Jusapol eta Jucil taldeen kontra egingo du EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko parlamentariak, apirilaren 4ko osoko plenoan "atentatua, mehatxuak eta irainak" jaso zituelako.
Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, salaketa jarri du Gasteizko auzitegian, apirilaren 4an Legebiltzarrean jazotakoagatik. Poliziaren indarkeriaren biktimen legea onartzeko bilkuran, hain zuzen, Jusapol polizia ultraeskuindarren elkarteko kideek keinu bidez –pistola bat irudikatuz "J" hitzaren bidez– eta hitzez mehatxatu zutela salatu du, eta behin eztabaida amaituta, elkarte horretako ordezkariek "indarkeria erabiltzea eta ETAko kide izatea" leporatu ziotela ere bai.
"Delitu larria" da hori Arzuagaren ustez eta gaineratu du sare sozialetan ere irain eta mehatxu larriak jasan dituela horren ondorioz. Legebiltzarreko mahaiak bera babesteko adierazpena onartu behar izan zuen. Hala erabaki du Jusapol eta Jucil-en kontra kereila jartzea.
Apirilaren 4ko eztabaidak soka luzea ekarri du. Arzuagaren aurretik, Poliziaren bi sindikatuk, SPP eta SUPek fiskaltzarengana jo dute Arzuagak plenoan esandakoak iker ditzan eta Gasteizko epaitegi batean ere salatu dute koalizio abertzaleko kidea, Espainiako segurtasun indarrak arbuiatu zituen bere mintzaldian eta haren elkarteak "lobby nazkarria" direla esan zuen.