argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”
  • Jaizkibel konpainia berdinzaleak ekintza berezia egin du Hondarribiko alardearen egun honetan. Gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako planteamendu batzuk jar ditzala eskatuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko irailaren 08a
Jaizkibel konpainia Gernikako Arbolan.

Alarde hasieran (Gernikako Arbolan) Jaizkibel konpainiak eta gainerakoek bat egitea saihesteko, desplantea egin dute, iaz bezalaxe, Alarde Tradizionaleko konpainiek. Hala, beste behin “alarde baztertzaileak nahi izan du Jaizkibelekiko ezinikusia edo mespretxua adierazi”, diote Jaizkibeletik. Aurten, gainera, Alarde Tradizionalak Jaizkibelekiko duen ezinikusia egun bat lehenagotik geratu da agerian, irailaren 7ko Salbera konpainia berdinzalea ere gonbidatu baitzuen udal gobernuak lehen aldiz, Alarde Tradizionalarekin batera, baina baztertzaileek modua egin zuten ekitaldian Jaizkibelekin bat ez egiteko.

Bestalde, ekintza berezi bat egin du Jaizkibelek astelehen goiz honetan, Hondarribiko jaietako egun handian. Alde Zaharrean gora desfilatu dutenean, alkatea ikusi dutelarik Jaizkibelgo kapitainak gutuna eman dio. Abotsanitz alderdiko Igor Enparan da alkatea, eta aldaketa batzuk bultzatu zituen iaz. Ordura arte udal gobernua zuen EAJk inoiz ez zuen pauso bakar bat ere eman emakumeak alardean desfilatzeko aldarrikapenaren aurrean, eta Abotsanitzen mugimendu txikiek haserrea ekarri dute Alarde Tradizionaleko buruen artean.

Gutunean alkateari azaldu diote urteak pasa direla eskatu zutenetik alarde bakarraren 22. konpainia gisa desfilatu ahal izatea, eta oraindik ez dutela lortu

Kontuak kontu, nahikoa ez dela argi du Jaizkibelek. Konpainiak ARGIAri kontatu dionez, gutunean alkateari azaldu diote urteak pasa direla eskatu zutenetik alarde bakarraren 22. konpainia gisa desfilatu ahal izatea, eta oraindik ez dutela lortu, “beste aldearen hermetismoak ateak ixten dizkiolako konponbidera eramango gaituen edozein aukerari”. Udal gobernuari eskatu diote “ausartak izateko”, eta gogoratu diote “estrategia aldatzeko garaia” dela, “bestelako planteamendu eta aukera batzuk mahai gainean jarri eta dituen eskumenak baliatu” behar dituela. Azken finean, ikuspegia eraldatzeko eskatu diote udal gobernuari, “ez baita sentimendu kontua ezta bizikidetza arazoa ere, eskubide zapalketa den heinean analisia bide horretatik egin behar da”.

Hain justu, halaxe azaldu zion ARGIAri Uxoa Anduaga Jaizkibel konpainiako kideak: “Elkarrizketa sustatzea ongi dago, baina udal gobernuaren estrategiak ez du bide luzerik, helburuak ezin du kontsentsua izan, ez baita kontsentsu kontua, eskubide kontua baizik: herritar batzuon eskubideak urratzen dira, diskriminazio eta zapalkuntza sistematiko bat pairatzen dugu. Bilatzen duzuna bada kontsentsua, eta ez eskubideak berdintzea, elkarrizketan parez pare jartzen badituzu bi aldeak, zilegitasun bera ematen diezu zapaltzaileari eta zapalduari, eta horrek ezin du izan. Ezin duzu zama guztia jarri herritarrek adostasuna bilatu dezaten, korapilo hau askatzeko bestelako bitartekoak behar dira”.