argia.eus
INPRIMATU
Trumpen muga-zerga orokorrak atzera bota ditu AEBetako epaimahai batek
  • Epaiak dio AEBetako presidentea bere eskumenetik harago joan dela muga-zergak ezartzerakoan, eta hamar eguneko epea ematen dio horiek kentzeko.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 29a
Apirilaren 2an taula bat eskuan zuela iragarri zituen muga-zergak Donald Trump AEBetako presidenteak. Wikipedia

Apirilaren 2an Donald Trumpek "Liberazioaren Eguna" deiturikoan muga-zerga orokorrak ezarri zizkien munduko ia herrialde guztiei. Orain, neurri hori atzera bota du New Yorken egoitza duen merkataritza epaimahai federal batek.

Epaiak dio AEBetako presidentea bere eskumenetik harago joan dela muga-zergak modu orokorrean ezartzerakoan –nahiz eta Etxe Zuriak "larrialdi lege" gisa aurkeztu zituen–, eta AEBetako Konstituzioren arabera soilik Kongresuari dagokiola horrelako zerbait erabakitzea.

Herrialde guztiei ezarritako %10eko muga-zergaz gain, aldebiko muga-zergak ere bertan behera utzi ditu epaimahaiak, Txina, Mexiko eta Kanadari ezarritakoak kasu. Aldiz, altzairuari eta aluminioari ezarritakoak ez ditu ukitu.

Etxe Zuriak berehala esan du helegitea jarriko diola epaiari, "aukeratua izan ez den" tribunal batek halako erabakirik ezin duela hartu argudiatuta. Ebazpenak hamar eguneko epea eman dio Washingtoni muga-zergak bertan behera uzteko tramite burokratikoak hasteko.

Nolanahi ere, muga-zerga gehienak etenda daude momentu honetan, Trump negoziaziorako tresna bezala erabiltzen ari baita nazioartean eragin handiagoa izateko.

Europar Batasunari ezarritakoak, adibidez, 90 egun atzeratu zituen hasiera batean, eta uztailaren 9ra gero; baina aldi berean mehatxu egin du %50eko zergak ezarriko dizkiola negoziazioek bere gustuko fruiturik ematen ez badute. Epai honek hankaz gora jarriko luke estrategia hori.