argia.eus
INPRIMATU
Udaletan euskara normalizatzeko dekretuaren zati handi bat baliogabe utzi du Espainiako Justiziak
  • Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik. Hizkuntza koofizialak daudenean haietako bat ezin dela "lehenetsi" eta "desorekak" eragotzi behar direla dio ebazpenak. Euskagintzaren Kontseiluaren esanetan, "euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrako epaia da". UEMAk elkarretaratzeak deitu ditu larunbaterako, mankomunitateko kide diren udalerrien udaletxeen aurrealdean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko uztailaren 17a
Epai euskarafoboen kontrako elkarretaratzea Donostian, udaletxe aurrean. Euskalgintzaren Kontseilua

Euskararen kontrako oldarraldi judizialaren pasarte ilun bat idatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak asteazken honetan: Vox alderdi ultraeskuindarrak hizkuntza gutxituen aurka dituen irizpideetako asko bere egin eta Udalen Legean euskararen normalizazioa txertatzeko 179/2019 dekretuaren artikulu ugari bertan behera utzi ditu.

2023ko irailean EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen udaletan eta tokiko erakundeetan euskara normalizatu eta biziberritzea xede duten artikulu horiek, Voxek auzitara eraman eta gero. Ebazpen horri helegitea jarri zion Eusko Jaurlaritzak, eta orain Gorenak ere atzera bota ditu ia guztiak; auzitan jarritako artikulu bakarra jo du ontzat: tokiko jardueretan euskara zerbitzu eta lan hizkuntza bezala normaltasunez erabiltzeko antolatzea ahalbidetzen duena.

Gorenaren esanetan, hizkuntza koofizialak daudenean ezin da horietako bat "lehenetsi", eta hizkuntza koofizial horien arteko "desorekak" eragotzi egin behar dira.

Epaiak dioenez, euskarak ezin du lehentasuna izan udal hizkuntza irizpideetan, ez ekitaldi publikoetan, ez udal barneko lan-funtzionamenduan, ezta eskaintzen dituen zerbitzuetan ere

Epaiak dioenez, euskarak ezin du lehentasuna izan udal hizkuntza irizpideetan, ez ekitaldi publikoetan, ez udal barneko lan-funtzionamenduan, ezta eskaintzen dituen zerbitzuetan ere. Adibidez, bozgorailuetan edo telefono publikoetan informazioa lehenik euskaraz emateko bidea ixten du auzitegiak. Gainera, udalei irizpide horiek ezartzeko eskumena ematen zien artikulua ere bertan behera utzi du. 

Epaia irmoa da eta, hortaz, Gorenak ez du helegite gehiago jartzeko aukerarik ematen.

Duela urte batzuetatik hona epaitegiak euskararen kontra hartzen ari diren norabidean urrats bat gehiago da honakoa. Aurretik dekretu horren beste hainbat artikulu baliogabe utzi ditu Espainiako Justiziak, baina Jaurlaritzak erabakigarritzat zeukan Gorenaren epai hau, eta iritsi da. Lerrook idazteko garaian oraindik ez du balorazio ofizialik egin.

Euskararen minorizazioa "betikotzea" helburu

Euskalgintzaren Kontseiluak oso gogor hartu du ebazpena. Gogorarazi du zein testuingurutan kaleratu den epaia, eta "euskararen minorizazioa betikotzea" helburu duen oldarraldi judizial eta politikoa dagoela martxan. Bere esanetan, gainera, oraingo epaia "euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrakoa" da.

Sententziak "udal ordezkari bakar bat ere ez duen Vox alderdi politiko euskarafoboaren helegitea ia osotasunean" hartzen du haintzat

Izan ere, araudia Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartu zen, eta aldiz, sententziak "udal ordezkari bakar bat ere ez duen Vox alderdi politiko euskarafoboaren helegitea ia osotasunean" hartzen du haintzat. 

Euskal komunitatea "larrialdi linguistiko" betean dagoela nabarmendu du Kontseiluak eta euskararen normalizazioa "atzeraldian" sartzeko arrikuan dagoela. Hala, dei egin die "erakunde, agintari, eragile politiko, sozial eta herritarrei irmo adieraz dezatela oldarraldiaren agerpen bortitz honen aurka daudela".

Hain zuzen ere, UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak deituta, larunbata honetan elkarretaratzeak egingo dituzte kide diren udalerrietako udaletxeen aurrealdeetan eguerdiko 12:00etan, Euskararekin bat lelopean.