argia.eus
INPRIMATU
Olarizuko gurutze frankista berreraikitzea debekatu du Mendiolako herriak
  • Mendiolako Administrazio Batzordeak idatzia kaleratu du espresuki debekatuz Olarizun dagoen gurutze frankista berreraikitzea eta soilik "prebentzio" lanak egiteko baimena emango duela ohartarazi du, aurrez jakinarazita baldin badago.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 28a

Gasteizko Udalean erregistratu du Mendiolako batzarrak bere idatzia, Hala Bedi Irratiak azaldu duenez, eta Gorka Urtaran alkateari (EAJ) zuzendurik dago, baina baita Udaleko beste talde politikoei ere.

Joan den astean, ezezagunek aldarrikaturiko ekintza baten ondorioz gurutze frankista erortzeko zorian geratu zen, haren oinarria erabat txikituta. Aldarrikapenean gogorarazi dute gurutze horren antzera, beste hainbat kale eta ikur daudela oraindik Gasteizen "faxismoari apologia" egiten diotenak.

Olarizuko gurutzearen izaera frankistaren inguruan ika-mika sortu da eta Gasteizko Udal Gobernua hura eraistearen aurka azaldu da, horren ordez azalpen plaka bat jarri du mendi magalean. Sabotaiaren ondoren, Mendiolako Batzarrak salatu du Gasteizko Udalak jokatu duela "lur haiek bereak balira bezala" eta errespetua eskatu du. Hala, espresuki debakatu du gurutzea berreraikitzea eta soilik segurtasuna bermatzeko "prebentzio" lanak egitea baimenduko du.

Mendiolako Batzarra, hango bizilagunak eta Gasteizko beste herritar asko gurutzea zutik mantentzearen kontra daude, erlijioa aitzaki hartuta erregimen frankistak bere egin zuelako, eta sinbologia frankistaren parte delako haien ustez.