argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak murriztu egingo ditu osasun-zentroen Gabonetako ordutegiak
  • 20:00etan ordez 17:00etan itxiko dute oro har, eta 15:00etan “salbuespenezko” kasuetan. Iaz 62 zentrotan murriztu zituen Osakidetzak Gabonetako arreta ordutegiak, aurten 90etan.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 20a
Argazkia: Osakidetza

Osakidetzaren esanetan ordutegiak “egokitu” ditu, “zerbitzuaren mantentzea zein Euskadiko anbulatorioetako profesionalen atsedena bermatzeko”. Murrizketak 90 zentrori eragingo diote, ordutegi eta data ezberdinetan, ostegunean hasita eta “gehienez ere” urtarrilaren 10 arte. Murrizketak izango dituzten osasun-zentroen eta bakoitzaren data eta ordutegien zerrenda ikusteko, sakatu hemen.

62tik 90era urtebetean

Eldiario-k jaso duenez, 2021eko Gabonetan 62 osasun-zentroren ordutegiak murriztu zituen Osakidetzak, eta aurten 90enak. Murrizketen berria Osakidetzan gatazka eta kritikak nagusi diren garaian heldu da. Iragan asteetako Donostialdeako ESIko protestez eta oposizioko talde politikoen salaketez gain, Osakidetzako sindikatu guztiek –SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT– elkarretaratzeak antolatu dituzte ostegunena zentro guztien atarian, salatzeko Jaurlaritza osasun sistema ahultzen eta lan baldintzak okertzen ari dela.