Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak Nafarroako Castejon-Campanas AHTko trenbide zatia 2026rako martxan izango dela iragarri berri du, eta Sustrai Erakuntzak gogor kritikatu du ekinbide horri 200 milioi euro ematea.
Diru publikoa, izan Espainiako Gobernuarena edo Foru Gobernuarena, AHTra bideratzea gaitzetsi du fundazioak eta zehaztu du, azkenean tarte hori egiten bada, 700 milioi euroko kostua izango duela.
“Chivite presidentea eta Gómez kontseilaria Glasgown izan direnean, ez al dute entzun AHTa eraikitzeak kutsadura-elementu bat dakarrela, nekez konpentsa daitezkeen gas kutsakorren isuri handiekin?
Nafarroako Parlamentuan Klima Aldaketari buruzko Foru Legea izapidetzen ari direnean, eta arintze-neurriak aipatzen dizkigutenean, ez al dute jakin pertsonak eta salgaiak garraiatzen dituen tren konbentzional hobetua dela neurririk arrazionalena, merkeena, bidezkoena eta eraginkorrena energiaren kontsumoari eta CO2 isuriei dagokienez?”
Irizpide sozialei begira ere jarri da fundazioa: “Nola eman daitezke ehunka milioi euro geraleku eta leihatila berriak irekiko ez dituen eta herrientzako zerbitzuak hobetuko ez dituen obra batean, Nafarroako erdialdean geratzen den apurra arriskuan jartzeraino eta errepideetatik ibilgailuak ateratzeko inolako asmorik gabe?”.
Gogoratu dute Sustrai Erakuntzak 2018an egin zuela Tren Publiko eta Sozialaren proposamena eta oraindik garaiz gaudela AHT alboratzeko, honek elite ekonomikoei baino egiten ez dielako mesede, “finantza, natura, ingurumen eta nekazaritza baliabideak” xahutuz.
AHTko obrak gelditzeko eskatu dute eta beste tartetik ez esleitzeko: “Garaia da alderdi politikoek beren botoak Tren Sozialaren alde jartzeko eta AHTrako aurrekontu publikoen xedea baztertzeko, Madrilen eta Iruñean”. AHTko dirua gastu sozialera bideratzeko exijituz datorren abenduaren 11n Orain Ardura ekimenak Iruñean antolatutako mobilizazioarekin bat egitera deitu dute.