argia.eus
INPRIMATU
Lizarra-Garaziko akordioak 25 urte: ziklo aldaketaren mugarri
  • 25 urte bete dira gaur, Lizarran, hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta herri-mugimenduk itun politikoa sinatu zutela, Euskal Herriko gatazkari amaiera emateko asmoz. Ondoren, urriaren 2an berretsi zuten Donibane Garazin.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko irailaren 12a

Bi zati zituen Lizarra-Garaziko akordioak: lehenengoa, Irlandako bake-prozesua ahalbidetu zuen faktoreen azalpena egiten zuena, oinarria markatzeko; eta bigarrengoa, Irlandako bake-prozesuak Euskal Herrian izan zitzakeen balizko aplikazioa lantzen zuena. Aurreko hamarkadako ezinikusi politikoek elkarrizketarako agertoki berri bati utzitako espazioaren erakusle izan zen hitzarmen hura, zeinak agerian uzten zuen, lehen ez bezala, posible zela abertzaleen artean akordioak egitea. Mugarria izan zen, eta ilusioa eragin zuen, baita ETAren su-etena bultzatu ere; urtebete eskas iraun zuen.

Hitzarmena honela identifikatzen zen Lizarra-Garaziko dokumentuan, modu oso esanguratsuan: "Euskal-gatazka izenarekin ezagutzen duguna, jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da, bertan estatu espainiarra eta frantsesa inplikatuta daudelarik. Beraz konponketak ere derrigorrez politikoa izan beharko du. Gatazkaren sorrera eta mantentzeari buruzko ulermoldeak desberdinak izanik, berau lurraldetasuna, erabaki subjektua eta burujabetza politikoan adierazten denez, aipaturikoak konpondu beharreko oinarrizko arazo gisa aurkezten zaizkigu".

Arazo horiek konponbidean jartzeko metodoari zegokionez, "elkarrizketa eta negoziazio-prozesu irekia" proposatzen zuen, inplikaturik zeuden eragileak baztertu gabe,  "inplikaturik dauden eragileentzako gaindiezinak suertatu daitezkeen aurrebaldintzarik ezarri gabe", eta euskal gizarte osoaren esku hartzearekin.

Elkarrizketa prozesua gauzatuta, erabaki-fasea etorriko litzateke. "Hitza" eta "erabakia" barnebiltzen zituen konponbidearen giltzarriak: "Konponbidea erabakitzeko negoziazioak bere baitan ez dituela berariazko inposaketarik izango suposatzen du, euskal gizartearen aniztasuna errespetatu behar duela, proiektu guztiak erdiesteko baldintza berdinetan kokatzen direla, Euskal Herrian demokrazia sakondu behar dela -hau da, Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dutela- eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dutela. Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu".

Hitzarmena izenpetu ondoren, indar ez abertzaleen jarrera erasotzailea berehalakoa izan zen, "alboraturik" zeudela arbuiatzen zutelako. Era berean, indar abertzaleen lankidetza-giroa sustatu zela esan ohi da, Aberri Egunerako deialdi bateratuak egiteraino.

Giroa gaiztotu zen gero, ETAk su-etena utzi zuenean, 1999 urtearen hondarrean, eta bereziki lehen atentatua egin zuenean 2000ko urtarrilean. IUk hitzarmena utzi zuen segituan, eta EH eta EAJ-EAren arteko harremana gaiztotu egin zen, EHk Eusko Legebiltzarrera joateari uztea erabaki zuen arte.

2000ko urrian Larrun aldizkaria: eragileekin solasean

Juan Mari Juaristi, German Kortabarria, Txutxi Ariznabarreta, Pernando Barrena eta Martin Aranburu izan ziren gonbidatu ARGIAren mahai inguruan.