurriolako saneamendu-sarera arte. Baina "oraindik isurtzeko baimena ez badago", dio argitalpenak, eta lixibiatuekin "zalantzak" badaude, ura zisterna-kamioietan ateratzea litzateke erraustegiko arduradunen B plana, kanpoan tratatua izan dadin.
Aldiz, urak kutsadura "zantzurik" izango ez balu, berriz ere Arkaitz errekara botako lukete zuzenean.
GuraSOS: "Alternatiba horiek desagertu behar dira"
GuraSOS elkarteak "zentzugabekeria baten aurrean" gaudela salatu du eta gogorarazi du Jose Igancio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak berak onartu zuela Batzar Nagusietan Zubietako erraustegiak filtrazio arazoak zituela.
GHK-k ura zuzenean Zurriolako saneamendu-sarera ponpatzeko beste proiektu bat argitaratu zuen iazko azaroan, Arkaitzerreka erabat lehortuko lukeena, baina "administrazio isiltasunagatik" atzera bota zuten asmo hori, elkarte horrek dioenez.
Oraingo proiektuarekin, GHK "onartzen ari da kutsadurarik badela", azaldu du GuraSOSek, eta bere ustez ez da onargarria "delitu ekologikoagatik ikertua" izaten ari den erraustegiak erabakitzea ura Zurriolara edo zuzenean Oriara isuriko duen. "Alternatiba horiek desagertu egin behar dira, ingurumena eta hondartzetako zein itsasadarretako erabiltzaileen osasuna babesteko".