Eusko Jaurlaritzak kulturgileentzat abian jarri dituen diru-laguntza bereziak zozketa bidez esleituko direla jakin da astelehen honetan. 950 eurotik 1.200erainoko paketeetan banatuko da zeregin horretara bideratutako 2,5 milioi euroko poltsa.
Astelehen honetako EAEko buletin ofizialak iragarri du diru-laguntzak zozketa bidez banatuko direla: “Eskabide bakoitzari zenbaki bat esleitu eta, haiek aurkezteko epea amaitzean, notario aurrean zozketa eginda zenbaki bat hautatu, eskabideak ordena hartan aztertu, eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiak esleituko dira, haiek finantzatzeko funtsak agortu artean”.
Hilean 950 euroko laguntza jaso ahalko dute 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra bitartean kultura edo arte arloko lanbide-jardueraren bat hasi zutenek. 2019an edo lehenago alor horretako jardueraren bat izan dutenek berriz, 2019an irabazitakoaren batez bestekoaren %70 kobratu ahal izango du, baina gehienez 1.200 euro.
Kontuan izanda 2,5 milioi euroko partida iragarri zuela Jaurlaritzak COVID-19aren erruz lanik gabe geratu diren kulturako profesionalei laguntzeko, eta laguntza bakoitza zenbatekoa izango den ikusita, buletin ofiziala irakurri eta berehala zalantza sortu da EAEko gobernuak eskatzaile guztien beharrak ase ahalko dituen.
Jaurlaritzaren azalpenak
Deialdian "zozketa" hitza agertzen den arren, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak prozeduraren alderdi horri ñabardurak egin dizkio: "Argi dago diru-laguntzak ez direla zozketa bidez adjudikatuko. Kontua da nondik hasi eskaerak aztertzen, eta egoki aurkeztu bada, nondik hasi ordaintzen. Iritsi den lehenengotik? Lehen iritsi den eskaeratik hasteak logikoa dirudi, baina guk eragozpen handiak ikusten genizkion sistema horri. Denbora eman nahi diogu jendeari bere eskaerak prestatu ditzan. Gainera, horretarako ipini dugu aholkularitza zerbitzu bat. Eta 10 eguneko tartea egongo da eskaerak txukun prestatzeko. Ez genion lehentasuna eman nahi kudeaketan trebeena den horri, prozedura telematikoak hobekien ezagutzen dituenari, edo bere zenbakiak txukunen kudeatzen dituenari. Guztiei eman nahi genien aukera berbera. Beraz, 10 egun guztientzat, eskaera aurkezteko".
Horren ondoren egingo da zozketa Muñozen arabera, baina "dossierrak aztertzen nondik hasi erabakitzeko". Alegia, zozketa bidez zehaztuko dena, Kultura sailaren arabera, eskatzaileen ordena izango da: "Horrek erabakiko du zein den atendituko den lehen eskaera. Gero, hurrenkeran, beste guztiak atendituko dira. Ez dakigu deialdiaren dirua agortuko den, agian ez; hala ere, deialdi irekietan beti jasotzen da dirua agortu artekoa dela. Zozketa bidez erabakitzea eskaeren ordena, hori ere ohikoa da deialdietan", azaldu du Muñozek.
Greba digitalaren atarian iragarritako laguntza
Euskal kulturgintzako langileek bi eguneko greba digitala iragarri behar zuten egunean informatu zuen Jaurlaritzako Kultura sailak diru-laguntza bereziaz, nahiz eta, arloko zenbait profesionalek nabarmendu zutenez, diru partida hori ez den ezer berria, 2019rako EAJ-PSE gobernuak Podemosen babesarekin onartutako aurrekontuetan aurreikusita zegoen poltsa bati izena aldatzea baizik.
Maiatzaren 12tik aurrera eskatu ahal izango dituzte kulturgileek laguntza hauek eta laguntza egokitzen zaienek ordainketa bakarrean jasoko dute aurreikusitako kopurua, jarduerari dagokion PFEZa atxikita. EAEko buletin ofizialean irakur daitezke laguntzaren inguruko gainontzeko xehetasun guztiak.