argia.eus
INPRIMATU
Inoiz ez aski euskalduna
  • "Sentitu al duzu inoiz konplexurik euskaraz hitz egiterakoan?", galdetu nuen inguruan eta zaparrada izugarria jaso dut erantzunetan. Serieko hirugarrena duzu hau –hemen lehenengoa eta bigarrena–.

Maialen Sobrino López @maia_lehen 2022ko azaroaren 17a

Aliziak esan zidan: “Konplexu pila bat! Euskaldunekin eta erdaldunekin. Euskaldunen artean askotan izan ditut konplexuak. Kakotxen artean esango dut euskaldun berria naizela (ez dakit zer den euskaldun berria izatea), baina tokatu zait euskaldun zaharrekin edo euskaraz kontrolatzen duen jende pila batekin aritzea eta hor agertu da nire konplexua: Euskal Herriko ertzeetakoa eta euskaldun berria naizelako. Nik ez daukat beste batzuk daukaten hiztegia, maila, doinua, hala ere badakit meritua badudala, baina batzuetan sentitzen ditut halako konplexu edo lotsak. Lan arloan tokatu zait ordezkari lanetan aritzea eta bileretara joatea Euskal Herriko ordezkari askorekin, mahai-inguruetan eta halakoetan ibiltzea... Hor bai sentitu naizela pixka bat lotsatuta. Pentsatzen nuen: begira besteek nola hitz egiten duten, nola kontrolatzen duten! Eta niri hasieran asko kostatzen zitzaidan hitz egitea besteen aurrean. Asko da euskara mailagatik edo hori zen nik uste nuena." Nekagarria da publikoki euskaraz edozer egiten den bakoitzean iruzkin filologikoak jasotzea. Nekagarria, gutxienez. Izan ere, euskara akatsez garbitzeko ejertzitoa ari da gerra irabazten, bai, baina lepotik ordainduko dugu, solasten ez den euskaran nekez aurkituko baitute akatsik. Gainera, ez da izanen zuzentasunari gehiegi erreparatzen diogula, preseski, bertze nonbait ditugun gabeziak ezkutatzeko?

Bide berberetik aritu zitzaidan Leire: "Nik ere konplexua izan dut euskalkietan hitz egiten dutenen aurrean hitz egiterakoan. Izan dut eta badut. Askotan euren burua ni baino euskaldunagotzat izatearen jarrera "ezkutua" dutelako edota nik hori nolabait barneratuta dudalako." Euskalkirik gabeko euskaldunentzat beti da EGA azterketaren eguna: beti dute aztertzaile autoizendaturen bat zain, belarri-hiper-prest, ergatibo bakar bat gaizki erabili eta –OUT! tenisean bezala–, ipso facto erauziko diena Euskalduntasunaren Gaitasun Agiria. Penaz, baina halabeharrez, euskaragatik. Aldiz, euskalkiduna bazara esazu "bertze" bat eta, Jauna, ni ez naiz inor zure euskalduntasunean sartzeko. Akats jatorrak barkagarriak dira.

Maitaneren erantzunak ondorioa dakar: "Batetik, euskara batua euskaldun berriekin edo euskara "ortodpedikoarekin" (literalmente esan didate) lotzen dute oraindik ere askok, zoritxarrez. Gure euskara ez da berezkoa, naturala, gurea asmatua da, eta askorentzat ez da polita. Bestetik,  betikoa: hemengoa izateko ondo egiten duzu euskaraz, seguru guraso gipuzkoarrak dituzula. Aurreiritzi horiek euskaraz hitz egiteko konplexua sortzen dute." Gutxiespena, maiz umorez maskaratuta, gainera. Berrehun urte luze aldarrikatzen euskaldun deitu behar zaiola ez soilik euskalkian hitz egiten duenari, baizik eta, are arrazoi gehiagorekin, euskalki guztiak bere eginez euskara batuan aritzen denari.

Kontrako eztarritik joan zaigula euskaldutasuna, alegia, Uxue: "Euskaldunak publikoak dira —begiratuak, epaituak, esanguratsuak— eta haien errepresentazioa etengabeko negoziazio semiotikoaren emaitza da. Askotarikoak izan arren —neurriz, estiloz, esanguraz—, euskaldunek euskaldun generikoarekin dialogatzen dute (haren historiarekin eta etorkizunarekin) inguruko euskaldun errealekin adina."