Washingtonen Israelek duen enbaxadako bi langile tiroz hilda agertu eta gero egin ditu adierazpenak Netanyahuk. Israelgo Gobernuak zuzenean lotu ditu Washingtongo erasoak eta Europako zenbait gobernuburuk Gazako sarraskiaren aurka egindako adierazpenak.
"Palestina askatu" oihu artean atxilotu zuten ostegun goizaldean AEBetako Israelgo enbaxadako bi langile ustez hil zituen gizona. Horri heldu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hilketa antisemitatzat jotzeko: "Neonazi hauentzat ‘Palestina askatu’ da gaur egungo ‘Heil Hitler’". Gazako sarraskia eta laguntza humanitarioa galaraztea salatu dituzten herrialdeak, batez ere europarrak, jarri ditu jomugan Netanyahuk, eta harago joan da Kanpo Harremanetako ministro Gideon Saar: "antisemitismoa" bultzatzea leporatu die, eta horrek Washingtongo erasoa eragin duela azpimarratu.
2023ko urriaren 7tik ia bi urte bete direnean, nazioarteko zenbait gobernuk, tartean Europako Batasunekoak, publikoki adierazi dute Gazan gertatzen ari dena "izugarria" dela, eta Netanyahuri eskatu diote laguntza humanitarioa sartzen uzteko. Egindako adierazpen horiek gaitzetsi ditu Isralego Gobernuak, Washingtongo erasoaren ostean emandako prentsaurrekoan, eta Saarrek salatu du nazioarteko lider horiek "Palestinako propaganda terrorista" irentsi dutela: "Genozidioari, gizateriaren aurkako krimenei eta haurren hilketei buruzko difamazioak bidea zabaltzen du hiltzaileentzat".
Egoera horrela, nazioarteko erreakzioak bizkor heldu dira. Erasoa kondenatu dute Europako Batasunak eta Erresuma Batuak, besteak beste, eta gertatutakoa "ekintza antisemita" gisa definitu du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak. Gehitu du: "Antisemitismoa desagerrarazi behar dugu, agertzen den lekuan agertzen dela. Betiko moduan, komunitate juduari nire elkartasuna adierazi nahi diot". Starmerren moduan, bide bera hartu dute Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroak eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak. Jada hartu dituzte lehen neurriak: komunitate judutarrari lotutako lekuetan bigilantzia areagotu du Frantziak.
Bitartean, herio eta gose
Bonbek eta goseteak ez dute etenik Gazan. Ostegunean, gutxienez, 52 lagun hil eta Jabaliako hirian ospitale bateko biltegia bonbardatu zuten.
NBEk asteartean ohartarazi zuen 48 orduan laguntzarik sartu ezean 14.000 haurrek gosez hiltzeko arriskua dutela.Nazioarteko zenbait buruzagik presioa egin dute, Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa izan da horietako bat, Gazara laguntza humanitarioa sartzen utzi dezaten. Ostegunean presioei men egin eta 200dik gora kamioiri sartzen utzi zien Netanyahuk. Baina horietatik 90i baino ez die eman baimenik Israelek laguntza banatzeko.. NBEk ohartarazi duegunean 500 kamioi behar direla Gazako gose krisiari aurre egiteko. Bi hilabete eta erdian muga itxita inolako laguntzarik jaso barik egon eta gero, behar duten laguntzaren erdia baino gutxiago sartzen utzi du Netanyahuren gobernuak, gosea ere arma gisa hartuta.