Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Guardia Zibilak eragindako torturak onartu eta Sorzabal errugabetu zuen epaiaren aurka. Sorzabalek bere burua autoinkulpatu zuen gutuna torturen ondorioz idatzi zuela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak maiatzaren 8an; fiskalaren ustez “modu boluntarioan eta libre” autoinkulpatu zen.
1995ean ETAk burututako atentatu batengatik epaitu zuten Sorzabal Auzitegi Nazionalean. Bere erruduntasunerako froga bakarra, ustez Sorzabalek berak ETAko zuzendaritzari idatzitako gutun bat zen, zeinean, besteak beste, atentatu horretan parte hartu izana aitortzen zuen. Maiatzaren 8an emandako epaian, epaileek ebatzi zuten gutun hori inkomunikazio aldian Guardia Zibilak eragindako torturen ondorioz idatzi zuela Sorzabalek, eta berariaz aipatu zuten elektrodoen erabilera. "Proba fisikoak eta psikologikoak tortura alegazioekin bat datoz”, jasotzen du epaiak.
Asteazkenean jakinarazi du Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko duela epaiaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenean. Auzitegi Nazionalak Sorzabal errugabetuta emandako epaia oinarritik kritikatu du fiskalak: “Epaiak baieztatzen du, oinarririk gabe, ustez irizpide juridikoen kontrako zeharkako lotura bat dagoela tratu txarren pean egindako polizia deklarazioaren eta gutunaren artean”. Kontrara, fiskalaren ustetan, Sorzabalek “modu boluntarioan eta libre” idatzi zuen gutun autoinkulpatorioa.
Epai historikoa
Sorzabalen aldeko epaiak erreakzio ugari (eta beste hainbat isiltasun) piztu zituen Euskal Herrian. Besteak beste, Egiari Zor fundazioak “historikoa” dela adierazi zuen, “bere eduki eta irmotasunagatik”. Torturen egileak identifikatu eta epaitzeko asmoz Nazio Batuen Erankundera jotzeko asmoa iragarri zuen Giza Eskubideen Behatokiak. Aiert Larrarte Sorzabalen abokatuak Estrasburgoran joko dutela azaldu zuen, gaur egun Sorzabal Zaballako espetxean mantentzen duen zigorraren froga bakarra gutun bera delako. Euskal Herriko Torturatuen Sareak gainontzeko epaiketa guztietan ere tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu zuen.