Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.
Ondokoa ohartarazi du Imanol Pradales lehendakariak: "Agian, CAFek hausnarketa etikoa egin beharko luke", estatu sionistarekin duen hitzarmenari dagokionez. Irailaren 3an Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek. 2019az geroztik, JLR Jerusalemgo tranbiaren proiektua aitzina eramaten dabil Beasaingo enpresa, Shapir enpresa israeldarrarekin bazkidetuta eta 1.800 milioi euroko kontratu batekin.
Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta Pradalesek zehaztu du kontratuari buruzko "gogoeta" bat eramaten dabilela enpresa. Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du elkarrizketan. Ondokoa ere erran du: "Kontu delikatua eta konplexua da. Ez da zuria edo beltza".
Badirudi orain arteko postura doia aldatu duela Eusko Jaurlaritzak: "CAFek gobernu korporatibo indartsua dauka, eta nazioarteko legedia guztiz betetzen du", adierazi zuen ekainean Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Gobernu Bilkura osteko prentsaurreko batean.
Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEn errelatoreak ekainean argitaratu zuen Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izeneko txostenaren aurrerapena, eta bertan hainbat sektoretako multinazionalak eta bankuak seinalatu ditu genozidio horren kolaboratzaile eta konplize gisa. Zerrendan dago CAF enpresa. Salaketa horrek talka egiten du CAFek zabaldutako mezuarekin, hain justu, zuzendaritzak baitio tranbiak ez duela gutxiengo etnikorik diskriminatzen eta are gehiago, edonorentzat irisgarria dela. Horrez gain, 2024an Nazioarteko Justizia Auzitegiak emandako epaiak ebatzi zuen Israel ezin dela okupatutako lurraldeetan egon, eta gobernuak behartuta daudela okupazio hori bermatzen duten proiektuekin harreman ekonomiko edo komertzialak etetera.
Arnaldo Otegiri ere egin dio elkarrizketa Euskadi Irratiak irailaren 2an, eta CAFen Jerusalemgo tranbiaren proiektua izan dute aipagaien artean. Palestinako genozidioa salatzeaz gain, CAFen kontratu horri so egin eta "maila ekonomikoan kaltegarria" izan daitekeela ohartarazi du EH Bilduko idazkari nagusiak, zehaztuz beste milioi askoko kontratu bat lortu berri duela Beasaingo enpresak Belgikan, eta zalantzan jartzen ari direla, hain justu, Israelekin elkarlanean ari direlako. Bere irudiko kontratua eten ahalko luke Beasaingo enpresak.
Maria Ortegaren Apartheid isilaren geltokiak erreportajea plazaratu genuen ARGIAren 2.922 zenbakian. Hemen Jerusalemgo trambia egitasmoa: