argia.eus
INPRIMATU
Osasun Bidasoak eskualdeko urologia zerbitzuen “okertzea” salatu du
  • Plataformak jakinarazi du Bidasoako ospitalean zerbitzua maiatzean itxi zenetik, Donostiako ospitalean ez direla "arreta egokia" ematen ari, kontsulta asko bertan behera uzten ari baitira "alternatibarik gabe". Maiatzean ESK sindikatuak salatu zuen larrialdi pediatrikoak ere bertan behera gelditu direla, eta ekainaren hasieran 10.000 lagun bildu zituen manifestazioa egin zuten Irunen (Gipuzkoa).

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 10
osasun zerbitzuan murrizketak salatzeko, Osasun Bidasoak deituta Irunen ekainaren hasieran eginiko manifestazioa. Mikel Garcia / ARGIA CC BY SA

Osasun Bidasoak gogorarazi du 2022 hasieran urologiako lau espezialista zeudela eskualdean, baina uztailean bakarra gelditu zela, "modu jarraituan" eman ziren baja medikuengatik eta lekualdatzeengatik. Gainera, plataformaren arabera, bakarrik gelditu zen urologo horrek bere lanpostuari uko egin behar izan zion, ezin zituelako pazienteak "behar bezala" artatu. Geroztik, zerbitzua "modu prekarioan" eman da, urtebete baino gehiagoko itxarron zerrendekin. Aurtengo maiatzea Bidasoako ospitalean zerbitzu hori itxiko zutela iragarri zuten, eta Donostiako ospitalean artatuko zirela pazienteak "egoera normalizatu" arte.

Osasun Bidasoak, ordea, salatu du Donostiako eta Bidasoako ospitaleetan ez direla ari inor artatzen urologia zerbitzuan. Donostian "urgentzia handiko" kasuak soilik artatzen dituzte: "Kontsultak bertan behera uzten ari dira inolako alternatibarik jarri gabe". Helegite bat aurkeztu dutenei zera erantzun diete, plataformaren arabera: itxaron zerrendan edukiko dituztela eta, ahal denean, kontsultaren data berria jakinaraziko dietela. 

Egoera honek "arazo larriak" ekar ditzakeela ohartarazi du Osasun Bidasoak. Izan ere, "dagoeneko diagnostikatuta dauden eta jarraipena behar duten" pazienteak artatzeari utzi die Bidasoako ospitaleak. Horien artean, "patologia larriak" dituztenak azpimarratu ditu plataformak: esaterako, prostatako, giltzurruneko eta maskuriko minbiziak dituztenak. 

Urologiatik haragoko arazoa

Bidasoako ospitalearen azken plana argitaratu zenetik, apirilean, urologia ez da desagertu den zerbitzu bakarra. Izan ere, ESK sindikatuak maiatzean salatu zuen larrialdi pediatrikoak ere bertan behera geratu direla, eta beste espezialitate batzuk “arriskuan” daudela: "Hala nola traumatologia, kardiologia (une honetan 4-5 hilabeteko itxarote-zerrenda du) edo neurologia”. Gainera, Osasun Bidasoak salatutakoari jarraiki, ESK-k gaitzetsi zuen Donostiako ospitalean larrialdi zerbitzuak "saturatu" egin direla, oinarrizko arreta zerbitzuak ixteraino.

Egoera horren aurrean, Osasun Bidasoak berak deituta, 10.000 lagun baino gehiago elkartu ziren Irunen (Gipuzkoa) ekainaren hasieran. Eskualdeko osasun zerbitzu publikoen gainbeheraz ohartarazi eta zerbitzu duina aldarrikatu zuten mobilizazioan.