"Oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea" salatu dute. Gazan hamabost pertsona hil dira gosez azken 24 orduetan, eta AFP albiste agentziako kazetariek ohartarazi dute euren lankideak gosez hiltzen ari direla zerrendan, Israelek laguntza humanitarioari ezarritako blokeoagatik.
Astelehenean Mendebaldeko 28 herrialdek ohar bateratua sinatu eta kaleratu dute, Tel Avivi Gazaren aurkako sarraskia "berehala" bukatzeko exijitzeko. Hauek dira oharra sinatu duten herrialdeak: Australia, Austria, Belgica, Kanada, Txipre, Danimarca, Estonia, Eslovenia, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Islandia, Irlanda, Italia, Japon, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Zelanda Berria, Noruega, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Suedia eta Suitza. Hadja Lahbib Europar Batasuneko Berdintasun eta Krisi Kudeaketako ordezkariak ere sinatu du testua. AEBak eta Alemaniak, aldiz, ez dute bat egin dokumentuarekin.
28 estatuek salatu dute "onartezina" dela Israelek zerrendan bizi diren palestinarrei laguntza humanitariorako sarbidea ukatzea eta "oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea". Horrekin lotuta, janaria GHF fundazioak banatzea bera kritikatu dute: "Arriskutsua da, ezegonkortasuna elikatzen du eta duintasuna kentzen die gazatarrei". Gainera, Israelek Gazako bi milioi palestinarrak Rafahko hondakinen gainean eraikitako “hiri” batean pilatzeko duen planaren aurka agertu dira, "onartezina" dela iritzita: "Desplazamendu behartua nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria da".
Hainbat neurri hartzea exijitu diote sinatzaileek Tel Avivi: gobernuz kanpoko erakundeei Gazan jarduteko ezarritako debekua "berehala" bertan behera uztea, eta NBEren talde humanitarioei palestinarren artean laguntza humanitarioa banatzen uztea.
Edonola dela, ez dute iragarri estatu sionistaren aurkako neurri politiko edo ekonomikorik, ezta estatu sionistari armak ez saltzeko erabakirik ere, joan den astean hamabi estatuk adostu bezala. Ez dute adierazi ere neurrik hartuko dutenik Israelek oharrean egindako eskaerei entzungor egitekotan.
AFPko kazetariak, gosez hiltzeko arriskuan Gazan
Gazako palestinarrak pairatzen ari diren elikagai eskasiaren ondorioak agerian geratzen ari dira azken egunetan: Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du hamabost palestinar hil direla zerrendan gosez astelehenetik asteartera bitarte. Israelek 2023ko urrian zerrendaren aurkako oldarraldia gogortu zuenetik 101 palestinar hil dira gosez, horietatik 80 haurrak.
Genozidioa geroz eta gehiago luzatu ahala, handiagoa da zerrendako palestinarrentzat gosez hiltzeko arriskua. Hala ohartarazi du astelehenean AFP albiste agentziako kazetarien sindikatuak, eta jakinarazi du agentzia horretarako Gazan lan egiten ari diren kazetariek ere arrisku bera dutela: "Hilabetez ikusi dugu zein neurritan okertu diren Gazako kazetarien bizi baldintzak. Haien egoera jasanezina da, ausardia, konpromiso profesionala eta erresistentzia erakutsi badute ere".
Kazetarien sindikatuak argitaratutako oharrarekin batera, Frantziako Atzerri ministroak Israeli exijitu dio utz diezaiela kazetari atzerritarrei zerrendara sartzen, "bertan gertatzen ari dena erakusteko eta mundua horren lekuko izateko". Zerrendan lan egiten ari diren kazetari frantziarrak "hurrengo asteetan" ebakuatzea espero dutela adierazi du Inter irratiari eginiko elkarrizketa batean. "Ez dago arrazoirik Israel Gazan egiten ari den operazio militarrak justifikatzeko", ministroaren esanetan.