Hamar pertsona daude deituta lekuko gisa deklaratzera, eta beste hiruk inputatu bezala deklaratuko dute.
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikorako oposaketetan iruzurra egon zela salatu zuten azterketetara aurkeztu ziren hautagai batzuek, eta ondorioz iruzurraren gaineko ikerketaren abiatu zen. Salatutako irregulartasunak argitzeko auzibidean, deklarazioen ordua heldu da: asteartean deklaratuko dute hamar lekukok eta hiru inputatuk.
Lekukoen artean, besteak beste, irregulartasunak salatu zituzten hiru osagileak eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia daude. Inputatuak, ostera, Osakidetzako hiru zerbitzuburu dira. Azken hauei sekretuen berri ematea leporatzen zaie, azterketan parte hartu zuten norbanako batzuen alde egin asmoz.
Ez da Mujika deklaratzera deitutako Osakidetzako goi-kargu bakarra, beste hiru goi-karguk ere hartu beharko dute hitza. Momentuz, baina, soilik Mujikari ezarri zaio epaitegira joateko eguna. Egunotan jasotako deklarazioen arabera, eta horien ondorioetan erreparatu ostean, epaileak erabakiko du beste hiruek inputatu ala lekuko gisa deklaratuko duten.
Auzia Gasteizko 2. instrukzio epaitegiaren esku dago. Auzibidea sindikatuek abiatu dute, Fiskaltzaren onespenarekin. Fiskaltzak otsailean argitaratu zuen txostenean onartu egin zuen ikertutako hemeretzi azterketatik hamaikatan delitu zantzuak aurkitu zituela. ELA, LAB eta ESK sindikatuak dira auzibidearen salaketaren parte. Osakidetzak parte hartzea eskatu birritan, baina bi aldietan atzera bota du eskaera instrukzio epaileak.
Oposaketen iruzur kasuak bultzatuta, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari ohiak eta Jon Darpon osasun sailburu ohiak dimisioa ema behar izan dute, iazko azaroan lehenak eta martxoan bigarrenak.