argia.eus
INPRIMATU
TTIPen negoziazioak gelditzearen alde agertu da NBEko aholkulari bat
  • Alfred de Zayas, giza eskubideen alorrean espezializatutako estatubatuar abokatu eta NBEren aholkulariak, adierazi du moratoria bat ezarri beharko litzaiokeela AEBen eta EBren arteko TTIP itunari, eta bi aldeek negoziazioak eten egin beharko lituzketela, The Guardian egunkari ingelesak argitaratu duenez.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko maiatzaren 06a
TTIPen aurkako mobilizazioa, joan den apirilaren 18an (Arg.: Cornelia Reetz-CC By SA).

De Zayasen ustez, munduan sinatu diren beste merkataritza itunek erakutsi dute haiei lotuta sortutako estatu eta inbertsiogileen arteko ebazpen auzitegiek (ISDS) aukera eman dietela konpainia handiei gobernuen politikak oztopatzeko. Haren esanetan, TTIPek aurreikusita daukan ISDS auzitegiak demokrazia eta legea ahulduko lituzke, eta mehatxu egingo lieke giza eskubideei.

Estatu eta inbertsiogileen arteko ebazpen auzitegiak –auzitegi pribatuak, Juan Hernandez Zubizarretaren esanetan– nazioarteko merkataritza itunek duten mekanismo bat da. Haien bitartez, atzerriko enpresa bati kalte-ordainak eska diezazkioke administrazio bati, baldin eta enpresa horrek uste badu tokian tokiko legediak kalte egin diola bere inbertsioaren errentagarritasunari.

“Dagoeneko halako 600 kasu baino gehiago izan da, eta gehienetan korporazioen aldekoa izan da ebazpena”, adierazi du Alfred de Zayasek; “ebazleak oso ondo ordaindutako abokatuak  dira, gaur enpresa handi batean lanean, bihar abokatu, etzi lobby batean…”.

TTIP gabe ere ISDS auzitegiak lanean dira Europan

Lurraren Lagunak elkarteak 2014an argitaratutako txosten baten arabera, TTIP sinatu gabe ere Europar Batasuneko estatu kideek 3.500 milioi euro inguru ordaindu behar izan dituzte honezkero transnazionalei, ISDS bitartez egindako salaketak direla eta.

Txostenean ikus daitekeenez, 1994 eta 2014 artean era horretako127 kasu izan ziren EBko hogei estatutan. Web orri honetan deskargatu daiteke txostena osorik, ingelesez eta frantsesez.